'Herria' astekariaren erredakzioburua eta kudeatzailea

Menane Oxandabaratz: «Iparraldeko euskarazko hedabideetan bada nahikeria eta lan egiteko gogoa»

Gaur banatuko dituzte Rikardo Arregi kazetaritza sariak, Andoainen. Menane Oxandabaratzek jasoko du ohorezko mugarria.

Menane Oxandabaratz
GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
Uztaritze
2023ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

Gaur banatuko dituzte aurtengo Rikardo Arregi sariak, Andoainen, eta finalisten artean da BERRIAren Kinka podcasta ere. Ohorezko mugarria Menane Oxandabaratzek (Gamarte, Nafarroa Beherea, 1962) eskuratuko du, bere kazetaritza ibilbidea omentzeko. Irulegiko Irratiaren sortzaileetariko bat izan zen 1980ko hamarkadan, bertan hainbat urtez laguntzaile gisa zenean, sektore desberdinetan ibili ondoren: politikan, 25 urtez; antzerkigintzan; gasnagintzan...; gaur egun, Oxandabaratz Herria astekariaren erredakzioburua eta kudeatzailea da.

Zure kazetari ibilbidea omentzeko, 2023ko Rikardo Arregi kazetaritza sariaren ohorezko mugarria jasoko duzu. Nola sentitzen zara?

Buru gainera erori zait. Saria irabaziko nuela jakinarazi didatelarik, naturalki errefusatu nuen. Ez naiz ohituratua neure burua lehen lerroan ematea, ez dut maite. Baina zenbait gogoeta egin, eta erabaki dut onartzea; sari bat da, hala ere, eta tarteka jakin behar da sariak onartzen, xumeki bada ere.

Gaur egun Herria-ren erredaktoreburua zara. Astekari horrek zer funtzio betetzen ditu?

Herria euskarazko paperezko kazetarik zaharrena da; 1945ean agertu zen lehen zenbakia. Laurogei urtez iraun duen astekaria da. Jendartearekin bat aitzinatu den astekaria da. Egun, gaiak ez dira berdinak, aktualitatea ez baita berdina. Kazetaritza gaurkotasunari lotua da, eta horri buruzko gogoetak egin behar dira. Gure astekariak duen berezitasuna da herriei garrantzi handia ematen diegula. Aste guztiz, 25 bat herritako korrespontsalek bertako berriak bidaltzen dizkigute. Haiei esker ohartzen gara Ipar Euskal Herriko herrixketan ere dinamika eta bizia badela. Horrez gain, aktualitateko gaiak tratatzeaz arduratzen naiz. Gure helburua da gure harpidedunen nahiak eta beharrak asetzea gai anitz proposatuz.

Irulegiko Irratia-ren sortzaileetariko bat izan zinen 1982an. Garai hartan zerk eraman zintuen irrati libre bat sortzera?

1980ko hamarkadan, abertzale militante ginenak naturalki engaiatzen ginen. Bazen engaiamendu politikoa bistan dena, baina engaiamendu kulturala ere: euskal kultura plazara eramateko helburuarekin. 1982ra arte, irrati libreak debekatuak ziren, baina [François] Miterrand frantses sozialista boterera iritsi zelarik, legea aldatu zuen; beraz, segituan erabaki genuen irrati hau sortzea. Hasi nuelarik ez nuen ideiarik ere nola funtzionatzen zuen mikrofono batek. Baina dinamikan sartu bezain laster ikasi behar izan nuen, jendea behar baitzen. Zenbaitzuek ikastolak eraikitzen zituzten bezala, edo taloak egiten dirua irabazteko, gu irratian hasi ginen euskara sustatzeko, ibilarazteko eta entzunarazteko.

Irratian, Zer Dioxu eta Ez da musik emankizunak animatzen zenituen. Elkarrizketak nola prestatzen zenituen? Nola lortzen zenuen ganbidatuaren intimitatean sartzen?

Emankizunaren helburua zen gonbidatu bati ordu erdiko elkarrizketa intimista egitea. Elkarrizketa hasi baino lehen, gomita lasaitu nahi nuen, eta gure artean konfiantza bat sortu. Hori lortzeko, emankizuna hasi baino lehen, tarte bat hartzen nuen harekin kafe bat edateko; horrela, mikrofonoa pizten nuelarik, pixka bat elkar ezagutzen genuen. Ez nituen aitzinetik galderak prestatzen, nahi nuen naturala eta goxoa izatea, lagun arteko elkarrizketa bat bezala.

Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabideen egoera nola definituko zenuke?

Iparraldeko hedabideen barnean bada dinamika handi bat: nahikeria eta laneko gogoa bada. Gainera belaunaldi gaztea ere sartzen ari da, indartzen ari dela erran nezake. Baina, hala ere, Iparraldean bada hutsune bat. Hemen, populazioaren parte handi batek ez daki euskara mintzatzen dela; beraz, ez da gure euskarazko hedabideengana hurbilduko. Gure lanaren ezagupenerako zailtasunak ditugu.

lotsabako

Zer Dioxu edo Ez da musik?
Biak.

Antzezlan bat?
Hil biziak, Daniel Landartena.

Irratia edo prentsa idatzia?
Biak arrunt desberdinak dira, eta biak maite ditut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.