PROPOSAMENAK

Iraganeko bizimoduari bisita

Artziniegako museo etnografikoak ateak zabalik ditu, berriz ere. Hamazazpi aretotan banaturik dagoen erakusketa nagusiaz gain, beste erakusketa bat zabaldu dute playmobil panpinekin

Artziniegako museo etnografikoan ikusgai daude garai batean erabiltzen zituzten tresnak. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Gasteiz
2022ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Batzuek eusten diote oraindik; baina, gaur egun, baserri edo landa bizimodua beherakada bizian dago. Halaber, Euskal Herrian industria ezarri artean biztanle gehienak landa bizimodutik bizi ziren. Industrializazio garaia iritsi arteko bizimodu hori bera du erakusten Artziniegako museo etnografikoak (Araba).

1.700 metro karratuko erakusketa zabala eskaintzen dute, orotara hamazazpi areto handitan banatuta. Museoa ateak itxita egon da azkeneko hilabeteetan, baina uztailaren 11tik berriz ere martxan dira bertako erakusketak. Maiatz amaieratik egon da itxita, eta, bitartean, aurrez eskatutako bisitak baino ez dituzte egin.

Antzinako bizimodua irudikatzen duten erakusketak bi solairutan banaturik daude: behekoan, landa munduko bizimodua dago erakusgai; eta lehenengoan, hirikoa. Erakusketak eraikin historiko zaharberritu batean daude, Artziniega herrian, Arabako ipar-mendebaldean. Aiaraldea kuadrillan dago, Gasteiztik 55 kilometrora.

Industrializazioa heldu baino lehenagoko hiriko zein baserriko bizimodua irudikatzen duen bilduma iraunkorra dago museoan. Lanabesez eta bestelako objektuez horniturik dago, elementu horiekin girotze bat bilatzeko asmoz. Museo etnografikoa izaki, ikusgai dagoen objektu orok gizakiarekin du zerikusia, eta sinismenak, gizarte antolamendua eta bizitzeko moduak irudikatzen dituzte. Hamazazpi aretoetan barrena, bisitaldi gidatuak antolatzen dituzte eta antzinako lanbideak eta ohiturak gogora ekartzen dituzte.

Beste erakusketa bat

Museoa irekita, gainera, erakusketa bat gehiago abiatu dute bertako kideek, Hurrengo geltokia... Artziniega! izenburupean. Hain zuzen ere, uztailaren 10ean egin zuten erakusketa horren aurkezpena eta geroztik ikusgai dago. Erakusketa hori denboraldibaterako izango da, eta bertan lurralde horretako leku esanguratsuak irudikatu dituzte playmobil panpinatxoen bidez. Erakusketa hori hilaren 28ra arte egongo da ikusgai.

Artziniegako museo etnografikoaren irekiera posible egin du hiru aldetako hitzarmen batek; izan ere, 55.000 euroko diru laguntza adostu dute udalak, diputazioak eta Artea Etnografia Elkarteak, museoko sustatzailea denak.

Akordio horrek egonkortasuna eman dio proiektuari, diputazioak urtero 55.000 euroko dohaintza egingo baitu ateak zabalik mantentzeko etorkizunean, eta udala arduratuko da mantentze-lanen gastuez. Itunak museoaren funtzionamendua bermatuko du datozen hiru urte eta erdian, eta konpromisoa hartu dute beste lau urtez, gutxienez, finantzatzeko .

Bisita gidatua erreserbatzeko orduak, asteartetik igandera, 11:00etatik 14:00etara dira; larunbatetan, 11:00-14:00 eta 17:00-19:00 bitartean egiten dituzte bisitak. Astelehenetan itxita dago, Arabako beste museo gehienak bezala. Sarrerak lau euro balio du helduentzat, eta hiru euro taldeentzat.

Artziniegako museoa

Asteartetik igandera: 11:00-14:00. Arteko Aldapa kalea, 12.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.