Aurikularrak jarri, eta ahots bat dago beste aldean: interpreteak dira. Kabinetan, etxetik edota eskailera baten azpian dagoen gelatik lan egiten dute, eta, interpreteen lanari esker, hizlariek beren ama hizkuntzan hitz egiteko aukera dute, entzuleek ulertzen duten hizkuntzan jasoko baitute hitzaldia. Aurpegirik ez duten ahots horiek etengabeko formakuntza jaso behar izaten dute, bai gaiei dagokienez eta baita hizkuntzei dagokienez ere, entzuleari kalitatezko informazioa xuxurlatzeko. Amaia Orbe interpreteak nabarmendu du Euskal Herrian interpretazio lana uste baino hedatuago dagoela: «Oso ohituta gaude zubi lana egitera; nori ez zaio tokatu noizbait xuxurlari gisa ibiltzea?». Xuxurlak oihu bihurtu dira; izan ere, gaur Konferentzia Interpreteen Nazioarteko Eguna da; interpreteek eguna ospatuko dute, baina lan baldintza duinak aldarrikatzeko aukera ere probestuko dute.
Bigarren Mundu Gerran eginiko krimenengatik, buruzagi naziak Nurenbergen (Alemania) epaitu zituzten, 1945eko azaroaren 20an hasi zen prozesu batean. Herrialde bateko lider politiko eta militarren aurkako estatuz gaindiko lehen epaiketa izan zen: nazien aurkako epaiketarik handiena. Testuinguru horretan jaio zen konferentzia interpretazioa. Maitane Uriarte interpreteak azaldu duenez, aurretik ere egon ziren hitzaldiak aldi berean interpretatzeko saiakerak, baina egun hori hartzen dute lanbidearen jaiotza gisa: «Lehenengo aldiz, ikusi zen bazegoela profil bat ezinbestekoa zena: interpreteena».
Interpretearen burmuina «orkestra sinfoniko paregabea» dela azaldu du Uriartek bere artikuluan: Zer gertatzen da interpretearen burmuinean?. Hasteko, interpreteak soinu seinaleak jasotzen ditu; deskodetu, eta ezagun diren soinu bihurtu behar ditu. Gero, mezua ulertu behar da beste hizkuntzan ekoizteko. Prozesua garunaren ezkerreko hemisferioan gertatzen da, hizkuntza lantzen den tokian. Bi eremu dira garrantzitsuak interpreteen kasuan: Wernickeren eremua —hizkuntza ulertzeko— eta Brocaren eremua —hizkuntza ekoizteko—. Bi eremuek elkarrekin dantzatu beharko dute interpretazioa egiteko.
Dantza horrek minutu batzuk irauten du, aldi bereko interpretazioa oso azkar egiten baita: entzun, prozesatu eta aldi berean itzuli. Hala ere, momentuko lan horren atzean, ikusezina den prestakuntza lan bat ere badago. Saioa Uzkiano interpreteak argitu duenez, «ezinbestekoa» da ezagutza orokorra hedatzea: «Egunero irakurtzen dut; interesatzen zaizkidan gaiei buruz eta interesatzen ez zaizkidanei buruz».
Hitzen testuingurua
Zientzia, politika, historia... Denetik ikasi behar dutela esan du Claudia Torralba interpreteak: «Ikasketa lan hori ez da inoiz amaitzen; beti behar da prestaketa lan bat». Termino zehatzekin hiztegi zabal bat sortu behar izaten dute, gero interpretazioa egiteko orduan hizlariak esandakoa ongi ulertzeko. Arlo desberdinetako ezagutzaren liburutegi bihurtzen dira interpreteak, baina Uriartek azpimarratu du interpreteak direla eurak, ez magoak.
Interpreteen eskuek gutxitan jasotzen dute dokumentazioa hitzaldia hasi aurretik, eta horrek lana oztopatzen duela esan du Orbek: «Gure lan baldintzak bermatzeko eta bertan dauden entzuleen hizkuntza eskubidea bermatzeko, testua izan behar dugu aldez aurretik». Hizkuntza idatziak duen moldetik hizketakoak duen moldera igarotzeko behar dute dokumentazioa. Torralbak pasarte bitxiak bizi izan ditu, adibidez, umorearekin eta bertsoekin: «Aurreikusi ez den broma bat egiten badute, entzuleei esaten diet txiste bat kontatu duela eta mesedez barre egiteko».
Maratoiko korrikalariak bihurtzen dira interpreteak; bilkura hasi baino hamar minutu lehenago, korrika eta presaka ibiltzen dira, azken orduko gidoiak jasotzeko. Batzuetan, maratoi horrek ez du emaitza onik izaten, iaz Arabako Batzar Nagusietan gertatu zen bezala. Interprete batek bilkura hasi baino egun batzuk lehenago eskatu zuen dokumentazioa, baita bilkura hasi baino hamar minutu lehenago ere, baina ez zuen erantzunik jaso. Mikrofonotik esan zuen ezin zuela kalitatezko lana egin, eta bilkura hogei minutuz atzeratu zuten, interpreteak testua irakurtzeko aukera izan zuen arte.
Lan baldintzak
Auzi horrek interpreteen lan baldintzak erdigunean jarri zituen, bai autonomoena, eta baita lantaldeko kideen eskubideak ere. «Gure asteak mugimendu handikoak dira. Egun batetik bestera jasotzen ditugu enkarguak, eta askotan ez digute esaten zertarako den», salatu du Uzkianok, zeinak interprete autonomo gisa lan egiten baitu. Maleta erdi egina izaten du beti Orbek, mugitzeko prest: «Ez gara benetan autonomoak; bagara lan kolektibo baten parte. Ez gara sindikatzen, baina elkar mimatu behar dugu, lan baldintza jakin batzuk bermatzeko».
Euskal interpreteen %70 inguru emakumeak dira, eta horrek ere babesa ematen diela argudiatu du Uriartek, ahizpatasuna nagusi delako: «Kaos baten erdian dantzatzen diren artistak gara; egunez egun aldatzen da, baina talde bat osatzen dugu». Etxetik lan egiten dute askotan. Bi ordenagailu, kable bidez egiten duten Interneterako konexioa eta entzungailu bereziak behar dituzte. «Gure etxean Babelgo dorrea muntatu behar izaten dugu», gaineratu du Orbek. Torralbak ordutegi finkoa du gaur egun, Bizkaiko Batzar Nagusietan lan egiten baitu, baina oraindik ere politikarien atzetik ibili behar izaten du hitzaldiak aldez aurretik lortzeko. Lan egiten duten lekua ere aldakorra da: eskaileren azpiko gelan eta eliza batean muntatu behar izan dute bulegoa, adibidez.
Aurten mehatxu nagusia Espainiako Senatutik iritsi dela azaldu du Uriartek. Senatuak irizpide ekonomikoan oinarritutako lehiaketa bat jarri zuen abian euskarazko, katalanezko eta galizierazko interpretazio zerbitzua esleitzeko, eta hartara bideratutako aurrekontua ere murriztu zuen. Horren ondorioz, interpreteek ordubeteko lanak doan egitea proposatu dute. Uriartek: «Hizkuntza koofizialen interpreteak guztiz kontziente gara erakunde batzuetan arma politiko bihurtu ahal garela».
«Interpreteei buruz ezer ez esateak egindako lana ondo dagoela esan nahi du»; hala azaldu du Torralbak, baina uste du ahotsen atzean dauden langileak itzaletik ateratzen ari direla poliki-poliki: «Ikusgaitasun kontua dela uste dut, eta jendeak ez dakiela gure lanbidea zer den». Interpretazio lana hitzak itzultzea baino askoz gehiago dela defenditu du Uriartek: «Euskararen kasuan, esango nuke interprete izateaz gain gure hizkuntzaren zaindari ere bagarela».
Urrian, Atef Abu Saif idazle eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohiaren hitzak aldi berean interpretatu zituen Uriartek. «Hemen kontua ez da Israelen edo Palestinaren alde posizionatzea, baizik eta gizatasunaren alde posizionatzea», esan zuen hizlariak, eta entzuleek ez zuten erreakzionatu Uriarteren ahotsa entzungailuetatik iritsi zen arte: «Nire bertsioa entzun zutenean, denek txalotu zuten, eta zutik jarri ziren. Ez du preziorik sentitu nuen gogobetetasunak eta benetan lagungarria zarela ikusteak».