Familiaren iraganak beti jakin-mina sortu izan du. Zenbat familia istorio, kondaira, zurrumurru eta abar entzun ahal izan dira bazkari denboran? «Aitatxiri entzun nion erreginaren bat izan zela familian»; «uste dut amaren aldetik Txilen badugula familia»... Baina kondaira horiek baieztatzeko ala ezeztatzeko hainbat modu badira, eta horietarik bat da zuhaitz genealogikoa, pertsona baten aitzinekoak eta gerokoak finkatzen dituen zuhaitz itxurako diagrama; irudian, haurrideak bata besteari lotzen zaizkio, eta arbaso komunak erakutsi. Anitzak dira arbola horren osatzeko gogoak, baita moduak ere.
Familiaren iraganean sartzeko lehen pausoa familiakoekin hitz egitea eta informazioa trukatzea dela dio Peio Dibon genealogistak. Ingurukoei dakitena eskatzea: izenak, abizenak, etxeen izenak, helbideak, lanbideak... Horri gehitzen ahal zaizkio familiaren paperezko artxiboak, familia liburuxkak, notario aktak, argazkiak... «Hori da abiapuntua, oinarrizko informazioa eta jakintzak trukatzea. Horrek mugak ditu; beraz, beste iturri batzuk atzeman behar dira urrunago joan nahi bada». Adibidez, egoera zibilaren aktetara jotzea da aukeretako bat: sortzea, ezkontza, heriotzaren datak eta antzeko datuak biltzen dituen dokumentura. Orain, klik baten bidez lortzen ahal dira egoera zibilaren aktak, minutu gutitan, lehen ez bezala.
«Lehen 30 urtez egiten zena egun bakarrean egin daiteke orain», esplikatu du Maialen Berasategik, Geneanet.org zuhaitz genealogikoak sortzeko webguneko langileak. Lehen, eskuin-ezker joan behar zen informazioa biltzeko: artxibategietarat joan, hitzordua hartu, herriko etxeetara joan dokumenturik ba ote zuten galdezka... Egun, teknologiaren aitzinamenduei esker, artxibo dokumentu gehienak numerizatu ahal izan dituzte, orain dela hamar bat urte. Oro har dokumentazioa erraztua izan bada ere, egoera ez da denetan berdin.
«Lehen 30 urtez egiten zena egun bakarrean egin daiteke orain»
MAIALEN BERASATEGI'Geneanet.org'-eko langilea
Europako herrialdeen artean egoera ezberdina da, Berasategik esplikatu duenez: zenbaitzuetan, erraza; beste batzuetan, zailagoa. Aldakortasuna, bereziki, herrialdearen zentralizazioari lotzen dio Berasategik: «Erraztasuna herriak duen zentralizazioaren araberakoa da Europan. Herrialdea zentralizatua bada, orduan errazagoa da, herrialdeko artxibo guztiak ber lekuan artxibatuak izan baitira». Frantzian, kasurako, 1789an izan zen iraultzaren ondotik, Elizak atxikitzen zituen artxiboak artxibo publiko bilakarazi zituzten, denak ber lekuan, denei eskuragarria. Geroztik, Frantziako biztanle guztiek dretxoa dute artxiboak kontsultatzeko, libreki. Egoera zibilaren aktaren sorrerak ere aisetasunak ekarri ditu.
Haatik, Espainian, artxiboak Elizarenak eta pribatuak izan dira. «Horrek dena baldintzatzen du ikusgaitasunari dagokionez. Gainera, Elizak badituen ahalmen ekonomikoekin egiten behar du, eta ez ditu beti ahaleginak artxiboan irakurketa gelak egunero irekitzeko. Horrez gain, Espainian autonomiek askatasun handiagoa dutenez, autonomien arabera arauak eta legeak desberdinak dira». Espainiaren egoera Italiakoarekin ere konparatu du, eta antzeko egoera dutela dio; Frantziarena Portugal eta Poloniarekin da antzekoa: «Han, publikoak diren artxiboen webgune potoloak atzeman daitezke, informazio asko dute, eta gehienetan, kitorik». Azpimarratu du, halere, zenbait lekutan elkarteak edo Facebook orriak sortzen dituztela artxiboak partekatu eta eskuragarri izan daitezen: «Botere publikoek ezin badute egin, jendea antolatuko da hori errazteko».
Euskal Herrian, nola?
Euskal Herrian ere, lekuaren arabera irisgarritasuna ezberdina da, eta horren lekuko da Mikel Urrutia Elizalde. 13 urte zituenetik ari da bere familiaren arbola genealogikoa osatzen, eskuin eta ezker miatuz. Aitzineko gehienak Euskal Herrikoak ditu. Esplikatu duenez, ikerketa egiteko, «errazagoa» da arbasoak Ipar Euskal Herrian ukaitea Hego Euskal Herrian ukaitea baino. Ipar Euskal Herrian, iturri guztiak atzeman daitezke; adibidez, departamenduko artxiboetan, edo Interneten; denei irekiak dira, eta dohainik. «Familia edo arbasoak Hego Euskal Herrian badituzu, konplexuagoa da, sustut Nafarroan. Nik sekulako zailtasunak ukan nituen Nafarroako familia atzemateko». Errege Artxibo Orokorraren adibidea eman du: «Artxibo horiek irakurtzeko Iruñerat joan behar da, baina lekuak murriztuak dira, eta dokumentu batzuk berreskuratzeko pagatu behar da. Luzea izan daiteke. Duela 30 urte egiten zen bezala da, neurri batean».
