Xan Errotabehere. Kontalaria

«Ipar Euskal Herrian kontalaritza ez da errespetatua»

Irakasle ofizioan erretreta hartu zuenean ekin zion kontalaritzari, buru-belarri ekin ere. Makina bat saio egiten ditu mediateketan eta ikastetxeetan, beti asmo bera hartuta: irriarekin edo ustekabekoarekin gozatzea, eta hori, euskaraz egitea.

BOB EDME.
garbine ubeda goikoetxea
Uztaritze
2017ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Haurra zelarik hastio zuen eskola Xan Errotabeherek, baina sekula ez da handik atera. Eskolatik etxerakoan ezker besoa hautsi zuen, eta laborantzarako on ez zenez, irakasle bilakatu zen. Kolegioetan eman ditu urte gehienak, 11-15 urteko ikasleekin. Ingelesa erakutsi du batik bat, baita euskara ere.

Irakaskuntzan emandako urteetan, lehenak eta azkenak izan omen dituzu onenak. Nolatan?

Alde batetik, haurrak euskaradunak zirelako, eta, bestaldetik, bakea ematen zigutelako, bai zuzendariek, bai ikuskatzaileek, bai eta gurasoek ere. Askatasun osoa geneukan, eta sekulako posibilitateak irekitzen zizkigun horrek. Batez ere antzerkian ematen genituen orduak. Antzerkiak sekulakoa ekartzen dio gazteari.

Euskara ikasi, euskaraz bere burua adierazi, besteen aurrean bere rola defenditu, antzerkiaren bidez hartzen diren lan horiek denek halako estatus bat ematen diote haurrari. Kausitzen nuen antzerkiak bazuela halako indar bat, eta gela guzietan muntatzen genituen. Baziren une zailak ere, batek gauza bat egin nahi eta beste batek ez, konponezina... Baina emeki-emeki federatzen zituen zerbaitek, ideiaren batek edo. Eta gero bazen momentu magiko bat, antzerkirako ideia bagenuelarik, zerbait ekartzen zuten goizero, «hori eta hura egiten ahal genuke» erraten zidaten...

Antzerkia maitatzetik ipuin-kontalari izatera jo zenuen.

Kolegioko azken urteetan, justuki bazen buraso bat, Mixel Gardie, kontalari multzo baten barruan ari zena, eta, erretreta hartu nuelarik, «baditiagu galderak euskaraz. Geure artean ez diaguk nehor euskaraz trebe denik. Formazio ttipi bat ukanen duk, eta hasiko haiz», erran zidan. Eta horrela hasi nintzen.

Zer du bere alde kontalariak?

Indar handiagoa du, rol guztiak egiten dituzu, jendearen aurrean zara, begiz begi, zuzenean, mikrorik gabe. Horretan da kontalaritzaren grazia. Buruz buru lotzen gaituen gauza hori magikoa da.

Zer egiten duzu arreta zeureganatzeko?

Ipuingintza supazterreko gauza da, etxekoz etxekoa. Kontalari hoberenak ez gara gu, ez naiz ni, amak dira. Amak, ohe txokoan istorioa kontatzen duelarik, konfiantza ematen dio haurrari, lokartzen du, beldurrak uxatzen dizkio. Hurbiltasun hori beharrezkoa da.

Mediateketan saio asko egiten ditut, denetarik biltzen zaizu, adin guzietakoak, elkar ezagutzen ez dutenak, eta horixe bera da publikorik zailena. Halako hizketa batekin hasten naiz, galderak egiten dizkiot jendeari, harreman hurbil xamarra lortzeko, ez nadin izan aparteko inor, beren arteko bat baizik. Niretzat ere on da, hartara bai baitakit euskara menderatzen ote duten, ez jakitea ere gertatzen baita. Hastapen horrek badu garrantzia giroa lortzeko. Gero, irakasle izan naizenez, haurren mundua hobeki ezagutzen dut, badakit zerk lortuko duen arreta, nahiz eta hori ere ez den automatikoa. Bestalde, saiatzen naiz gauza ezberdinak egiten, ez beti hitzezkoak. Badira sekulako kontalariak, Pello Añorga kasurako, hitzen bertutezeta magiaz jendea atxikitzen dutenak. Ni antzerki mundukoa naiz gehiago, eta doinuz eta bestez lotzen ditut. Haurrekin metodo guziak erabiltzen ditut: jokoan sarrarazi, interaktibitatea, marrazkiak, kamixibaiak… Mediateketan, euskararik ez dakitenak datozkidalarik, marrazki bidez lortzen dut haien arreta, eta segitzen naute, ez dakit istorio bera dugun, baina nirekin ditut. Zurekin atxiki eta bidaian eramaten dituzu.

Nondik ateratzen dituzu istorioak?

Denetarik dut. Azken urteotan euskal mitologiari buruz moldatu ditut zenbait. Beste kontalarien saioetara ere joaten naiz.

Istorioek ez dute Schengen ezagutzen, mugak gainditzen dituzte eta toki askotatik heltzen dira. Afrikatik ere badira sekulako istorioak.

Funtsezko mezua bera da hizkuntza guzietan, han egingo dute lehoi batekin, hemen hartza izanen da, edo otsoa. Aski errazki aldatzen ahal dituzu gauzak.

Zein da ipuinaren funtsa? Zerbait irakastea?

Ez. Niretzat, gozatzea da. Irriarekin edo ustekabekoarekin gozatzea, eta hori euskaraz egitea. Gero, nahi ala ez, mezuak badira, istorioak berak baditu, nik erran behar izan gabe ere.

Batik bat kolegioetan izan duzu irakasle esperientzia. Ipuin kontaketetan haur txikiagoak biltzen zaizkizu normalki. Bada alderik?

Zazpi eta hamabi urte arteko haurrak aise eramanen dituzu istorioan. Parte hartzeko gogoa izaten dute, ez dira horren arrazionalak izaten, eta erraztasun handiagoa dute. Ttipiek irudimena sekulakoa dute, baina zail-zailenak dira. Haiekin, istorioaren ordez magia behar duzu, istorio xinple-xinpleak dira. Niri magia hori falta zait. Egiten ditut istorioak, baina ez naiz eroso sentitzen, beti badut halako zalantza bat. Mugitzen dira, eta gero ohartzen zira entzuten zaituztela, eta mugitze horrek, aztoratu egiten nau.

Kolegioetan ere ibiltzen naiz. Haiek maitasun istorioak eta heroienak maite dituzte. Istorio iniziatikoak dira gehienetan, beldurrari eta geroari buruzkoak, baina helduagoen mundukoak.

Helduentzat ere aritzen zara?

Euskal Herrian badugu ahulezia bat, ipuinak haurrentzat direla pentsatzen dute jendeek, baina baditut sailak helduentzat ere, irri egitekoak, historiari lotuak, itsasoari buruzkoak… Mila gauza. Galde biziki guti da, ordea.

Konparaziora, Landetan edo Biarnon kontalariek badute estatus bat. Hemen, hitzarekiko rol hori bertsolaritzak betetzen du. Ahozkotasunaren indarra haiei aitortzen zaie, eta bistan dena, bertsolaritza oso landua da, baditu bere merezimenduak.Bertsolariei, dena den, guri bezala, ziloak estaltzeko deitzen zaie. Guri usu gertatzen zaigu hori, bereziki helduentzat denean. Bizpahirutan gertatu zait, ipuinak kontatzeko deitu eta ostatu baten ondoan jartzen zaituzte, beharbada kantaldia izan da zure aitzinetik, edo beste zerbait, eta jendea mintzatzen hasten da. Kontalaritza ez da errespetatua Ipar Euskal Herrian. Irratian ere gertatu izan zait, elkarrizketa egiten dizute, eta, finitzeko, istorio txipi bat eskatzen. Kontatzen ari zarelarik, bat-batean eten egin behar, tenorea heldu delako. Bertsolaria ez lukete sekula horrela moztuko.

Hego Euskal Herrian badira kontalari handiak, Karrere eta beste, eta estatusa aitortzen zaie, profesionalak dira. Hemen, Koldo Ameztoi ere badabil, baina hark nik bezala hitz egingo dizu, lan gehienak Euskal Herritik kanpo egiten baititu. Hemen ez du sobera galderarik, eta hemengoarekin ez da bizitzen ahal.

Kontalaritza txistearekin ere nahasten da zenbaitetan.

Bai, eta hemen txisteak usu gerritik beherakoak dira, eta duela 30 urtetik berberak. Zenbaitetan, euskaraz egiteko deitu, eta, gero,frantsesez egiten zituzten txisteak. Zer-nolako tristezia. Zorionez, aldatu dira egoerak!

