Aspaldi irakurri nuen, egun bakar bat omen dugula geure alde zerbait egin ahal izateko: gaurkoa, hemen eta orain alegia; izan ere, etorkizunaz kezkatzen garen arren, gure orainak osatuko ditu, neurri handi batean, etortzear diren egun eta urte horiek. Baita, noski, kontrolpean ez ditugun gertaerek ere… Baina hori da: ezin kontrolatu etorkizuna.
Iragana? Hitzak berak dioen bezala, joan da jada; duela minutu batzuk edo urteak agian, baina ez dago gertaera aldatzerik. Hala ere, orainean bizitzeko, eta etorkizunera begira proiektatzeko ere, iraganak neurri batean baldintzatzen gaituela sentitzera irits gaitezke. Nola? Iragandako bizipen, sentimendu eta oroitzapenak askatu ezinik gelditzen garenean, nahiz mingarriak edo oztopozkoak izan. Iraganeko bizipenen ateak zabalik eta bideratu gabe gelditzen direnean, orainean aritzeko energia zatikatua dago, lehendik zabalik dirauten ate horietatik ihes egingo balu bezala.
Denboraren tunel delako horretan atzerantz bidaiatuko bazenu… zer-nolako paisaiak ikusiko zenituzke ibilbidean? Eta iragandako urte eta garai horiek argazki edo iruditan jasoko bazenitu, zer-nolako argazki albuma osatuko zenuke?
Eman dezagun argazki album horretan askatu beharreko bizipen ilun eta mingarriak topatzen dituzula; hobe hala ez balitz, baina hori gertatuz gero, minutu batzuk hartu eta zeure barnean jar ezazu arreta: argazki horiek irudikatzerakoan, zure gogamenean eta zure gorputzean uzten duen arrastoa senti ezazu. Merezi ote oroitzapen horiek gordetzen jarraitzea? Dagoeneko ez al da hori guztia askatu eta arintzeko garaia iritsi? Nola? Esango diozu zeure buruari seguruenik… Hasteko, behintzat, beharrezkoak ez diren pentsamendu eta oroitzapenak husteko konpromiso irmoa hartuta, horretarako erritualen bat erabili behar baduzu ere. Horiek idatzi, eta, ondoren,erretzea, desegitea... esate baterako.
Aldiz, oroitzapen argitsu eta aberatsak nagusi badira, orduan, bejondeizula. Sar itzazu oroitzapen horiek zure bizitzaren maletan, aurrera egiteko indarra emango baitizute.
Osasuna. Adimen emozionala
Iraganaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu