ZIENTZIA

Ipar hemisferioko 'Carchadontosaurus' dinosaurorik zaharrena aurkitu dute Portugalen

Lusovenator espeziea aurkitu dute, duela 145 milioi urte existitu zena. Ipar hemisferioko Carchadontosaurus erregistrorik antzinakoena da.

'Lusovenator' espezieko dinosauro bat. @CARLOSDINO88
Oihane Puertas ONA
2020ko uztailaren 27a
15:40
Entzun

Espainiako eta Portugalgo paleontologo talde batek duela 145 milioi urte bizi izan zen Lusovenator dinosauro espeziea aurkitu du Portugalen. Ipar hemisferioko Carchadontosaurus erregistrorik zaharrena da. Ezagutzen den harraparirik handienetakoa zen dinosauro mota hori.

Espezie berria bi dinosauro aleren arrastoetatik —gazte bat eta heldu bat— abiatuta katalogatu dute. Lisboatik iparraldera dauden bi aztarnategitan aurkitu dituzte, bata bestetik 25 kilometrora: Valmitao hondartza, Lourinhrasen, eta Cambelas hondartza, Torres Vedrasen.


Paleontologo taldea aztarnategietako batean lanean, Portugalen. EFE

Ezin izan dute dinosauroen hezurdura osoa aurkitu; baina, Elisabete Malafaia Lisboako Unibertsitateko paleontologoak adierazi duenez, «ez da ohikoa hezurdura osoa aurkitzea». Hala ere, ale batetik hainbat orno eta pelbiseko elementuak aurkitu dituzte, eta bestetik oin ia osoa eta ornoen sekuentzia bat. Dinosauroen tamainari dagokionez, ale gazteena hiru metro ingurukoa izan zitekeela uste dute, helduena, berriz, sei edo zazpi metrokoa.


Aurkitutako zati batzuk. @efmalafaia

Elisabete Malafaia eta Fernando Escaso Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionaleko (UNED) paleontologoak jakinarazi dutenez, ia hogei urte pasatu dira fosilak aztertzen hasi zirenetik espezie berri gisa katalogatu duten arte. Hala ere, duela urte batzuk konturatu ziren aleek «zerbait arraroa» zutela. Izan ere, «ezagutzen ziren formen ezaugarri batzuk» zituzten, baina «zerbait desberdina» zutela adierazten zuten.

Orain arte, Carchadontosaurus dinosauroek ipar hemisferioan zuten presentziaren azken erreferentzia Behe Kretazeoan zegoen erregistratuta —duela 130 milioi urte—. Aurkikuntzaren ondorioz jakin denez, ordea, Goi Jurasikoan ere bizi izan ziren, orain arte uste zen baino hamabost edo hogei milioi urte lehenago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.