Ziurrenik Euskal Herriko gazte askok ez du sekula harizti bat bera ere zeharkatu, eta ez du bere barne paisaia nolakoa den ere jakingo. Gure kulturaren eta ondare naturalaren galeraren seinale da hori, dudarik gabe». Iker Iurrebaso paisaiagintzako teknikaria ari da hain zorrotz. Tokian tokiko basogintzaz eta basoko kulturaren ondareaz zenbait hausnarketa egitea erabaki du, beste kide batzuekin batera, eta horren emaitza izan da Baso Ahaztuak izeneko dokumentala. Getxoko (Bizkaia) Eztabaida Gune Antiautoritarioan aurkeztu berri dute.
Iurrebasok aitortu duenez, hasieran pentsatua ez zuten helburu batek bultzatu ditu azken emaitzara arte. «Hasiera batean, saskigintzaz eta basoen kulturaz hausnarketa egin nahi genuen, nola ari garen tradizio zahar hori galtzen eta basoari loturiko jakintza asko ahazten. Gero ohartu ginen baso-kulturaren galera estuki lotuta dagoela pinudien monolaborantzarekin eta, noski, gure gizarte eredu honekin ere bai. Horrela bada, saskigile zaharrak omentzeko eta basogintza eredu berri baten beharraz hausnartzeko tresna gisa aurkeztu dugu dokumentala». Ikus-entzunezko lan hori hiru gazte arratiarrek egin dute: Ibai Pujanak, Maite Iurrebasok eta Iker Iurrebasok berak. Dokumentalarekin 2011ko udan hasi ziren, eta hiru urte hauetan haren gorputza «formatuz eta deformatuz» joan da.
Euskal Herriko basoen aztarnarik zaharrenak Paleolitoan ezarri ziren 1998an Eusko Ikaskuntza erakunderako preseski aurkeztutako ikerketa baten bidez. Datu zaharrenak Arrasateko Lezetxiki kobazuloan aurkitu zituzten, 125.000 urteko antzinatasunarekin. Aztarnak aztertu ostean, ondorioztatu zuten gaur egun Europako hego-ekialdean egon beharko liratekeen floraren aztarnak direla. Ikertzaileen arabera, «horrek erakutsiko luke garai bateko baldintza klimatikoa hezea eta epela izango litzatekeela».
Basoak eta gizakiak izan duten harremana aro ezberdinetatik igaro da, eta gaur egun ezagutzen diren basoek ez dute berezko ezaugarri berdinik izan. Ikerketan azaltzen denez, nekazaritza arora heldu aurretik, gizakia basoak eskaintzen zizkion baliabideez baliatzera mugatzen zen, inolako ustiapenik gabe. Hala ere, hori guztia aldatu egin da azken 6.500 urteetan: ingurumenaren kontrako talka nabarmena izan da, eta baso-soiltze prozesuak are ikusgarriagoak bihurtu dira.
Ideia horrekin bat datoz Baso Ahaztuak dokumentalaren arduradunak, eta «basoen» eta «zuhaitz landaketen» artean ezberdintzeko eskatu dute: «Bizkaian eta Gipuzkoan, batez ere, pinu landaketak ditugu, eta horiek, alde ekologikotik, ez dute baso ekosistema batek daukan bioaniztasun guztia. Ez dira gauza bera. Basoak, egur produkzioaz haratago, beste mila gauza dira».
Hala ere, pinudiek basogintzaren hainbat sektoretan duten irudi txarra aldatzen saiatu da Bizkaiko Milurteko Ekosistemak Ebaluatzen dituen Nazioarteko Programa. Duela hilabete batzuk kaleratutako ikerketa baten arabera, «pinudia oso onuragarria da aurretiaz berezko edozein baso mota egon den lekuetan. Belarren, haritzen edota arteen sustraiak pinuen sustraien azpitik hedatzen dira, eta, horrela, basoak birpopulatzea errazten dute».
Karbono dioxido igorpena
Iurrebasoren arabera, azken hamarkadetan «intentsitate maila handiko ustiaketa eredua» bultzatu da. «Higadura edo lurzoruaren galera ekarri duten praktikak erabili izan dira. Kudeaketaren aldetik, erabat produktibistak izan gara». Aurrerantzean zein ustiatze eredu ezarriko den galdeginda, Iurrebasok uste du Europa aldean hainbat esperientzia interesgarri egon daitezkeela: «Kontserbazioa bermatu, basoaren erabilera askotarikoak orekaz ezkondu, mendeetako estrategia iraunkor baten diseinua marraztu, egurraren kalitatezko ustiaketa zaindu, ikerkuntza bultzatu, jendartea informatu, eta, batez ere, interes ekonomiko eta partikularra ez daitezela oro har gailendu. Gure uste apalean, osagai horiekin osatu beharko genuke gure biharko basoa».
Bartzelonako Unibertsitatekoikerlari batzuek ondorioztatu dute XXI. mendeko bigarren erdialdean Iberiar penintsulako ekosistemek xurgatzen dutena baino karbono dioxido gehiago igor dezaketela. Ikerketa Ecosistemas aldizkarian argitaratu dute, Espainiako Lur Ekologia elkartearen babespean. Hain emaitza deigarria lortzeko, GOTILWA+ simulagailu berria erabili dute. Simulagailu horrek basoen hazkuntza erakusten du, klima aldaketan gertatzen diren baldintza ezberdinetan zein emaitza lor daitezkeen ikusteko.
Iraganeko basoen oinatz desagertua
Gaur egun Euskal Herrian ezagutzen diren basoak garapen historiko baten emaitza dira; horien aurrekariak eta etorkizuna azaltzeko, dokumental bat aurkeztu dute hainbat adituk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu