Iaz eginiko bidaia batean, Ipar Euskal Herriko txokorik ederrenak jaso zituen Jon Cazenave argazkilariak (Donostia, 1978). Bere abizenaren sustraien bila abiatu zen Zuberoara, eta hegoaldera itzuli zenerako, sentimendu sakon batez betetako argazki bilduma dotorea osatu zuen. Erakusketa Getxon eta Donostian izan ondoren, Ipar Euskal Herrira itzuli da berriro, eta Miarritzen ikusgai egongo da uda osoan. Gaur arratsaldean aurkeztuko dute, Mediatekan, eta autorea bera izango da ekitaldian (18:00).
Herri Ixilean erakusketak 30 argazkiz osatutako zuri-beltzeko paisaia liluragarria eskaintzen dio ikusleari. Ipar Euskal Herriko herrixkak, herritarren begiradak, denborak urratutako eraikin ederrak, neguko itsasoaren haserrea eta euskal kulturaren adierazle eta sinboloak ez dira bidean jasotako irudi hutsak, autorearen arabera. Euskaltasunaren paradigma ezagutzeko bidea dela dio Cazenavek: «Euskaldunak zeintzuk garen ez dakigu, baina badakigu gure mendiak nolakoak diren, gure jendea nolakoa den, itsasoak nola markatzen gaituen».
Emozio horiek elkarbanatzeko helburuarekin prestatu dute gaur arratsaldeko topaketa Miarritzeko Mediatekan.
'HERRI IXILEAN'Non. MIARRITZEKO MEDIATEKAN.
Noiz. Uztailaren 7tik abuztuaren 27ra arte.
Aurkezpenaren ordua. 18:00.
Iparraldearen loa, zuri-beltzean
'Herri Ixilean' Jon Cazenave autorearen erakusketa zabalduko dute gaur arratsaldean Miarritzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu