Ez da berria, naturak berez egiten duen lana baita izurriteak modu naturalean kontrolatzea. Berria dena da gizakiak sartzen duela berriro tartean eskua. Pestizidekin egin zuen lehenengo —eta ari da—, eta debekatu egin zizkioten hurrena —bai, behintzat, batzuk—. Naturara bueltatu da berriz, baina eskua sartu du tartean berriro, intsektuak birsortu eta intsektuen kontra erabiltzeko. Arrazoietan bada aurrerapen bat, argudioetan ere bai indar bat, emaitzetan ere bai hobekuntza bat, baina erabileran ere bai kezka bat.
Mantangorriak badu iruditeria bat ederrarena, onarena eta xaloarena, baina harrapakari galanta da. Zuhaitz eta landareetako zorriak ditu maite, batez ere. Larba den garaian egiten ditu tripakadarik handienak, baina baita mantangorri heldu bihurtutakoan ere. Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) haien alde egin du apustu bananondoetan dituzten zorrien kontra egiteko. Iker Bidarte Gureak Berdea lorezaintza enpresako kideak azken hiru urteak daramatza horretan, Hernanin. Oso sinple azaldu du zergatia: «Herrietan eta hirietan produktu fitosanitarioak botatzea debekatuta dago orain. Nekazaritza ekologiko- an eta konbentzionalean horrelako larbak aspalditik darabiltzate, eta hortik egin zuen salto lorezaintzara. Produktu fitosanitarioak erabiltzen direnean, izan ere, animalia guztiak hiltzen dituzu: onak zein txarrak —nahiz eta txarrik ez den, berez, batere—».
«Txarra» bananondo eta ezkietako zorria da kasu honetan, eta «harrapakari ona» mantangorria —Coccinellidae da haren familia, eta Coccinella septempunctata espezie arruntena eta horrelakoetarako erabiliena—. Bidartek grafikoki esplikatu du prozesua: «Zorriak hostoa pikatzen duenean, melaza moduko bat sortzen du. Melaza hori inurriei asko gustatzen zaie. Inurriek melaza hori jaten dute eta joaten dira beste zuhaitz batera. Zorriek inurriak erabiltzen dituzte autobus baten moduan beste zuhaitzetara mugitzeko, eta denean hedatzen dira». Herritarren kexuak, ordea, ez datoz zorriak ugaritzen ari direlako, melaza horrek eragiten dituenengatik baizik. «Oso itsaskorra da, kotxeen gainera erortzen da, espaloira, kafetegietako terrazetara... horrek sortzen du kezka eta protesta, eta horregatik tratatzen dira zuhaitz horiek modu horretan».
Larbak, kaxetan zintzilik
Modua bera ere sinplea da. Larbak erosten dituzte horretan espezializatuta dagoen enpresa batean— enpresa zein larba aukera zabala dago Interneten—. Kaxetan iristen zaizkie, eta larba direla. «Esaten diezu zer gaitz edo izurri duzun, eta haiek bidaltzen dizute haien harrapakari naturala. Badaude espektro handikoak eta badaude oso-oso zehatzak eta espezializatuak direnak».
Larbek badute haien zikloa, eta kaxa horietan iristen zaizkienak azken fasean daudenak dira: mantangorri bihurtzear. Zuhaitzetan zintzilikatzen dituzte kartoizko kaxa biodegradagarrietan. «Kaxetatik ateratzen direnean, bertan dute janaria eskura. Eta mantangorri bihurtutakoan ere segitzen dute zorriak jaten».
Gustura dago Bidarte lortutako emaitzekin. Izurritea kontrolatzea baita helburuetako bat, baina ez da bakarra: «Hernanin zenbait tokitan lortu dugu izurritea kontrolatzea, baina lortu duguna da mantangorri horiek inguruko belazeetara bueltatzea. Arrautzak jartzeko belazea behar dute, eta herriko lorategietara joaten dira. Horrela lortzen duzu inguru horretan mantangorri kopuru bat edukitzea. Duela bost urte 30 kaxa jartzen bazenituen, orain jada bost jarrita nahikoa da inguru jakin batzuetan. Populazio bat sortzen da, eta, horrela, kontrolatuago dago zorria».