Euskal Herrian prozesua errazteko, elkarteak eta webguneak sortu dituzte, hala nola Aitzinako.org; webgune horretan, lekuaren arabera informazioa nola bilatu esplikatzen dute.
«Badira Euskal Herriari berezituak diren trabak; bereziki, bi badira. Horiek bai ala bai kontuan hartu behar dira ikerketa denboran. Etxearen izena, adibidez», azaldu du Peio Dibonek. Luzaz, pertsonek etxearen izena baliatzen zuten abizen gisa berezko abizena baino gehiago; horrek, ikerketaren momentuan, «nahasmenduak» sor ditzakeela uste du Dibonek. «XVI. mendera arte abizenak ez ziren linealak. Jendeak abizen bat baino gehiago erabiltzen zuen, edo etxe batetik bestera izena aldatzen zuten, izengoitiak ere erabiltzen zituzten... Eta hori nahaskorra da», gehitu du Berasategik.
«Badira Euskal Herriari berezituak diren trabak; bereziki, bi badira. Horiek bai ala bai kontuan hartu behar dira. Etxearen izena, adibidez»
PEIO DIBON Genealogista
Bigarren traba abizenen grafia da. «Abizenen aldaerei kasu egin behar zaie, belaunaldi batetik bestera ber abizenak idazteko manera desberdinak topa daitezkeelako»: Etxeberri, Etcheverry, Echeverry, Etxabarri... «Ontsa» xerkatu behar dela esplikatu du, «kasu» emanez, beharrezko informazioak ez huts egiteko.
Oraina ulertu
«Nerabea nintzelarik, burasoek anaia skate parkerat eramaten zuten, eta ni, artxiboetarat». 13 urte zituela hasi zuen bidean, Urrutiak gaur egun ez du egun bakar bat pasatzen arbolari pentsatu gabe. «Beti bada zerbait xerkatzeko. Bukaerarik ez duen lana da. Hori da onena!», poztu da Urrutia. Momentuz, aitaren aldetik, 1500. urtera arte jauzi egin du. Urrutiak ez du zuhaitz genealogikoa osatzen izena eta datak zerrendatzeko; familiaren historia ere jakin nahi du: arbasoak nola eta non bizi izan ziren, nolako etxeak zituzten, nola elikatzen ziren, eta nola trabeskatu zituzten historiako momentuak. Ikerketan hainbat gertakari «harrigarri» eta «interesgarri» topatu zituen. Zenbaitzuk aipatu ditu.
Kontatu duenez, haren familian jende xumea baizik ez zen, nekazariak gehienbat, baina horrek ez du esan nahi ezohiko gauzak egin ez zituztenik. «1611n, atzeman dut Juan de Iturralde izeneko arbaso bat, aritu zena jendea atxilotzen inkisizioaren izenean, inkisizioaren baimenik ukan gabe. Horregatik epaitua izan zen».
Ikerketak, gainera, modua eman izan dio bere abizenaren jatorria aurkitu ahal izateko: «Urrutia abizena emazte batetik heldu da. XVII. mendera arte emazteek ere izena transmititzen ahal zuten, emaztea etxaldeko oinordekoa bazen. Urrutia zen emazte horren etxea, eta berak du pasatu ondoko belaunaldiari. Horrelako gauzak ikasten ditut. Liluragarria da».
Zuhaitz genealogikoa egiteko hainbat arrazoi daudela uste dute Dibonek eta Berasategik. «Gehienetan jakin-minari erantzunak atzemateko da. Familietan beti badira kondairak, edo susmoak. Beti entzuten dira atzerrian baditugula kusiak, eta osaba zahar bat. Jende gehiena horregatik hasten da zuhaitz genealogikoa egiten. Ni, adibidez, horrela hasi nintzen, entzun bainuen bagenuela familia Argentinan; beraz, xerkatzen hasi nintzen. Orokorrean, arbola genealogikoak modua ematen du, bide batez, zeure burua hobeki ezagutzeko, nondik heldu garen jakiteko».
Dibonek bat egin du Berasategirekin. Horri zera gehitu dio, sentitzen duela jendeak «beharra» duela familia ezagutzeko. «Euskal Herrian familiak garrantzia badu ere, anitzek gauza guti dakite. Eta beharra dute hobeki ezagutzeko. Beste batzuek, berriz, betidanik dituzten arazo, kezka, beldur esplikaezinak eta antzekoak ulertzeko egiten dute ikerketa. Gertatzen ahal da historian zehar arbaso batek arazoren bat ukan izana, eta belaunaldi batetik bestera pasatzea. Arbola genealogikoak elementu konkretuak ekartzen ahal ditu, eta lagungarriak izan daitezke».