Gaurtik aurrera abian izango da Urubiapodcasta. Ipar Euskal Herriko gazteek sortutako proiektua da, BERRIA eta Bada hedabideen arteko elkarlanean oinarritua. Hilabetean behin entzun eta ikusi ahalko da Urubia, podcast formatuan emateaz gain filmatu ere egingo dute eta. Jon Peli Etxeberria Darraidou (Hendaia, Lapurdi, 1997) Bada-ko kidea da, eta podcastaren produkzioan ariko da lanean.
Zer da Urubia podcasta?
Hilabetero aktualitateko gai bat hautatuko duen eta berri hori zenbait ardatz eta ikuspuntutatik jorratuko duen podcasta da Urubia. Gazteentzako proiektua da, eta gazteek egina; beraz, gaur egungo sare sozialek eskatzen duten dinamismoa izango du.
Hilabetero aukeratuko duzuen gai hori Ipar Euskal Herrian oinarritua egongo da, ala ikuspegi zabalagoa edukiko duzue gaiak aukeratzerakoan?
Denetik jorratu nahi dugu. Nazioarteko gaiak edukiko ditugu, Euskal Herrikoak ere bai, eta Iparraldea jorratzen dutenak ere bai, noski.
Gaiei dagokienez, baduzue lehentasunik?
Ez. Ez dugu mugarik ezarri; edozein arlotatik inguratu dezakegu informazioa.
Nork osatzen duzue Urubia?
Bada eta BERRIAren artean sortu dugu proiektua. Leire Casamajou eta Julene Muruaga BERRIAko kazetariek aurkeztuko dute. Guretzat oso garrantzitsua da biak kameraren aurrean aurkezle moduan agertzea, gazteak, bertakoak eta kazetari apartak direlako.
Kamera aipatu duzu. Zergatik egin duzue podcasta filmatzeko apustua?
Gaur egun irratiek ere grabatzen dituzte saioak. Gure eskura ditugun tresna guztiak erabili behar ditugu, eta, gaur egun sare sozialek zenbateko garrantzia duten ikusita, aukera paregabea da.
Sare sozialei garrantzi handia ematen diezue
Bada-n, ezta?Bai. Gure helburu nagusia izan da jende gaztea euskal hedabideetara bideratzea, eta badakigu gaur egun sare sozialek zenbateko indarra duten. Oso ongi ulertzen ditugu bertako kodeak, eta horretan datza gure lanak. Horregatik irudikatu nahi izan dugu gure jakintza hori podcastean.
Zer gehitzen dio BERRIAk zuen jakintzari?
BERRIAren partaidetza ezinbestekoa da, bertan egiten den kazetaritza lana aparta da eta. BERRIAren informazioa gure filtrotik pasatzen saiatzen gara, jende gaztearengana ahalik eta ondoena irits dadin.
Beharrezkoa da gaur egun Iparraldean gazte belaunaldiak euskarazko hedabideetara hurbiltzea?
Bai. Guk Bada-n hasieratik egin dugu horren alde. Gure belaunaldian sinisten dugu, eta badakigu Iparraldean badagoela motibazioa eta gaitasuna euskarazko proiektuak osatzeko. Iparraldeko euskal hedabideak sano daude, eta hori erakutsi behar diogu jendeari. Horrez gain, Urubia aukera ederra da gure hedabideak Hegoaldean erakusteko.
Erraza da prozesu hori?
Zaila da, baina, era berean, emaitza ikusten duzuenean, plazer handia da. Lan asko dago horrelako proiektu baten atzean, eta, askotan, euskarazko proiektu ororen moduan, laguntza aurkitzea ez da erraza Iparraldean.
Zergatik Urubia izena?
Urubia hontz mota bat da, eta informazioaren transmisioa irudikatzen du. Gainera, geroago konturatu gara grabaketa egiten dugun etxeak Habia izena duela.
Zer ikusiko eta entzungo da lehenengo atalean?
Lehenengo podcasteko gaia Azterketak Euskaraz egitasmoan oinarrituko da. Gu gertutik ukitzen gaituen gai bat da, eta, otsailean izan duen mugimendu guztia ikusita, oso egokia iruditu zitzaigun.
lotsabako
Urubia ez den podcast bat?Pentsaerak. Sare sozial bat? Discord. Pelikula bat?Sonatine. Non nahiago duzu egon, kameraren aurrean edo atzean? Atzean.