Herriko biztanleek antolatu dituzte gaurko ekintzak, eta horietan parte hartuko dute. Gaur egingo duten jaialdian, hainbat pertsonaia antzeztuko dituzte herritarrek: gorulariak edo ardazlariak, garbitzaileak eta bizarginak, besteak beste.
Egun desagertuta dauden lanbideak ere aintzat hartuko dituzte herritarrek, eta ofizio horiei arreta jartzeko aukera edukiko dute Otsagabira joango diren bisitariek. Hala, txerrien hilketak edo matatxerria birsortuko dute egun osoan, baita gari jotzea eta soken lehen lehorketa ere. Era berean, iruleak haritzen eta artilea astintzen arituko dira. Duela mende bateko etxeetako bizimodua ere antzeztuko dute herritarrek, eta modu tradizionalean ekoitziko dute gazta.
Kalejira eta herriko dantzak
Ogi mamiak dastatuko dituzte 11:00etan, artzainak igarotzen diren bitartean. Arratsaldean, ostera, hainbat ekintza antolatu dituzte Orhipean jaialdian. Angelikak ikustera joango dira herriko elizara, 17:00etan. Otsagabiko Gabon kanta da Berrus-a, eta hori jotzen hasiko dira 17:30ean. Kalejira 18:30ean egin eta gero, antzina dantzatzen zuten moduan dantza egingo dute (19:00etan). Otsagabiko dantzekin jarraituko dute segidan plazan, 20:00 eta 02:00 artean.
Igandean, berriz, bisita gidatuak egingo dituzte Muskildako baselizara. Hiru ordutan egingo dituzte bisita gidatuak: 12:00etan, 17:00etan eta 19:30ean.