Lurraldetasuna

Iparra galdu gabe, indarberrituta

Bi urteko «barealdiaren» ostean, ohiko formatura itzuliko da Iparra Hegoa egitasmoa. Astelehenean hasiko da, Seguran, eta apirilaren 3ra bitartean hainbat ekintza egingo dituzte.

Dantzariak, Iparra Hegoako 2019ko ekitaldian, Seguran. NAIA BEGIRISTAIN / GOIERRIKO HITZA.
Miren Mujika Telleria.
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Aliantzak estutzen ditu gereziondoak; eta harremanak sendotu, mugez gaindi. Batzen ditu ipar eta hego, bien arteko kohesio bat sortuz. Seguran (Gipuzkoa) dago gereziondoa, eta bertan elkartuko dira, egitarau zabal baten barruan, Ipar zein Hego Euskal Herriko zenbait herritar astelehenetik apirilaren 3ra bitarte;Iparra Hegoa egitasmoaren eskutik.

Igandearekin egingo da aurten ere ekitaldi nagusia: apirilaren 3an. Gereziondoaren pean batuko dira denak; hark sinbolizatzen baitu Euskal Herriko herrialdeen arteko lotura. Udalbiltzako, Goierriko eta Iparraldeko hautetsiak ere bilduko ditu gerizpe horrek; izan ere, sustatzaileen arabera, «Urruña eta Seguraren arteko anaikidetzea sinbolizatuko duen ekitaldi instituzionala izango da». Libe Goñi izango da aurtengo gonbidatu berezia, Seaskako lehendabiziko irakaslea.

Sinbolikoki bakarrik ez, fisikoki ere batuko dira Seguran Ipar eta Hego Euskal Herriko herritarrak: «Etxepare lizeoko kasik ehun ikasle inguru joango dira aurten. Estitxu Robles kolegiotik ere autobus bat joango da, eta baita hainbat norbanako ere», azaldu du Pello Aranzabalek, Iparra Hegoa egitasmoko kideak. «Bertan sortzen den giroa eta harremana zinez aberasgarria izaten da».

Egitarau zabala

Etzi abiaraziko dute egitaraua, hilaren 28an, Seguran. Estitxu Robles kolegioko ikasleak izango dira han. Bisita egingo dute Seguran barrena. Ondoren, bazkaria antolatu dute herriko plazan, eta haurren jaialdia ere egongo da, besteak beste. 19:00etan, berriz, elkarrizketa formatuan planteatutako hitzaldi bat izango da, eta Euskal Herriko hezkuntza arauak izango ditu hizpide.

Gai bat hartzen dute ardatz urtero-urtero. Aurten, hezkuntza hartu dute mintzagai. Aranzabalen hitzetan, badago arrazoi bat hezkuntzaren gaiari heltzera bultzatu dituena: «Molac legeak babestu behar zuen Iparraldean euskarazko murgiltze sistema, baina Frantziako Auzitegi Konstituzionalak konstituziotik kanpo kokatu du; beraz, legez kanpokotzat jo dute». Haren ustez, hari batetik zintzilik geratu da Ipar Euskal Herriko euskarazko hezkuntza.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan akordio batera iristen ari dira hezkuntzari dagokionez. Eta, Nafarroan, berriz, «beti dago zonifikazioaren afera hori; aurrerapauso batzuk egin diren arren konpontzen ez dena», azaldu du. «Beraz, badago zer hitz egin Euskal Herriko hezkuntzaren inguruan; mamia duen gai bat dela iruditzen zaigu». Hain zuzen, auzi horren inguruko gogoeta bultzatu nahi du aurtengo Iparra Hegoak. Bi hitzaldi antolatu dituzte egitasmoak iraun bitartean: «Gai horren gainean hausnartu duten pertsona interesgarri batzuek emango dute; uste dugu eztabaida horri ekarpen sendo bat egin diezaioketela».

Aranzabalek azaldu duenez, hezkuntza ardatz hartuta, ez dute baxo azterketaren inguruko hausnarketarik egin gabe utziko; Iparraldeko ikasleak Euskal Herriko Unibertsitatean sartzeko zailtasunen gainean egingo dute, besteak beste, gogoeta, «eta zailtasun horiek zer irtenbide izan dezaketen pentsatu nahi dugu». Egitasmoko kideak jakinarazi du Ipar zein Hego Euskal Herriko jendeak parte hartuko duela gogoeta horietan: «Nik uste dut gauza interesgarriak aterako direla». Era teorikoan ez ezik, modu praktikoan ere arituko dira konponbide bila, eta trukeen bitartez egingo dute hori.

«Ikusi genuen Euskal Herriko muga, fisikoa izateaz gain, psikologikoa ere bazela», azaldu du Aranzabalek. Dioenez, muga hori haustea da egitasmoaren helburua hasieratik, eta horretan daramatzate 27 urte. Hala ere, 25. aldia du aurten Iparra Hegoak, pandemiak bi urtez atzeratu baitu programa. «Pandemiak bertan behera utzi zigun gogoz eta grinaz prestatzen ari ginena. Egoera traumatikoan geratu ginen, oso data seinalatua baitzen guretzat 25. urteurrena».

Atzeratu bai, baina ez du gelditu. Izan ere, sustatzaileek aurreikusi zuten aurrekoaren antzera zetorrela 2021. urtea. Beraz, beste ekintza bat jarri zuten abian:Kutxa Bira. Izan ere, haien ustez, pandemiak ez zion euskarari inongo mesederik egin: «Pandemia honek kalte egin die hizkuntza gutxitu guztiei, eta horien artean dago euskara. Beraz, urte horretako galera sentimentala goxatzeko balio izan zuen Kutxa Birak». Baita goxatu ere. Herriz herri aritu ziren talde eta norbanakoen ametsak jasotzen; 80tik gora herri zeharkatzeraino. Euskarari lotutako aldarriak izan ziren, gehienbat, kutxak barnean gorde zituenak, eta amets horiek guztiak bete nahi ditu Iparra Hegoak.

Betiko formatua

Oztopoak oztopo, «Euskal Herria eraikitzeko era asko daudela» erakutsi nahi izan dute 27 urte horietan egitasmoko kideek. Beraz, esperantzaz begiratzen diote aurtengo edizioari. Bi urteko «barealdiaren» ostean, indarberrituta ekingo diote programari. Betiko formatura eta, nolabait, «normaltasunera» itzultzea zuten amets. Bertsolariz, dantzariz, musikaz , txarangaz, kalejiraz eta kolorez beteko dira, beraz, Segurako kaleak, eta beteko dute Kutxa Birako kutxan sartu zuten desira. «Ametsa betetzera goaz. Horretan dugu burua orain, eta biziki kontent gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.