Urko Aristi. EITBko irratietako zuzendariordea

«Iparraldean lezioa ematen ari zaizkigu hedabideen elkarlanean»

Zubi lanak aipatu ditu Aristik: hedabideekin, gizarte mugimenduekin, euskaraz ez dakitenekin... EITBko irratietan esperimentatzen ere ahalegindu beharko litzatekeela dio. «Ausardia pixka bat falta zaigu».

urtzi urkizu
Donostia
2017ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
ETBn makina bat saiotan eta eguraldia aurkezten aritu da urte luzez, eta azkeneko hilabeteetan Radio Euskadin Graffiti gidatu du Urko Aristik (Ibarra, Gipuzkoa, 1977). «Ongi» joan zaizkio lehen egunak EITBko irratietako zuzendariorde gisa. «Tokia hartzen ari naiz. Bost irrati ezberdin dira, eta langile guztiekin harremanetan jartzen ari naiz».

Zeintzuk dira zehazki EITBko zuzendaritzak agindu dizkizun lanak?

Irratien egunerokoa koordinatzea da nire lana. Irratien arteko zubi lana egiten saiatuko gara, bakoitza bere kabuz joan beharrean denak batera joan gaitezen. Eguneroko arazoak konpontzearekin batera, etorkizunean nondik joan nahi dugun ere finkatu behar dugu.

EITBko irratiek zer bide egitea nahiko zenuke?

Batetik, zerbitzu publikoa den heinean, hori ezin dugu ahaztu. Erreferentziazko komunikabideak izan beharko genuke. Orain arte egindako bidean jarraitu behar dugu, aurrerapausoak emanez, eta, horretaz gain, euskararen normalizazioan urratsak egin ahal baditugu, horretan ariko gara.

Tokikomeko presidente kargua utzi duzu asteon, baina jarraituko al duzu Tokikomekin loturarik izaten?

Bai, batetik, Mailope aldizkariko [Nafarroa] kide naizelako. Tokikomek hartu duen pisua ikusita, ez zen bateragarria hanka bat hemen eta bestea han izatea. EITBko kargua onartzerakoan neure buruari jarritako erronketako bat da zubi lana egitea EITBren eta gainontzeko komunikabideen eta gizarte mugimenduen artean.

Tokiko hedabideek eta EITBk elkarlan gehiago landu beharko lituzkete?

Bai, ari gara. Hausnarketa bat ere egin beharko dugu guztiok. Uste dut elkar eskutik hartuta bakarrik egingo dugula aurrera.

EITBko irratietako lan deialdian postua lortu zenuen. Radio Euskadin hasi, eta iaz esan zenuen euskaldun askok ezetza eman zizula gaztelaniaz aritzeko. Nola lor daiteke hori aldatzea?

Batetik, euskaldunok konplexua dugu gaztelaniaz ez garela ondo aritzen. Konplexu hori alde batera utzi behar dugu. Beste batzuek printzipio kontuak aipatu dizkidate, uste dutelako diru publikoarekin gaztelania lehenesten duen hedabideak ez direla lagundu behar. Baina bat da zer egoera soziolinguistiko gustatuko litzaigukeen Euskal Herrian; soilik euskara hutsezko hedabide publikoak egotea litzateke helmuga epe luzera. Horra iritsi bitartean, ETB2, Radio Euskadi eta Radio Vitoria lagungarri hartu behar ditugu. Gerturatzeko bide bat dira gu ezagutzen ez gaituzten horientzat. Radio Euskadin, adibidez, Korrikari buruzko atal bat egiten ari gara astero.

Entzule datuek kezkatzen al zaituzte?

Eraginkorrak izan behar dugu, baina ez nintzateke kantitatearekin bakarrik tematuko. Kalitatearekin kezkatuago nago. Zer entzulerengana ez garen iristen ere begiratu behar dugu. Orain arte iritsi ez garen horiengana iristekomodurik badugu, horretan jarriko ditugu eginahalak. Bestalde, Euskadi Irratiak lortutako datuak ez ditugu behar adina saldu.

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrei eta egitasmoei nahiko kasu egiten al zaie EITBko irratietan?

Gehiago egin beharko genieke. Zubiak saioa pauso bat da, baina erronkak izan behar du programazio osoan txertatzea Iparraldeko egoerak eta egitasmoak. Lezioa ematen ari zaizkigu askotan, adibidez, hedabideen elkarlanean. Badago zer ikasia Iparraldetik.

Eusko Legebiltzarrean lantalde bat sortuko dute, EITBren erreformaz aritzeko. Zeintzuk dira premia duten aldaketak?

Jomuga argi behar dugu. Egokitu behar dugu, gizartea eta komunikabideak aldatu direlako. Teknologia ere aldatu da. Ezin gara zaharkituta gelditu ez batean eta ez bestean. Punta-puntakoak izan behar dugu, eta egungo gizartearen beharrak bete behar ditugu. Elkarbizitzan aurrepauso bat eman behar da. Euskararen egoeran ere gehiago egin dezakegu.

Borroka politikoetatik libre egin al dezake lan EITBk?

Hala behar luke. Xextra politikoak zipriztintzen zaituenean, horrek beste giro bat dakar. Legebiltzarrean eztabaidatu beharko dute, baina guk hortik at aritu beharko dugu; bestela, ez dugu aurrerabide handirik egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.