ATZEKOZ AURRERA

Intsektuen handitasuna

Cirque du Soleil 'Ovo' ikuskizuna eskaintzen ari da Donostian. Intsektuen ekosistema bat sortu dute, eta arrautza baten inguruko istorioa osatu, antzerkia, akrobaziak eta musika uztartuz.

Intsektu talde bat ovo-a eskuetan GORKA RUBIO/FOKU.
Naroa Rios
Donostia
2023ko uztailaren 21a
00:00
Entzun

Arrautza erraldoi batek ematen die ikusleei ongietorria. Uraren eta zomorroen soinuak nagusitu dira. Donostia Arena desagertu, eta, aztikeriaz, bizitzaz beteriko benetako ekosistema bat bihurtu da. Ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago, ilarek eraikin osoa inguratzen dute. Ovo —arrautza, portugesez— munduan barneratzeko urduritasuna eta ilusioa nabari dira giroan.

Ikusi gehiago:Argazki galeria

Cirque du Soleil-en Ovo ikuskizuna 2009ko apirilaren 23an estreinatu zen lehen aldiz, Deborah Colker brasildar koreografoak zuzendua. Egunotan Donostia Arenan egongo da, etzi bitartean.

Konpainiak aukeratu duen unibertsoa intsektu eta zomorroena da. Mundu hori irudikatzeko erabili ditu bizitzaz beteriko koloreak; karikaturizazio ikusgarriak; 3Dkoak diruditen proiekzioak; zuzeneko musika; eta lehen mailako zirku-performanceak.

Lehenengo eszenatik, akrobaten mugimenduek eta jantzien koloreek hipnotizatu egiten dute. Eszena bakoitzean aretoa harridura eta lilura soinuez bete da, txaloz lagunduta.

Eszenatokia ez da eszenatoki bat, benetako intsektuak dauden ekosistema bat da. Leku berean zazpi eszenatoki-aldaketa daude. Aldaketak hain dira ondo eginak, ezen magia ere ematen du. Horrek aukera ematen du emanaldian erabat murgiltzeko.

Istorioa argiak itzaltzen direnean hasi da. Eltxo batek eszenatokiari buelta bat eman dio, nekatuta dirudi. Bizkar gainean objektu obalatu bitxi bat duela lurreratu da: ovo-a, arrautza. Objektu misteriotsu horrek jakin-min izugarria sort du intsektuen artean. Pixkanaka, ekosistema txikiko biztanle guztiak agertuz joango dira: krisalidetatik irteten diren tximeletak; ezinezko jauziak egiten dituzten otiak; dotorezia berezia duten burruntziak... besteak beste.

Ikuskizunak irauten duen ehun minutuetan ovo-an oinarritutako istorioa kontatzen dute. Protagonistak mantangorri pinpirin bat, kakalardo marmarti bat eta eltxo dibertigarri bat dira. Intsektu guztiak, objektu obalatua ikusi bezain laster, guztiz liluratuta geratzen dira. Guztiak eszenatokian dira. Arrautza eltxo dibertigarriaren eskuetan dago.

Eszenaren eta eszenaren artean, ikuskizunak etengabe jarraitzen du. Umorea, barreak, antzerkia... Istorio nagusia osatzeko, kontortsionisten eta akrobaten emanaldiak daude. Antzezlan baten eta elkarri lotutako ikuskizun akrobatiko baten arteko nahasketa da. Kontortsionistak agertokira sartzen diren bakoitzean, ikusleak ikaratu egiten dira beren emanaldiekin. Zintak, uztaiak, jauzi ikaragarriak.

Beste eszena batzuetan, arrautza itzultzen da, bere protagonismo bereziarekin, amaieraraino airean uzten duen istorio batekin. Aktore eta ikusleen interakzioak momentu oro izaten dira. Alde batera begiratu eta garraxi egiteko eskatzen diete; ikusleek obeditu dute, bestera, eta berdina. Momentu batean, kakalardoa eszenatokitik jaisten da, ikusle bat eskutik heltzen du, eta eszenatokira igotzen du. Dantza pixka bat eta barre asko egin eta gero txalo artean bueltatu da eserlekura. Artistak gai dira istorio bat kontatzeko, hitzez ezer esan gabe. Izan ere, haien artean soinuen bidez komunikatzen dira. Ikuskizun bizia eta dinamikoa da, bi ordukoa, baina intsektu baten hegada bezain azkar igarotzen da.

Familia osoarentzat

Espektakuluak begirada helduago horretatik irten eta begirada inozenteago batez gozatzera gonbidatzen du, krisalidatik atera eta jaiotzen den tximeleta bezala.

Bukaeran, ikusleek hamar minutuko txalo zaparradarekin saritu dute artisten ahalegina. Ikusleen artean haurrak eta ez hain haurrak, familiak eta lagun taldeak daude, denak ere gozatua hartuta. Koloreak, emanaldiak, dekoratua, musika... Natura eta oreka ezin hobeto gauzatu ziren.

Espektakuluaren biodibertsitatea osatzen duten intsektuek txalo eta erreberentzia artean agurtu dituzte ikusleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.