ATZEKOZ AURRERA. Ximun Larre. Kazetaria

«Iparraldean bigarren kirola txirrindularitza zen, pilotatik landa»

Txirrindularitzak Ipar Euskal Herrian izan duen historia «galtzen» ari zen, eta memoria hori liburu batean bildu du Larrek, Francis Lafarguerekin batera. Etorkizunari begira, ordea, baikor da.

PATXI BELTZAIZ.
mikel rodriguez
Baigorri
2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Txirrindularitza da Ximun Larreren pasioa (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1975), eta zaletasuna ofizioaren parte du kazetari gisa Mediabask astekari eta agerkari digitalean. Berriki, ordea, arnas luzeagoko lan bat argitaratu du Francis Lafarguerekin elkarlanean, Reynolds eta Banesto taldeetako manager izandakoarekin: L'Histoire du Cyclisme en Pays Basque Nord (Txirrindularitzaren historia Ipar Euskal Herrian, Elkar).

Iparraldean, errugbilaririk onenak, eta mota guzietako pilotariak. Txirrindulariak ere bai?

Bai, zaila da Hegoaldearekin konparatzea, baina ez du erran nahi ez dugunik historia bat txirrindularitzarekin. Hastapenetik ukan dugu, eta liburu horrek horretaz hitz egiten du, historia hori galtzen ari baitzen hemen. Anitz jendek ahantzi du zer pasatu den hemen, eta lehenbiziko gauza da historia hori transmititzea eta atxikitzea. Ondare bat da.

Txirrindularitzaz zerbait badakien norbaitekin egin duzu liburua.

Nik denek bezala ezagutu dut Francis, telebistan, haurra nintzelarik; orain lagunak gara, eta badugu afizio bera: txirrindularitza eta txirrindularitzaren historia. Francisek, 30-40 urtez, anitz gauza bizi izan ditu, eta duela zenbait urte hasi zen ikerketa egiten —bazituen argazkiak anitz, artxiboak, gauzak idatzirik...—. Nik banuen amets bat: liburu bat egitea. Duela urtebete, haren etxean ginen biok ordenagailuaren aitzinean, lehengo argazkiei so egiten, eta hor erran nion: «Ez da posible: behar dugu zerbait egin».

Jendeak ba al daki Frantziako Tourreko irabazle bat eta Paris-Roubaixko bertze bat Baionan sortuak direla?

Jendeak ahantzi du Lapebieren historia [Roger Lapebie, 1937ko Tourraren irabazlea]. 6-7 urte zituelarik joan zen Bordelera, eta beti aipatzen da Lapebie Bordelekoa; baina hemengoa zen, Baionakoa. Paul Maye [1945eko Paris-Roubaixko irabazlea] ibili da Girondan, Parisen eta ez dakit non, baina bere bizia finitu du Baionan, eta bazuen ostatu bat biziki famatua zena. Baziren jende batzuk biziki ezagutuak, baina gero joan dira Euskal Herritik, eta jendeak ahantzi du lotura hori.

Bertze kasu bat: txirrindularitzan bi izen handi dira Jeannie Longo eta Catherine Marsal, baina bada Mugerreko bat egun batean urrezko domina bat kendu ziena.

Emazteen txirrindularitza orain World Tourrarekin-eta bertze neurri batera ari da pasatzen. Gure historian ez dira anitz emazte, baina izan da bat, Chantal Gorostegi, 1994an irabazi duena Frantziako txapelketa Marsalen eta Longoren aitzinean. Alimaleko balentria egin zuen urte hartan.

Liburuan ez daude bakarrik txirrindularien izenak; lasterketak bildu dituzue, egiturak, giroa...

Adibidez, kurtsak. Denboran hemen izan dira anitz kurtsa amateur; profesionaletan ere bai, baina amateurretan anitz izan dira. Kirol nagusia beti pilota izan da, bistan da, baina errugbia eta futbola sartu aitzin orain bezala, bigarren kirola txirrindularitza zen, pilotatik landa. Eta herriko bestetan beti bazen kurtsa bat, eta anitz jendek hori ahantzi du. Eta atzeman ditugu ez baizik kostaldean: Amikuzen, Garazin, Zuberoan, Baigorrin bertan... barreneko aldean eta herri tikietan. Atzeman ditugu argazkiak, eta baditugu frogak [irri egin du].

Iragana bakarrik ez, orainaldia ere aipatu duzue liburuan. Zein da txirrindularitzaren etorkizuna Iparraldean?

Gauzak ilunago ikusten nituen duela zenbait urte. 2018an, Frantziako Tourra pasatu zen Senperen, eta berriz sortu dute talde bat; Donibane Lohizunen ere sortu da bat, Team Iparralde proiektu biziki polita da... Parada ematea da hemengo gazte hoberenei lehenik Hegoaldeko goi mailako amateur talde batean sartzeko, eta ni segur naiz ondoko bospasei urteetan izanen dela profesional bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.