Urtebeteko geldialdiaren ondotik, elastiko koloretsuz eta txistu hotsez beteko dira Gipuzkoako futbol zelaiak uztaila hastearekin batera. Azken hiru hamarkadetan, uda hasierako ohiko irudia bilakatu dira gazte talde handiak, hainbat hizkuntzaren topaleku ziren zelaiak eta festa koloretsuak. Bueltan da Donosti Cup txapelketa, baina aurtengoari eraberriturik ekingo diote, ostiralean.
Beste hainbat ekitaldiren moduan, iazko txapelketa bertan behera utzi zuten pandemiagatik; baina 2021ean ez diote kale egingo urteroko hitzorduari, eta «eskaintza integratzaileago» batekin datozela adierazi dute antolatzaileek. Ostiralean hasi, eta bederatzi egun iraungo ditu lehiaketak; bi nobedade izango dira: unibertsitate taldeen kategoria eta futbol inklusiboko txapelketa. Izan ere, aurtengo Donosti Cup txapelketaren helburu nagusia «elkartasuna» izango da, Xabi Perez antolatzailearen hitzetan.
Lau lehiaketa izango dira jokoan datozen egunotan. Ostiral eta larunbatean, Donosti Mastercup by Santander lehiaketak emango dio hasiera txapelketari. Beteranoei zuzenduriko lehiaketa izango da, eta 40 talde inguruk hartuko dute parte. Euskal Herriko, Madrilgo eta Kataluniako taldeak arituko dira batik bat, baina izango da urrunagotik datorrenik ere. Emakumezkoetan, 30 urtetik gorako jokalariak arituko dira; gizonezkoetan, berriz, hiru kategoria bereiziko dituzte: 35, 45 eta 50 urtetik gorakoenak.
Jendetzarik ez oraingoan
Igandeko atsedenaldiaren ostean, astelehen eta asteartean futbol inklusiboaren txanda izango da. Donosti Authentics Cup txapelketaren lehenengo aldian lau taldek jokatuko dute, Realaren Zubietako (Gipuzkoa) instalazioetan. Realaren A eta B taldeak, Eibar eta Levante arituko dira norgehiagokan, eta, lehia bai, baina irabazlerik ez da izango. «Inklusibotasuna dugu xede, gizarte osoak kirolean aritzeko aukera izatea; kasu honetan, futbolean», azaldu du Perezek. Asteartean, sari banaketa eta itxiera ekitaldia egingo dituzte Zubietan.
Astelehenean hasiko da Donosti Cup txapelketaren 29. aldia ere, baina etxeko taldeek presentzia handia izango dute aurten: «Beste urtetan, agian, nazioartekoagoa izan da, baina aurten kirola izango da protagonista». Hala ere, ez dira faltako beste herrialdeetatik etorritako taldeak ere. Horien artean izango dira Espainiatik, Frantziatik, Italiatik, Belgikatik, AEBetatik eta Japoniatik etorritako hainbat jokalari. Osasun egoera dela-eta parte hartzaileen kopurua murriztu behar izan badute ere, 410 talde ariko dira lehian; horietatik 80 emakumezkoen taldeak izango dira.
Aurten, gainera, beste bi kategoria sortu dituzte: B25 eta G25 kategoriak. Unibertsitateetako futbol taldeei zuzenduriko kategoriak dira, emakumezko eta gizonezko taldeentzat. Perezen esanetan, kirola eta hezkuntza uztartzea da ekimenaren helburua, eta, etorkizunean, nazioarteko unibertsitateekin lanean aritzeko asmoa dute.
Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriak aldatuz joan diren heinean, txapelketa moldatu egin behar izan dute antolatzaileek. Azken arintzeen ondorioz, aurtengo aldian ikusleak izango dira, baina ez da jendetzarik elkartuko, eta protokolo zorrotzak ezarriko dituzte. Prebentziorako ordezkari bat egongo da zelai bakoitzean, eta hura izango da antolakuntzaren izenean neurriak betetzen direla ziurtatuko duena: «Eskatuko dugu kirol instalazioetan musukoa jarrita izatea une oro, ahal dela eserlekuetan eserita egotea, eta, ez badago eserlekurik, metro eta erdiko distantzia mantentzea». Zelai batzuetan, aldagelak ezin izango dira erabili. Ikusleen artean, lehentasuna izango dute taldekideen senideek, eta talde bakoitzari bertaratuko direnen izen zerrenda bat eskatuko zaio.
Edukierak eta guneak kontrolatzeaz gain, parte hartzaile guztiek antigeno proba bat egin beharko dute txapelketa hasi aurretik. Halaber, 30 egoitza finkatu dituzte txapelketak iraungo duen egunetarako, Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean; egoitza horiek bost burbuilatan banatuta egongo dira. Era berean, aurten ez da urteroko itxiera galarik izango, ezta agur festarik ere. Inaugurazio ekitaldia egiteko aukerak aztertzen ari dira oraindik.
Integratzaileago itzuliko da
Ostiralean hasiko da Donosti Cup txapelketa, iazko etenaldiaren ostean. Nazioarteko talde gutxiago arituko diren arren, lehiaketa berriak izango dira aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu