Info7ra heldu aurretik, TtanTtakun irratian eta Irola irratian saio bana egin zuen Ion Olanok (Donostia, 1983).
Lapurretik zer duzu zuk?
Aitor dut lapur hutsa naizela, nahita edo nahi gabe. Baina ni ez naiz bakarra: denoi lapurtu digute zerbait, eta denok lapurtu dugu noizbait. Sartudalapurra saioan,horri buruz hausnartzea da asmoetariko bat. Azken finean, interesatzen zaizkigun gauzak lapurtzen ditugu han eta hemen. Hori bai, ez al digute egunero-egunero askoz gehiago lapurtzen?
Zer bide egin du Sartudalapurra proiektuak Info7 irratira iritsi arte?
Prozesu luzea izan da, gorabeheratsua. Baina, esaten den moduan, «gogoko tokian, aldaparik ez». Info7 irratian, gainera, erabateko askatasuna eman digute eta oso pozik gaude egiten ari garen ibilbidearekin. Nora eramango gaituen? Auskalo. Hori da onena.
Entzuleen ekarpen asko jaso al duzue orain arte? Erantzungailua zer moduz doa?
Espero baino gehiago eta nahi baino ekarpen gutxiago jasotzen ari gara. Ez da erraza entzuleen parte-hartzea lortzea, baina saiatzen ez bagara, ez dugu sekula lortuko. Gustura gaude orain arteko ekarpenekin, baina gose gara: beti nahi dugu gehiago.
Dozena bat saio egin dituzue. Programak ba al du eperik ala luzaroan jarrai dezakeela uste duzu?
Eperik gabe abiatu genuen proiektua, eta halaxe jarraitzen dugu. Lapurreta hain kontzeptu zabala izaki, uste dugu infinituraino luza daitekeela, baina denborak esango digu noiz arte den infinitu.
Duela aste batzuk Peter Tosh musikari jamaikarraren inguruan programa monografiko bat egin zenuten. Horrelako gehiago egiteko asmorik al duzu?
Entzun nahiko genukeen saioa egiten saiatzen gara, hori da gure filosofia. Peter Toshen lana maite dugulako eskaini genion saio osoa; erabat natural etorri zen. Aurrerago halako zerbait bururatzen bazaigu, ez dugu zalantzarik egingo: barruraino sartuko gara.
Bidelapurrak ataleko lapurrei buruzko ipuinekin jarraituko al duzu?
Hori ere denborak esango du. Biltegian badugu oraindik hamaika ipuin eta kondaira, baita dozenaka film eta istorio ere. Hortaz, bidelapurren bidea luzea izatea espero dugu.
Zein da lapurren inguruan gehien gustatzen zaizun istorioa?
Txikitan Robin Hooden jarraitzaile sutsua nintzen; baina, arkuarekin trebea ez nintzenez, beste tresna batzuei heldu nien. Egun, bestelako lapurren istorioek liluratzen naute; esate baterako, Lucio Urtubia, Enric Duran eta halako lapur handienak.
Olerkizalea zara. Olerkigintzan ere ba al da lapurrik?
Bai olerkigintzan, bai artearen esparru guztietan, zera esango nuke: dena da lapurreta. Beste izen batzuk ematen dizkiogu, ordea: omenaldia, keinua, erreferentzia... Dena den, ez pentsa lapurreta zentzu negatiboan aipatzen dudanik. Lapurretak eta lapurretak daude.
Info7k bost urte bete ditu. Nola ikusten duzu proiektua?
Oraindik asko dago egiteko, baina inoiz baino sendoago ikusten dut proiektua. Bizitza luzea opa diot, baina bereziki, bizitza ona.
Kevin Heredia gonbidatuko al zenuke zure saiora?
Bai, noski! Galdetuko nioke, besteak beste, ea non erosi zuen kapela eder hori. Halako bat nahi dut niretzat. Ordaindu gabe, jakina.
Komunikabide talde handietan zer lapurtzen dute eta zertarako?
Ikus-entzuleen denbora, arreta eta batzuetan baita dirua ere. Zer ez dute lapurtzen! Gero esango dute geu garela lapurrak.
Sartudalapurra irratsaioaren espiritua irudien edo ikus-entzunezkoen mundura eramatea pentsatu al duzu?
Orain arte ez dut pentsatu, baina, aizu, ez da ideia txarra. Zure baimenarekin, lapurtuko dizut.
Komunikazioa. Ion Olano. Info7ko esataria
«Interesatzen zaizkigun gauzak lapurtzen ditugu han eta hemen»
Iazko azaroan estreinatu zuten, Info7 irratian, 'Sartudalapurra' kultur magazina. Ostiralero, 17:00etatik 18:00etara, lapurrak eta lapurretak hartzen ditu aitzakiatzat Ion Olanok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu