ATZEKOZ AURRERA. Itziar Rekalde. Kontalaria

«Ipuinak bidaia emozionalak dira»

Arte eszenikorik oinarrizkoena da ahozko narrazioa Rekalderen ustez; ipuinek botere handia dutela dio, unibertsalak direlako eta emozioak dituztelako. Ozetako ipuinen egunean parte hartu du.

Ilargi Agirre.
2015eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Hogei urte baino gehiago daramatza istorioak kontatzen Itziar Rekaldek (Bermeo, 1955), baina ez daki oraindik zein den ahozko narrazio on baten giltza. «Katarsi» bat sentitzen du, hala ere, emanaldia ongi ateratzen denean. Ozetan (Araba) asteburuan egin berri duten ipuinen egunean parte hartu du.

Zuri nork kontatzen zizkizun ipuinak haurra zinela?

Aitonak kontatzen zizkigun istorioak senide guztiei. Familia osoa lau solairuko etxe batean bizi ginen Bermeon [Bizkaia]. Baina ez dut uste pasarte hura erabakigarria izan zenik nire ondorengo ibilbidean.

Zer ematen dizu kontalari izateak?

Mimo eta clown-arekin batera, arteeszenikorik oinarrizkoena da ahozko narrazioa. Jendearen eta kontalariaren artean sortzen den energia oso indartsua da. Hasi nintzenean ulertu nuen zer zen jendaurreko katarsia, eta, harrezkero, horren bila nabil.

Eta nola lortzen da katarsia?

Batzuetan ongi ateratzen da [barrez].

Batzuetan bakarrik?

Normalean ongi pasatzen dugu, eta batzuetan soilik lortzen dugu katarsia. Ipuinak ez dira jendearentzat kontatzen, ipuinak jendearekin batera kontatzen dira. Kontalari batek ez du istorio baten deskripzioa egiten. Guk hutsik dagoen tokian mundu oso bat jartzen dugu, bere paisaia, soinu, sentsazio eta usainekin.

Imajinario kolektibo bat sortzen dela diozu.

Bai. «Udaberria zen», esaten badut, norberak bere udaberria irudikatuko du. Baina, era berean, paisaia horrekin imajinario kolektibo bat sortzen dugu denok batera. Ipuinek bidaia emozional bat kontatzen dute, eta botere handia dute, unibertsalak direlako eta emozioak dituztelako barnean.

Maisurik izan al duzu?

Bai, asko. Pedro Madoz izan zen bidea ireki zidana hasieran, eta gero taldean gaudela lagunartean zerbait kontatzen hasten den edonor.

Jose Migel Barandiaran ere asko gustatzen omen zaizu.

Bai, asko irakurri diot. Jose Migel Barandiaranek Alemanian amaitu zituen ikasketak, eta irakasleari galdetu zion ea zer gomendatzen zion handik aurrera. Irakasleak bere herrira itzuli behar zuela esan zion, han zegoen guztia ikusi eta entzuteko. Kontalari batek ere hori egin behar du: bizi. Ezin dugu transmititu ez daukaguna eta sentitzen ez duguna. Hor dago gakoa.

Ipuinak helduentzat ere ba al dira?

Ahoz transmititzen diren istorioak beti izan dira unibertsalak. Gehienetan helduen artean kontatzen ziren, garai batean. Kontua da denak nahastuta egoten zirela espazio berean, haurrak ere bai. Haurrek ez dute jakiten emozioak izendatzen, eta ipuinek hain justu emozioak identifikatzen dituzte, protagonisten bidez.

Zer moduzkoa da ipuin kontalarien egoera Euskal Herrian?

Ahozkotasuna ikus-entzunezko hizkuntzen aldean gutxietsita geratu zen orain dela urte batzuk, eta pixkanaka tokia berreskuratzen ari gara.

Aintzat hartzen zaituztete beste artistekin konparatuta?

Bitxia da. Liburutegietan izaten dugu gure txokoa, irakurketa sustatzeko, baina ez ahozkotasuna bultzatzeko. Hala ere, dantza, kantu, antzerki eta kontaketak edonon du lekua.

Ipuin bat aukeratu beharko bazenu...

Ahatetxo itsusia-rena gustatzen zait, sinbolikoki esanahi handia duelako. Gizarte batean lekuz kanpo gaudenon isla da.

Gaudenon?

Batzuetan gizartearen konbentzioaren barruan oso eroso sentitzen naiz, baina beste batzuetan ez.

Antzerkian eta Ipuin Lapikoa egitasmoarekin ere bazabiltza.

Bai. Antzerki obra berri batekin gabiltza. Familiaren ahozko memoria berreskuratzeko proiektu bat da Ipuin Lapikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.