Mapek identitateak sortzen dituzte. Historian zehar, mugak, toponimoak, mozketak eta kolore ezberdinak erabili izan dituzte boteredunek herriak eta nazioak euren nahietara moldatzeko. Hala, ez dago mapa inuzenterik, zenbait kartografok eta historialarik esaten duten bezala. Azalean agerrarazten duena baino gehiago du atzean edozein mapak. Edozeinetan irakur daitezke —ondo aztertuz gero— ezkutaturik dauden asmoak edo xedeak.
Hainbat mendetan, besteek egin dute Euskal Herriaren mapa. Euskaldunek, antza, ez dute pisu, baliabide edo botere nahikorik izan historian euren herriaren mapa egiteko. «Euskaldunek ba ote dute historiarik?», itaundu zuen Adrien Plante frantziarrak 1897an, Donibane Lohizunen (Lapurdi) antolatutako euskal ikasketen kongresu batean. Eduki badute, eta horren erakusgarri da Ramon Oleaga bilbotarrak eta Jose Mari Esparza tafallarrak aurten gauzatu duten Imago Vasconiae atlasa.
Lan horren hitzaurrean, Joseba Agirreazkuenaga historialariak honako hau idatzi du: «Euskaldunak ez dira denboragabeak, ezta berezkoak ere, eta hainbat mapatan grafikoki irudikatu den espazio batean bizi dira, eta kontakizunen eta istorioen bidez beren buruaren jabe ageri zaizkigu». Hau da, badago euskaldunak eta euskaldunen kultura hartu dituen lur eremu ezagun bat. Hala ere, orain arte ez da egon lur eremu horrek historian izan dituen aldaketak jasotzen dituen obra. «Gaurdanik aurrera, Euskal Herriak badu bere nortasun agiri hori, kartografiaren bidez bere lurraldetasuna, bere historiaren bilakaera eta beste berezitasun aunitz erakusten duena», azaldu du Esparzak, bere obraz harro.
«Ipseitatea» kontzeptua aipatu du Agirreazkuenagak hitzaurrean: «Beren buruaren kontzientzia». Imago Vasconiae lanak dokumentatu gura du, besteak beste, euskaldunek nola erakutsi eta irudikatu duten, euren historian, ipseitatea. Kartografian, behintzat, berandu azaldu da, Oleagaren ustez: «XVIII. mendera arte, ez dugu geure kartografian parte hartu».
Oleagak azaldu du «boterea dutenek» egin izan dituztela mapak, eta asmo jakin batekin egiten dituztela. Imago Vasconiae atlasean dauden mapa gehienak kanpotarrek egindakoak dira. Atzerritarrek, eta, kasu batzuetan, «inbaditzaileek» Euskal Herriaz zeukaten irudia —edo Euskal Herria nola zatikatu nahi zuten— erakusten dute. «Bazen garaia» euskal herritarrak euren herriaren historia kartografikoaren jaun eta jabe izateko, nortasuna indartzen jarraitzeko, Esparzak azaldu duenez: «Mapek erabateko garrantzia dute herri bat definitzeko. Mapek identitate nazionalak erakusten dituzte, baina, aldi berean, identitate hori sortu egiten dute. Eta, maiz, mapa izan da identitate nazional bat sorrarazten lehenengoa».
Alde horretatik, atlasak «ekarpen handia» egin du, Esparzaren arabera: «Orain badugu tresna duin bat nor garen, zer garen eta non gauden azaltzeko». Oleagak, atlasaren sarreran, adierazi du mapek garrantzi handia dutela lurraldeak eta nazioak ulertzeko orduan: «Mapetan, ezaugarri geografiko, politiko, sozial eta kulturalen irudikapen grafikoaren bidez, errealitate mental berriak sortu eta moldatzen dira, eta eragin bat dute pertsonek lurraldea ulertzeko zein elkarri eragiteko moduan eta lurraldearekin duten harremanean».
Historian, era askotan irudikatu dute Euskal Herria mapetan, eta heterogeneotasun hori herriaren historiari lotuta dago, Oleagak argitu duenez: «Euskal Herriaren historia kartografikoaren heterogeneotasunak islatzen du gure historiaren errealitatea, maila askotan». Euskal Herriko mapetan ageri diren zenbait ezaugarrik iraun egiten dute lurralde hauen historia kartografikoan: besteak beste, atzerritarrek ezarritako mugak, arrotzak diren toponimoak eta lurraldeekin bat ez datozen zatiketa administratiboak. «Kartografia arma ahaltsua da, eta, beraz, helburu instrumentalarekin erabil daiteke, hasierako asmo objektibotik aldenduz eta beste helburu batzuei lotuz», idatzi du Oleagak, eta agerian utzi du, askotan, mapek uste baino gehiago erakusten dutela.
Euskaldunen ipseitatea euskararen inguruan eraiki da. Hizkuntzan, bai, existitzen da euskal nortasuna irudikatzen duen ezaugarri bat, besteengandik bereizten duen elementu bat. Mapetan, hala ere, ez dago zabalki erroturik herriak bere buruarekiko duen kontzientzia hori. «Euskararen inguruan bildu egin gara, baina lurraldea lausotu egiten zaigu», ziurtatu du Oleagak. Izan ere, Euskal Herriaren mapak askotarikoak dira euskaldunen imajinarioan.
313 mapa batu dituzte Imago Vasconiae atlasean Oleagak eta Esparzak. Lehenengoa, Abauntzeko mapa, 13.000 urte baino gehiago dauzkana, eta harri batean grabatutakoa. Mapa horrek erakusten ditu Abauntzeko (Nafarroa) haitzuloaren inguruak. Horretan bai, esan daiteke —Oleagak esandakoaren kontrara— euskaldunek hartu zutela parte tokiko kartografian. Salbuespena da, hala ere. Kronologikoki antolatuta dago, eta atlasean bildu duten hurrengo mapa 1050. urte ingurukoa da. Hala deskribatu dute egileek: «Gure lurraldearen material kartografiko bateko erreferentzia zaharrena Saint-Severko dohatsuak zekarren mapa batean kausitzen dugu. Mapa horretan, Pirinioez iparraldeari UUasconia deitzen zaio».
Hizkuntza bati lotuta
Euskal Herriak gaur dituen mugak mapetan agertzen hasteko seiehun urte inguru pasatu behar izan ziren, Oleagak azaldu duenez: «Komeni da gogoan izatea ez dugula izan ia gaurdaino maparik duela mende batzuetatik hona historiak Euskal Herria - Baskonia deitu duena modu espezifikoan erakusteko. XVII. mendean, jada, eskualdeko mapak argitaratzen hasi ziren». Geroago, XVIII. mendean, euskaldunak hasi ziren mapetan euren buruaren kontzientzia agerrarazten, atzerriko geografoei Euskal Herriko mapak egiten zituztenean lagunduz: «Garai horretan, geografoa gure herrialdeaz kanpoko norbait izaten zen beti, eta ez da dokumentuetan gorde bertako informazioa nondik eskuratzen zuen, nahiz eta mapa batzuetan argi dagoen egileak tokiko informatzaileak izango zituela».
Esparzak zehaztu du Euskal Herriko zazpi lurraldeen historia kartografikoa 1786an existitzen zela jada. «Diego Lazkanok Ensayo sobre la nobleza de los Bascongados itzuli zuen, eta bertan zehaztasunez definitu zuen gure lurraldea. Bertan hala jaso zuen: 'Egun, euskaldun deitzen zaie Nafarroa Garaiko biztanleei, arabarrei, gipuzkoarrei eta bizkaitarrei, Espainiako Erregea onartzen dutenei; eta Nafarroa Behereko biztanleei, zuberotarrei eta lapurtarrei, Frantziako koroaren obedientziakoei. Herri horiek guztiek hizkuntza bat eta bera dute, gaztelarrek Bascuenze, frantsesek Basque, eta herrialdean, bertakoek Huskara edo Heuskara deitzen dutena'». Hau da, ordurako bazegoen zazpi lurraldeak batzen zituen kontzientzia bat, eta bertako biztanleak irudikatzen zituen ezaugarri bat.
Ikerlarien arabera, oso argi dago zeri lotuta dagoen euskaldunen ipseitatea. «Historian, eta hainbat aldaketa eta agintari iraungiz, euskara izan da gaur egungo zazpi lurraldeak batu dituen ezaugarririk indartsuena». Historialariek eta Euskaltzaindiak berak berretsi dutenez, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Lapurdi lurraldeek osatzen duten nazioaren izena Euskal Herria da, euskaldunen herria dela irudikatzeko termino bat delako. Joanes Leizarragak 1571n Heuscal herria lehendabizikoz idatzi zuenetik, izendapen hori erabili izan da euskaldunak bizi diren lurraldeak titulu baten pean jartzeko.
Herrialde batek bere buruaz kontzientzia izatea historian garatzen den etengabeko prozesu bat da, eta, askotan, atzerritarrek kolonizatzeko duten nahiaren kontra doana. Badaude tresnak herri bat zehazteko, besteengandik bereizteko eta bere nortasunari eusteko. Kartografiak, «arma ahaltsua», berebiziko garrantzia izan du prozesu horretan.
Hain zuzen ere, prozesu horretan kokatuta dago Imago Vasconiae, Euskal Herriko lehendabiziko atlasa, eta horrela ulertzen da lan horren garrantzia. Liburu horretan, historian zehar euskal nazioa nola irudikatu duten biltzen ahalegindu dira Esparza eta Oleaga, hau da, nola irudikatu duten bai atzerritarrek, bai tokikoek, bakoitzak bere nahiera. Espiritu «neutro» batekin, atlasak aukera ematen die irakurleei Euskal Herriaren historia kartografikoa ezagutzeko. Norbera izango da gai mapetan dauden ezkutuko asmoak eta xedeak irakurtzeko.