Fernando Castro Aranzadi zientzia elkarteko entomologoa da. Kontrol biologikoari buruzko erreferentziak «aspaldikoak» direla dio, eta «ongietorria» egiten diola berak, «txalotzen» duela «kimikoa beharrean» biologikoa erabiltzea. Baditu, hala ere, ñabardura batzuk egiteko: «Kontrol biologiko hori era industrialean egiten da orain. Teknologiari esker, geroz eta intsektu espezie gehiago hazten dira beste intsektu batzuen kontra egiteko, eta ez gara ari bakarrik harrapakariei buruz; ari gara, batez ere, parasitoei buruz: parasitoak eta parasitoideak. Oso espezifikoak direlako, badaudelako espezie jakin bat erasotzeko bakarrik erabiltzen diren parasitoak».
Haien funtzionatzeko modua bestelakoa da. Funtsean, intsektu batek bere arrautzak beste intsektuaren barruan edo gainean jartzen ditu, eta lehenengo horren larbek jan egiten dute bigarrena. Castrok hor ikusten du «arriskua», ikustekotan: «Gakoa da sartzen ari zaren espezie hori bertakoa den ala ez. Arriskua sortzen da kanpoko espezie bat edo espezie exotiko bat sartzen duzunean lan horietarako. Hedatu daitekeelako eta beste espezie batzuen kontra egiten hasi. Espezie exotiko horiek normalean parasitoide horiek izaten dira eta espezie jakin batean egoten dira espezializatuta. Baina parasitatzen duen hori amaitzen zaionean, zer? Halako beste baten kontra ere hasten bada, zer? Hori ez dago jakiterik. Baina espezie exotiko bat sartu behar bada, izan dadila espezializatua, eta ez orokorra, bestela, arazo bat izan dezakegu».
Entomologoa da Castro, eta nabarmendu du bera ez dela kontrol biologikoan aditu bat, bere «hausnarketa» beste norabide batean doala: «Txalotzen dut ekinbidea. Baina... mantangorria? Horren espezie arrunta izanda, horren gaizki egin ditugu gauzak geuk haien larbak erabili eta sartu behar izateko? Biodibertsitatean benetan sinesten badugu, egin dezagun modu horretako lorezaintza bat, naturatik gertukoa, konponbide naturalekin. Basoko habitatetik gertukoagoa den lorezaintza bat, onartuta habitat urbanoei buruz ari garela askotan. Baina egin daiteke, sortu daitezke uharte moduko batzuk, landaretza heterogeneoagoa dutenak,bertako landaretza dutenak, hor har dezaten babesa onuragarriak diren intsektu horiek: mantangorriek, esaterako».
Gakoa: biodibertsitatea
Bat egiten du haren hausnarketekin Bidartek. Garbi dauka: «Geroz eta biodibertsitate handiagoa, izurriak hobeto kontrolatzen dira». Eta dio Gureak Berdeak enpresakoak ere ildo horretan ari direla lanean. «Baina komunikatzen beste era batera dago asmatu beharra. Zuhaitzen funtzioak eta beharrak zein den ongi komunikatu behar dugu. Ikusten duzu makal bat belarrez inguratuta, eta jendea berehala hasten da esaten hori zikina dagoela, udal langileak ez direla ongi ari. Ez dakitelako gune horretan badela biodibertsitatea, badirela erleak, zomorroak... elkar jan eta ekiditen dituztenak izurriteak. Hori ongi komunikatzen bada, jendeak ez du zikin gisara ikusiko».
Garbitu eta txukundu beharraren beharraz, garbiegi eta txukunegi gelditu direla, funtsean, hiri eta herrietako gune berde asko. Parean harrapatutako guztia atera eta kendu egiten dela, gehiegitan. «Baina zonifikatu daiteke ongi, zuhaixka erako landaretza jarrita, belar luzeagoa... Izan ere, estetikoa, subjektiboa da. Bati polita iruditzen zaiona, besteari, ez. Plangintza egoki batekin egiten bada, lortu daiteke», azpimarratu du Castrok.
Intsektuak intsektuen kontra
Kontrol biologikoa erabiltzea geroz eta ohikoagoa da nekazaritzan ez ezik lorezaintzan ere. Hernaniko Udalak mantangorrien larbak jarri ditu berriki hainbat zuhaitzetan zorriei aurre egiteko. Intsektu harrapakariak erabiltzearen «onurez» mintzo dira arduradunak, eta erabilera «egokia» egin beharraz zientzialariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu