ATZEKOZ AURRERA. Alejandro Larrode. Aquariumeko kontserbatzailea

«Ipurtarina zen Migel Antonio Mutiozabal»

Euskal Herriko nabigatzaileetako asko ezagunak dira; ontzigintzan aritu ziren diseinatzaileak eta arotzak, aldiz, ez. Mutiozabaldarrak ontzigile garrantzitsuak izan ziren, eta erakusketa bat eskaini diete Aquariumean.

BERRIA.
jakes goikoetxea
Donostia
2023ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Mutiozabal ontzigileen familiari buruzko erakusketa antolatu dute Donostiako Aquariumen. Familiaren hiru belaunaldi aritu ziren ontziak eraikitzen Oria ibaiertzean, bai Aginagan (Usurbil, Gipuzkoa), bai Orion (Gipuzkoa). Alejandro Larrode (Donostia, 1974) Aquariumeko kontserbatzailea da erakusketaren arduradunetako bat.

Zergatik egin duzue mutiozabaldarrei buruzko erakusketa bat?

Jesus Mari Perona itsasontzi modeloen egileak planoen bilduma bat entregatu zion Aquariumari 1980ko hamarkadan. Ez zen katalogatu duela hogei bat urte arte.

Bilduma garrantzitsua al zen?

Bakarra hemen: XVIII. mendearen amaieratik XX. mendearen hasiera arteko epea hartzen baitu. Euskal Herrian ez dago garai hartako dokumentaziorik edo ontzien planorik. Ez dago ezer egurrez eraikitako ontziei eta ontzi txikiei buruz (txalupak, traineruak...); hau da, era horretako bakarra da. Horregatik egin dugu erakusketa.

Mutiozabal familiaren hiru belaunaldi aritu ziren ontziak egiten Oriaren ertzetan. Nola hasi ziren ontzigintzan? Baserrian lan egiten zuten.

Uste dut baserri bateko maizterrak zirela. Usurbil inguruan errotuta zeuden. Ziurrenik, inguruko ontziolaren batean ikasiko zuten ofizioa, eta ontziak egiten hasi ziren.

Familia xumea zen, baina diruduna eta boteretsua bihurtu zen gero.

Bigarren belaunaldiak ondare nabarmena zuen, eta hirugarrenak, gaur egun esaten den moduan, aktiboak dibertsifikatu zituen.

Zertan?

Aroztegi bat izan zuen Zarautzen, luxuzko altzariak egiteko; ur jauzien sare bat Aian, argindarra sortzeko; Alemaniako armadaren fusiletarako kirten azalak egin zituen; antxoak-eta gazitzeko lokalak alokatu zituen, eta gero Herbehereetara, Belgikara eta Italiara bidaltzen zituzten. Gainera, Migel Antonio, hirugarren belaunaldiko kidea, Orioko alkate izan zen urte askotan.

Mutiozabaldarren hiru belaunaldi aritu ziren ontziak eraikitzen, baina hirugarrena nabarmendu duzue, Migel Antoniorena. Zergatik?

Batetik, haren argazkia baino ez dugulako [barreak]; bestetik, hark eutsi ziolako aitonarengandik eta aitarengandik jasotako tradizioari, baina, era berean, modernotasuna sartu zuelako.

Adibidez?

Hemen eraikitako lurrun makina zuen inguruko lehen baporea egin zuen. Lasarte-Orian egin zuten lurrun makina. Migel Antoniok egin zuen apustu teknologikoaren adibideetako bat da, eta horregatik pentsatu dugu familiaren eredua zela.

Ekintzailea zen.

Izugarria. Ipurtarina zen. Gauza batzuk ondo atera zitzaizkion; beste batzuk, aldiz, ez.

Migel Antoniok familiako negozioa hartzerako, haien ontziola erreferentzia zen?

Bai, Gipuzkoan eraikitzen ziren ontzien erdiak haiek egiten zituzten.

Kalitateagatik?

Arrazoi askorengatik. Ontziola txikia zen, ibaiertzeko aroztegi bat, baina gutxi eskaintzen ziren itsasontziak egiten hasi ziren: traineruak, ontzi txikiak... Baita fragatak eta bestelakoak ere.

Fragatak? Ontzi handiak dira. Bazituzten instalazioak halako ontzi handiak egiteko?

30 metro ingurukoak edo handiagoak ziren. Ontzioletako itsas eraikuntza bi urratsetan egiten zen: kroskoa ibaiertzetan egiten zuten, eta, ez zuenez hainbeste pisatzen, uretaratu eta portu sakonagoetara eramaten zuten, han bukatzeko, mastak eta aparailuak jarrita.

Hala ere, ontzi txikiagoetan espezialistak ziren.

Traineruak, arrantzarako traineruak, motor txiki bat zuten traineruak, txalupak, txalupa olanadunak, gabarrak —portuetan eta ibaietan zama garraiatzeko—... Ontzi batzuek aire kutxak zituzten gainaldearen azpian, ez hondoratzeko. Ontzia, iraulita ere, ez zen hondoratzen.

Noiz utzi zioten ontziak egiteari?

1927an. Alokatu egin zuten ontziola.

Zergatik?

Migel Antonio zaharra zen, eta uztea erabaki zuen. Oinordekoek ez zuten jarraitu. Gainera, egurrezko ontzien eskaria asko jaitsi zen garai hartan, burdinazko ontziak eskatzen baitzituzten batez ere.

Orioko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zaharberritu dute Mutiozabal ontziola. Salbuespena da halako zerbait egitea?

Bai, hau da garai hartatik irauten duen Gipuzkoako ontziola bakarra.

Itsas ondarea galtzen ari al gara?

Bai, arlo askotan gertatzen ari da.

Ezagutzen dira nabigatzaileak, almiranteak...; ez, ordea, haien itsasontziak egin zituztenak. Badago zor historiko bat haiekin?

Oso gutxi ezagutzen dira; asko galdu dira. Zorionez, Jesus Mari Peronaren eta Mutiozabal familiaren ekarpenei esker lortu dugu familia hau ez ahaztea. Ontzigile nagusiak izan ziren XIX. mendean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.