Jakintza handia metatu duzu euskararen aldetik. Ez da berdin izango ipuinak Baigorrin kontatu ala Hendaiako mediatekan.

Publiko ugaria dut Hendaian, eta ona, gehiena Hegoaldetik etortzen da, edo hizkera bederen hangoa da, eta hor zabiltza, ipuinak nola kontatu oso ondo ez dakizula, baina argi esan zidaten: zuk hemengoa behar duzu erabili, ez hangoa. Hegoaldeko kolegioetara joaten naizelarik, DBHra alegia, saiatzen naiz hangoa egiten baina berehala antzematen dute hemengoa naizela. Xiberoan ere naizen bezala agertzen naiz. Nahiz eta hitz batzuk sartu, nik nire euskara egiten dut.

Haurrek nola hartzen dute ezberdintasunhori?

Natural. Guk ttipi-ttipitatik badugu gurea. Gau eskoletan irakasle aritu naizenez, badut euskara batua ere, eta hortxe juntan gara. Aberastasun handia da. Shakespeareren garaian ere hori bera zen. Irratia pizten duzularik, baduzu xiberera, nafarra edo kostaldekoa, baduzu Hendaia aldeko delako euskara bitxi hori, eta horiek denek salda egiten dute, baina elkar ulertzen dugu, eta hori biziki ona da.

Zer moduz eskola elebidunetan?

Euskara maila aski apala da, ikasten ari dira. Guk haurrak diren bezala hartzen ditugu, ez dugu besterik egiten ahal. Euskarak toki mugatua du, intelektuala. Haurrek non baliatzen dute euskara? Ez karriketan, ez etxean, eskolan erabiltzen dute, ikasteko. Nik, deitzen nautenean, beste euskara bat ekartzen dut, euskararen beste arlo bat. Gauza irrigarriez eta bihotza hunkitzen duen gauzez aritzeko deitzen naute.

Badira gauza interesgarriak ere. Orain, Hazparneko ikastolan ari naiz lanean. Hastapeneko zailtasunak gaindituta, istorio bat muntatu dugu, biziki polita. Kamixibai bat egitea zen asmoa, baina zaila zenez, argazki bidez antolatu dugu. Istorioa ikasleek asmatua da eta berek emana. Sekulako indarra ematen du horrek, gauzak euskaraz eta elkarrekin sortu baitituzte. Beren irakasleari azaltzen ikusi nituenean, bakoitzak bere zatia nola kontatzen zuen, emozio handi batek hartu ninduen. Xarmatua nintzen.

Talde lanean sinesten duzu, beraz. Aplikatu duzu irakaskuntzan?

Ez hainbeste. Antzerkian bai, dudarik gabe. Frantses sistema biziki egituratua da, zu zara irakaslea, dena dakiena, teorian. Zeu ere mugatuta zaude, beste irakasle batzuekin lan egiteko eta, bakoitzak bere esparrua du, dena zatitua da.

Aintzat hartzen al da euskararen transmisioan duzuen garrantzia?

Kontalaritzak ez du inportantziarik. Irratian noiz entzun duzu ipuin kontalaririk? Bertsolaritzak badu, eta biziki ongi dago, baina hor bada esnobismorik ere. Dena den, bertsolaritzak sekulakoa erakutsi du. Txapelketetan-eta, herri bat garela sentitzen ahal da.

Gurea besterik da. Lehenik partekatzen duguna istorioa da, odolarekin batera. Odol bera dugu, eta istorioak ere kasik berak dira mundu osoan. Harpeen ilunpetik heldu zaizkigu, hizkuntzaren ilunpetik, eta guk transmititu egiten ditugu. Istorioek berekin dituzte gauzak. Mende guztiz, garaikoak dira, beti segituko dute.

Ipuinak dira gure lurraren mintzoa. Lurra diodalarik, diot gure arbasoek moldatu bazterrak, haiek amestuak, izendatuak; diot gure ohiturak, gure pentsamoldeak eta, jakina, horiek denak batu eta bizi gaituena: euskara. Istorioak ez dira iraganean eihartutako kontakizunak. Gaurkotzen dira. Azala aldatzen zaie, baina barneko muina beti bizi-bizia datorkie. Ipuinaren kroskoa, intxaurrarena bezala, hautsi behar barneko hazkurria murtxatzeko...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.