Iparraldeko lau hedabide elkarrekin arituko dira lanean hilean behin

'Iparraldeko Hitza'-k, Kanaldudek, 'Herria'-k eta Euskal Irratiek gai bat jorratuko dute batera

Gogaide zerbitzuaren inguruko erreportajea egin du Kanaldudek Euskalgintzaren egoera sortarako. KANALDUDE.
Edu Lartzanguren.
2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Publizitatearekin hasi zen elkarlana, eta, aurrerantzean, edukiekin jarraituko du. Iparraldeko Hitza, Euskal Irratiak, Kanaldude telebista eta Herria aldizkaria erreportajeak elkarrekin argitaratzen hasi dira. Hasiera besterik ez da: astean behin bildu, eta hilean behin gai bat landuko dute hedabideok, eta baliteke etorkizun hurbilean elkarlana estuagoa izatea.

Joan zen ostegunean ikusi zen lankidetza horren lehen emaitza. Euskalgintzaren egoera izenburupean, lan bana argitaratu zuten lau hedabideok. Iparraldeko Hitza-n, Joanes Etxebarria kazetariak euskalgintzak jasotzen dituen diru laguntzen inguruko erreportajea argitaratu zuen; Kanaldudek iparraldeko enpresei euskara planak egiten lagundu nahi dien Gogaide zerbitzuari buruzko bideoa egin zuen; Euskal Irratiek Anais Miroux eta Christelle Laskari euskaldunberriak elkarrizketatu zituzten; eta Herria aldizkariak euskarari esker azken urteetan sorturiko lanpostuak aztertu zituen.

Publizitatetik informaziora

«Beharra ikusten zen elkarlana informaziora ere ekartzeko; indarrak galtzen dira bakoitzak bere aldetik jokatuta», esan du Mikel Arregi BERRIAko kudeatzaileak. Elkarlanaren bultzatzaileetakobat da Arregi. Publizitatearekin eginikoa atariko gisa zuten hedabideok: aurretik, bakoitzak bere publizitatea lantzen zuen, baina, iaz, publizitatea elkarrekin kudeatzen hasi ziren. Agentzia bateratu baten bidez aritu dira azken hilabeteotan, eta komertzial bat aritu da lanean horretan.

Baina beste atariko batzuk baditu elkarlanak: 2013. urtean Ahoan bilorik gabe elkarrizketa sorta aipatu du Etxebarria kazetariak (Kazeta.eus ere tartean egon zen orduan), eta baita hauteskundeen berri emateko eginiko elkarlana ere.

Etxebarria pozik dago lehen emaitzarekin, «elkarren arteko ezagutzan barnatzen» hasi direlako eta «eta bide baten hasiera egitearen ilusioa» dutelako.

Elkarrekiko lotura hori hobetzeko beharra badagoela ikusi dutela esan du Arregik. «Sare sozialetako estrategia findu behar da, jendeak barnera dezan elkarlanean aritu garela». Hurrengo pausoa emateko prozesua ere hasi dutela gaineratu du Arregik, baina zehaztu behar dutela elkarlana nola gauzatu nahi duten. Batzuek erreportaje multimediak egin nahi lituzkete. Erabaki behar dute zein maiztasunez egingo diren lan horiek. «Denek plus gisa ikusten dute elkarlana», esan du Arregik, «baina etorkizunean zer edo zer sendoago egiteak eskatuko du baliabide gehiago jartzea; eta hor dago eztabaida».

Abenduaren 10ean argitaratuko dute hurrengo sorta. Erabaki gabe dute zein izango den gaia. «Lehen oharrak jaso ditugu, eta kontuan hartuko ditugu abendurako; saiatuko gara hilabetez hilabete gauza batzuk hobetzen», esan du Etxebarriak. Oraingoz lau pieza desberdin direnak, poliki, «osotasun batera» eramango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.