Irabazirik izan ez arren, egon

Sarean musika entzuteko gero eta euskarri gehiago daude, eta horien artean, gero eta lehia handiagoa. Egun, goitik behera aldatu da musika kontsumitzeko era, eta, 'streaming' bidezko entzunaldiek dirurik eskaintzen ez duten arren, ikusgarritasuna behar dela diote diskoetxeetatik.

BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2015eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Eredua aldatu da, eta, horrekin batera, baita kontsumitzeko moduak ere. Azken hamar urteotan goitik behera aldatu da musika entzuteko era. Internet bidez deskargatuta entzunez hasi, eta sarean bertan streaming bidez entzunez kontsumitzen da musika gaur egun. Eta horrek berekin ekarri du aniztasuna. Sarean musika entzuteko plataforma ugari sortu dira denbora horretan, besteak beste, Spotify, iTunes, Deezer, Youtube, Bandcamp edo Sondcloud. Bakoitza bere ereduarekin. Euskarri horiek guztiak dauzkate parez pare diskoetxeek, eta horien artean aukeratu behar izaten dute, nahiz eta gehienetan atari denetara jotzen duten. Angel Valdes Elkar musika etxeko ekoizleak, eta Ritxi Aizpuru Baga-Bigakoak azaldu dute euren aukera zein den: The Orchard nazioarteko banatzailearen esku uzten dute euren katalogoa, eta eurek bideratzen dute musika hori guztia euskarri guztietara. «Gaur egun, horietan guztietan egon beharra daukagu, geure burua ezagutarazteko. Horiekin ez dugu negoziorik egingo, baina egon beharra dago», azaldu du Valdesek.

Euskarri bakoitzak, ordea, esklusibotasuna nahi du, eta, ildo horretan, bakoitza bere jokoa egiten ari da. Apple erraldoiarena den iTunesek, esaterako, Europako hainbat diskoetxerekin akordioa lortu du, musika euren euskarrian bakarrik edukitzeko. Datozen hilabeteetan, musika streaming-ean entzuteko euskarri bat plazaratuko dute, eta Europako Batzordeak susmoa du akordio horrek lehia askea urratuko ote duen. Hau da, bere tamaina aprobetxatu, eta diskoetxeak doako beste euskarriak baztertzera behartzen ari ote diren susmoa dute Bruselan. Horregatik ari dira diskoetxeekin lortutako adostasun hori ikertzen.

Albiste hori plazaratu berritan aurkeztu dute, bestalde, streaming bidez musika entzuteko beste plataforma bat: Tidal. Beyoncee eta Jay-Z musikari estatubatuarrek bultzatutako ekinbidea da, gainerako euskarrietan musikari ematen ez zaien «duintasuna berreskuratzeko». Martxo amaieran egindako aurkezpenean nazioartean sona handia duten hainbat musikari komertzial ere bazeuden: Madonna, Rihanna, Arcade Fire, Daft Punk, Jack White edo Alicia Keys, besteak beste. Spotify euskarriari lehia egiteko sortu dute, hilean 20 dolarren truke 25 milioi abesti eta 75.000 bideo ikusteko aukera eskainiz. Baina Spotifyen musika doan entzuteko aukera ere badago. Bakoitzak bere negozio ikuspegia dauka, eta itsaso zabal horretan euskal diskoetxeak «ezdeusak» dira. Horregatik, ekoizpen etxe handienek sortzen dituzten bideetatik jarraitu beste aukerarik ez daukatela dio Valdesek. «Bide hori geratzen zaigu, oraingoz, gure indarra eta potentziala zein den ikusi arte behintzat».

Diru ekarpen eskasak

Elkarreko ekoizleak konturatu orduko egiten du euskarri fisiko eta digitalaren arteko alderaketa. «Bi negozioak oso ezberdinak dira, eta irizpide ezberdinak hartzen dira kontuan». Euskarri fisikoen edo diskoen salmentan, esaterako, musika dendetara bidaltzen den zerrenda bat dagoela azaldu du. Zerrenda mugatua. «Dendek muga fisiko bat daukate, eta, horregatik, denda horietan egon beharko liratekeen diskoen zerrenda bat izaten da hori». Euskarri digitalean, ordea, negozioa bestelakoa da. Gero eta musika gehiago eduki, orduan eta ekarpen handiagoa eragiten die horrek musika entzuteko plataformei, eta baita diskoetxeei ere. Eta adibidea ere jarri du. Spotifyn abesti bat entzuten den aldiro, diskoetxeak 0,008 euro irabazten ditu iragarkiei esker. «Gure tamainako diskoetxe batentzat hori ez da errentagarria, euro bat lortzeko entzunaldi asko izan behar dituzulako eta ondoren hori musikariarekin banatu behar da». Baina Elkarrek eta Baga Bigak The Orchard banatzaileari uzten diote euren katalogoa hainbat euskarritan eskuragarri jartzearen truke. «Guk bezala, mundu osokodiskoetxe independente askorekin egiten dute lan; beraz, milioika abesti baldin badauzkate, errazagoa da eurentzat negozioa egin ahal izatea». Eurek, bien bitartean, ikusgarritasuna lortzen dute.

Hori nabarmendu du, halaber, Aizpuruk, sarean egoteko hautua ez dela ekonomikoa. «Nik ahalik eta erakustoki gehienetan egon nahiko nuke, nahiz eta jakin badakizun horrek ez dizula salmentarik bermatuko. Ikusgarritasuna lortzen duzu, kontrara». Hau da, sarean entzungai dagoen musika ondoren disko bat erosteko amu gisa ikusten du, sarean egoteak eurei ez dielako eragiten irabazi ekonomikorik ia. Eta kontrara, gaur egun, diskoetxeek oraindik diskoen salmentei eta bestelako zerbitzuei esker irauten dute.

Beraz, bateragarriak izan dira hautu digital eta fisikoa. Eta horren adibidea eman du. Vendetta talde nafarraren azken diskoa sarean jarri zen eskuragarri formatu fisikoan salgai jarri zen egun berean. «Euskal Herrian lehenengoak izan ziren, gainera, diskoa doan jaisteko aplikazio bat sortzen». Apustu hori egin arren, inoiz baino disko gehiago saldu dituztela nabarmendu du Aizpuruk. «Digitalean ere jende askok hartu du diskoa, baina ez dio fisikoari zenbakirik kendu». Berdingertatu zaio Berri Txarrak taldeari ere. Azken lana aurkeztu bezain pronto jarri zuten diskoa Youtube eta Bandcamp euskarrietan entzungai, eta, hala ere, gehien saldutako diskoetako bat izan zen Durangoko azokan.

Hain zuzen ere, azoka hori ekarri du Aizpuruk gogora, diskoen salmenta bermatzen duen plaza delako. «Kontsumitzeko eredu ezberdina daukagu, oraindik diskoak saldu egiten baitira. Zentzu horretan, Durangoko Azokak funtzionatzen du, joaten denak zerbait erosten duelako». Gainera, adin denetako pertsonek jarraitzen dute erosten, haren arabera. «Deigarria egiten zait, gazte jendea oraindik duela 25 urteko taldeen diskoak erosten ikustea».Sarean izaten dute iraganeko taldeen berri, eta ondoren jotzen dute diskoak erostera, «lehen baino gutxiago egiten duten arren». Hori horrela izan dadin, kantu berrienak eta iraganekoak egon behar dute sarean, Valdesen ustez. «Jakin behar dugu nondik gatozen, gure musika ezagutu».

Asmo horrekin, duela gutxi Elkarrek kudeatzen dituen Oihuka eta Esan Ozenki diskoetxeen katalogo osoak iTunes euskarrian jarri dituzte. «Musikaren bidez,gure herriaren historia kontatu nahi dugu, eta, horretarako, bi diskoetxeen katalogoak oso garrantzitsuak izan ziren bere garaian». Gaur egungo euskarrietan entzungo dira, beraz, 1980koeta 1990eko hamarkadetan hain ezagun egin ziren doinuak. Ildo horretan sakontzen segitzeko asmoa azaldu du Valdesek, eta diskoetxe zaharragoen eskaintzak ere sarean jarriz.

Euskarazko lanak bultzatu

Hain zuzen ere, une honetan Internetek betetzen du iraganean irratiak betetzen zuen funtzioa. Hau da, abesti zaharrenak eta berrienak entzun eta ezagutzeko aukera eskaintzea. Hala baieztatu du Jon Eskisabel Badok.eus atariko kudeatzaileak. Webgunea ere asmo horrekin jaio zen, «euskal musikaren datu base bat sortzeko, eta euskal musika ikusarazteko». Lehen urteetan, 1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko euskarazko musikarien biografia bilketa lana egin zuten, «lan entziklopedikoa», baina joan den urteko maiatzetik berrituta dago ataria. Egungo beharretara egokituta. Diskoetxe eta musika taldeek ateratzen dituzten azken berrikuntzen berri ematen du egun atariak, eta musika entzuteko erreproduzitzaile bat ere badu. Musika streaming bidez entzuteko hainbat plataformatatik —Spotify, Youtube, Deezer, Bandcamp eta Soundcloud— hartzen ditu abestiak erreproduzitzaileak, eta denak euskarri beretik eskaini. «Beraz, plataforma askotarikotan dagoen musika bateratuta eskaintzeko aukera ematen du erreproduzitzaile honek».

Atariak berak duen asmoa bezala, musika entzuteko garaian, egungo eta iraganeko talde eta musikarien kantuak entzun daitezke hor bertan. Egungo teknologia eta musika kontsumitzeko moduak ez ditzan iraganeko doinuak ahaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.