Iraunkortasuna

Intxaur oskolak berrerabilgarri

Ternuak intxaur oskolak berrerabili ditu jantzi sorta berri bati kolorea emateko. Otsailean jarri nahi du salgai 'Lurrekolore' sorta. Gipuzkoako sagardogileekin elkarlanean egin du

Edu Uribesalgo Ternuako berrikuntza zuzendaria, Lurrekolore jantzi sortako jertse bat jantzita. JON URBE / FOKU.
Maialen Unanue
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
«Gure sagardotegiek zer egiten dute intxaur oskolekin?». Galdera horixe piztu zitzaion Edu Uribesalgori Alemaniako Friedrichshafen azokan zela; Ternuako berrikuntza zuzendaria da. Han ikusi zuen tinta egin zitekeela nekazaritzako hondakinak berrerabilita, eta segituan etorri zitzaizkion burura sagardotegiak eta intxaurrak. Handik itzuli bezain pronto jarri zen harremanetan Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearekin, eta abian dute jada Lurrekolore proiektua: izatez, aurreikusi dute otsailean dendetan egongo dela Lurrekolore izeneko jantzi bilduma.

Apirilean hasi ziren intxaur oskolak batzen lau sagardotegitan: Aburuzan, Petritegin, Saizarren eta Iparragirren. Horretantxe ari dira oraindik, izatez. Guztira, 300 intxaur oskol kilo batzea dute helburu, 10.000 jantziko sorta egiteko. Uribesalgok azaldu duenez, asteburu honetan Alemaniako azoka horretara itzuliko dira, jada esku artean baitituzte eredu batzuk, eta horiek erakutsiko dituzte. Handik bueltan, intxaur oskolak bildu eta Tuterara eramango dituzte (Nafarroa): «Lehen pausoa oskolak birrintzea da, eta badaukat lagun bat Tuteran horretan lagunduko diguna; hauts hori Bartzelonara bidaliko dugu gero, eta han koloragarria egingo dute».

Uribesalgoren deiak martxan jarri zituen sagardotegiak, Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko arduradunaren arabera. Sagardogileek zailtasun bakarra ikusten zuten: nola bildu intxaur oskol horiek. Izan ere, otorduen amaieran mahaiak garbitzen direnean, hondakin organiko guztiak elkarrekin bildu ohi dira.«Bileretako batean proposatu genuen egurrezko saskitxo batzuk jartzea; hala, jendeari aukera ematen diozu proiektuan parte hartzeko. Askoz ere politagoa gelditzen da horrela, jendeari esaten diozulako egiten ari den horrek zer etorkizun izango duen», azaldu du. Saskiak jarri dituzte, baina ez edonoiz: astegun iluntzeetan jarri dituzte. Izan ere, asteburuetan jende gehiago ibiltzen denez, eta horregatik sagardotegietako langileek lan gehiago izaten dutenez, errazago egiten zaie jende gutxiago dagoenean jartzea: «Ez gara ausartu, adibidez, larunbat eguerditan saskitxoa uztera, igual jende gehiago dagoelako; nahiz eta gehiago lortzeko aukera izan, langileak oso lanpetuta dabiltza, eta kontrolatzeko ez da hain erraza».

Lehengai gehiagoren bila

Sagardotegiek pozik hartu zuten Ternuaren proposamena, Mitxelenaren esanetan: «Lankidetza bat sortu dute orain arte pentsatu ez duten eremu batean; ez zuten pentsatu ere egiten intxaurrekin tinta naturala egin zitekeenik». Ternuarentzat izateak, gainera, berezi egiten du, haren ustez: «Jendeari Ternua aipatzen diozunean, gustatu egiten zaio: Euskal Herrian mendiko arroparen oso zaleak gara kalera joateko ere».

Proiektuaren hirugarren hanka Archroma enpresa da: intxaur oskol birrindua koloragarri bihurtuko du. «Koloragarria egiteko, lehengaia ahalik eta gehien txikitu behar da, gero urarekin nahasteko», azaldu du Nuria Estape Archromako promozio arduradunak. Azaldu duenez, uraz gain, sulfuroa ere gehitzen diete intxaur oskolei. Estapek azaldu duenez, egiten dituzten produktu gehienek petrolioa dute oinarrian, baina hori aldatu nahian dabiltza: «Gure I+G guztiz horretara bideratuta daukagu gaur egun».

Tintak, noski, intxaur kolorea izango du. Uribesalgok nabarmendu duenez, ordea, probak egiten ari dira, ikertzeko bestelako zer lehengairekin egin dezaketen gauza bera, eta intxaur tintarekin nahastu, emaitza ikusteko: «Pentsa: nahas ditzakegu intxaur azaletatik eta oliben hondakinetatik ateratako tintak, bakoitza ehuneko jakin batean erabilita, eta kolore berezi bat hartuko du; nahasketak polita izan behar du».

Ternuak orain arte egin dituen «jantzirik iraunkorrenak» dira Lurrekolore-koak, Uribesalgoren esanetan: «Kamisetetan erabiltzen dugun kotoia birziklatua da, poliester birziklatuarekin nahastuta. Kotoi birziklatua aurrez erabilitako jantzietatik dator, eta plastikozko botila zaharretatik ateratako hariekin nahasten dugu: bigarren bizitza bat ematen diegu bai jantziei, bai plastikozko botilei baita intxaur oskolei ere tintaren bidez». Datorren urtean merkaturatuko duten jantzi sorta bi kamiseta eta bi jertse modelok osatuko dute; 2020. urtera begira jarrita daude, ordea, eta jantzi mota gehiago egin nahi dituzte ordurako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.