Iragana laztandu

Orhi mendiaren altzoan, Orhipean besta egingo dute otsagabiarrek. Duela ehun urteko ohiturak asteburu batez mantentzea dute helburu

Olatz Azpirotz Larzabal.
Iruñea
2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Otsagabiko (Nafarroa) herritarrei XX. mendeko herriko bizimoduaren sustraiak ureztatzeko eta sendotzeko garaia iritsi zaie. Herriko jatorria gogoratu nahian, orain dela ehun urte inguruko bizimodua ekartzen dute gogora iraganetik orainera. Aurten, ostiral iluntzearekin batera hasiko dute Orhipean besta. Bailarari izena ematen dion ibaiaren ertzean izango da hasiera, eta kalejira batekin zeharkatuko dituzte herriko txokoak. Egun handia, ordea, larunbata izango da.

Iraganaren eta orainaren arteko hartu-emana larunbatean, 09:30ean, hasiko da ezkilen doinuekin. Bestaren egun garrantzitsuenean, herritarrek garaiko jantziak jarriko dituzte soinean. Orduko arropari erreferentzia egiteaz gain, XX. mende hastapeneko lanbideak ekarriko dituzte orainera: bizargina, artatzailea, gari-jotzea, artilearen lanketa, ogi mamien ekoizpena...

Horretaz gain, egunerokoa ezagutzeko aukera egongo da, goizean herritarrak etxeko eta bordako bizimoduak ikustera joango baitira.

Bazkalostean giroak ez du etenik izango. 17:00etan, bandoak herritarrei deituko die elizan angelikak ikusteko. Horren ostean, eguna amatzeko, kalejira bat egingo dute herriko kaleetatik, 19:30ean dantza jaialdia hasi arte. Jaialdi horretan, antzinako dantzak eskainiko dituzte,gaueko ordu txikiak arte.

Otsagabiko herritarrek Orhipean besta antolatzen duten 15. urtea da. Aurreko urteetan, Bardeara joateko, XX. mendean ohikoa zen ibilbidea egiten zuten hainbat artzainek. Hala ere, ohitura hori aurten ez gorde arren,harrizko kale estuak gazta usainarekin, garaiko arropen koloreekin eta kalejirekin beteko dira berriz ere. Beste urte batez iragana oraina bihurtuz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.