Ezarian. Labe Garaiak

Iraganeko argiei begira

Bizkaiko Labe Garaien inguruko bi erakusketa jarri dituzte itxi eta 16 urtera. Memoria berreskuratzeko ariketa gisa ikusten dute langile ohiek.

Meatzaritza museoan jarrita dagoen erakusketako irudi bat. Labe garaiak itxi aurreko urteetan hartutako argazkia da. JAVIER RODRIGUEZ.
Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Bilbo guztia argitzen dute Barakaldoko labeek», horrela dio herri kantu batek. Bizkaiko Labe Garaiek ia mende batez eman zieten argia Bilbori eta Bizkaiari. Argi horiek itzali zirela 16 urte igaro dira, baina oraindik distira horrek iraun egiten du. Horren adierazgarri dira, esaterako, Barakaldoko Siderurgia integraleko langileen fundazioan edo Gallartako Meatzari museoan jarri dituzten erakusketak. Iraganeko labe garaiak gogora ekartzen dituzten bi argazki erakusketa dira, Iñaki Markina eta Javier Rodriguezenak, hurrenez hurren. Markinak muntatzeen bidez egindako hainbat irudi jarri ditu ikusgai, eta Rodriguezek labe garaiak itxi aurretik bertatik bertara atera zituen zuri-beltzeko argazkiak eraman ditu Meatzari museora. «Argazki asko ezkutuan atera zituen, eta batzuetan kamera ere konfiskatu zioten», dio Miguel Angel Martinezek, Bizkaiko Labe Garaietako langile ohi eta euskal siderurgiaren inguruko hainbat libururen egileak.

Denbora gutxian zabaldu dituzte ezkerraldean sustraituta zegoen Bizkaiko Labe Garaien inguruko bi erakusketak. «Bertako memoria historikoa berreskuratzen ari den seinale; baina enpresa itxi eta gero hasi gara ohartzen enpresak utzi zuen oinordekotza, ez zabalik zegoenean», Martinezek dioenez. «Zabalik zegoenean nahikoa lan bagenuen geurearekin», dio Tomas Ariza langile ohiak. Martinezek, Arizak eta Vicente Villa Bizkaiko Labe Garaiak itxi ziren arte egon ziren bertan lanean, «fabrikan denbora gehien eman genuen belaunaldiko kideak gara, 35 urte eman baikenituen denetara», Martinezek gogoratzen duenez.

Labe garaien itxierak sekulako tristura sortu ziela onartzen dute hirurek, «inork ez genuen sinesten itxiko zutenik, bizitza guztirako fabrika zela uste genuen», Martinezek dioenez. Ingeniari sailean ari zen, eta enpresaren garapenerako garrantzitsua zen proiektu bat bertan behera utzi zutenean ohartu zen itxiera berehalakoa zela. «1996an itxi bazuten ere, urte bat gehiago egon nintzen huste lanetan laguntzeko». Gero Etxebarri enpresara joan zen, eta duela urtebete hartu du erretiro aurreratua.

«Nire aitona, aita eta ni ere bertan erretiratu gara», azaldu du Villak. 14 urterekin hasi zen Bizkaiko Labe Garaien ikastetxean ikasten, eta birmoldaketa hasi zenera arte egon zen fabrikarekin harremanetan. 1996an itxiera iritsi zenean, ACBra joan zen, eta erretiroa hartu berria du, 60 urterekin. Bizkaiko Labe Garaien oinordeko zuzena izan zen ACB, eta hara joateko «lortutako hainbat eskubideri muzin egin behar izan nien, bestela lanpostua galtzeko arriskua baineukan», dio. Besteak beste, erretiroa hartzean jasotzen zuten gehigarriari muzin egin zion, «eta hori orain hasiko naiz sumatzen».

Arizak, ordea, Villak galdutako eskubideei eutsi ahal izan zituen, Labe garaiak itxi zirenean erretiro aurreratua hartu ahal izan zuelako; 53 urterekin, hain zuzen ere. 65 urte beteko ditu orain, eta erretiroa jasotzen hasiko da, gehigarri eta guzti. «Horren gazte erretiratuta geratzea zaila izan zen niretzat, lanerako balio bainuen oraindik». Langile fin eta on asko zegoen fabrikan, eta horrek eragin handia izan zuen itxieran, haren ustez.

Itxiera ekidinezina

Bizkaiko Labe Garaietan baliabide gehiegi zegoela uste du Arizak, eta horrek eragina izan zuela. Barakaldon eta Sestaon egoitza nagusiak zituen enpresak lehiakortasuna galdu zuen, eta Espainiatik zetozen laguntzei esker ari zen irauten itxieraren aurretik. «90eko urteetan altzairu gehiegi zegoen, eta Europako Batasunak birmoldatzeko dirua jarri zuen; beraz, unea aprobetxatu zuten», zehazten du.

Hamarkada bat lehenago, ordea, beste birmoldaketa bat ere egin zuten labe garaietan. 1984an puntako teknologia jarri zuten, «eta orduz geroztik lan indar gutxiago behar zen», dio Villak. Ordura arte, indarraren bidez lan asko egiten zen, baina makinak hartu zuen gizakiaren indarraren ardura. «Askok diote, ordea, birmoldaketa hori ongi egin zelako itxi zela fabrika hurrengo urteetan», Arizak dioenez. Labe berriak zaharren alboan utzi zituztela dio.

«Baina hemen esparru geografiko mugatua geneukan, beraz, lanean jarraitu ahal izateko, zaharraren aldamenean eraiki beharra zegoen berria», Martinezek zehazten duenez. Aldaketak aldaketa, 1984 ondorengo urteak «onenak» izan ziren, Villarentzat. «Indarraren ordez, logika erabiltzen hasi ginen langileok».

Ordukotik gutxi geratzen da orain. ACB lan erregulazio espediente batekin daude, eta siderurgia indarra galtzen. «Ez da behar bezalako apusturik egiten», diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.