Inprobisazioa, ondo neurtuta

Bat-batean inprobisatzen da, baina ez da hutsetik ateratzen. Maider Segurolak azaldu du irratian gidoi on batekin hobeto inprobisatzen dela. Maialen Akizuren arabera, gorputzaldiak eragina du. Elene Eizmendiren lanean, «segundo batean dena alda daiteke».

Maider Segurola, atzo, Euskadi Irratiko estudio batean. GORKA RUBIO / FOKU
Maider Segurola, atzo, Euskadi Irratiko estudio batean. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko martxoaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Aurrez ezer prestatu gabe, zerbait egitea; bat-batean egitea, bat-batean aritzea». Hori da inprobisatzea, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera. Hala ere, William Shakespeare idazle ingelesak definizio horri atera zion ertza duela bost mende: «Inprobisazioak hobeak dira prestatzen badira». Paradoxa bat dirudi, baina hala da: bat-batean sortzen dena nonbaitetik atera da. Ezer ez da kasualitatea.

Horretan esperientzia galanta dute Maider Segurolak, Maialen Akizuk eta Elene Eizmendik. Segurola Euskadi Irratiko Faktoria magazineko esatari nagusia da, eta nabarmendu du irratigintzan inprobisatzen dela, baina gidoi baten gainean, betiere: «Gidoian asko egoten da idatzita, baina gero beti dago gidoitik ateratzeko aukera». Akizu bertsolaria, iritzigilea, soziologoa eta irakaslea da —besteak beste—, eta «zurrunbilo» gisa ulertzen du inprobisazioa: «Daukazun horretatik sortzen den zerbait da, eta eragin handia dauka gorputzaldiak». Eizmendi, berriz, Donostiako Udaleko protokoloko langilea da: «Gure inprobisazioa hau da: erantzun azkarrak ematea, baina legeak aplikatuz eta kontrolatuta».

Irratigintza

Goizeko hamarrak eta bostean, egunero, Maider Segurolak egun onak ematen dizkie Euskadi Irratiko entzuleei, eta denetariko elkarrizketa, erreportaje eta tertuliekin osatzen du Faktoria magazina ordu bata arte. Tarte horretan irratia pizten duen edonork pentsa lezake Segurola bat-batean ari dela: «Hala entzuten bada, seinale ona litzateke. Irratia konpainia da, eta normalean konbertsazio bat gauza organiko bat bezala ulertzen duzu. Baina irratian tranpatxoak izaten dira».

Horietako bi nabarmendu ditu Segurolak: «Batetik, jakitea zer kontatzera zoazen. Ezagutza izatea, bai gaiari buruz, bai parean daukazun pertsonari buruz. Horrela abantaila handiagoa daukazu parean daukazunarekiko. Gero, noski, ondo landutako gidoi batek sekulako segurtasun sarea ematen dizu».

Gidoi bati segitzeak, ordea, ez du esan nahi programaren nondik norakoak guztiz hertsiak izango direnik. «Gidoia ondo idatzita baldin badago, bestelako tarte batzuk dauzkazu. Gero, desberdina da Iñaki Guridirekin egiten dudan traspasoa [Faktoria albistegitik magazinera], edo oso elkarrizketa tekniko bat izatea zientzialari batekin, edo ostiraletako tertulia. Hor gehiago dira puntu batzuk, baina elkarrizketa nagusietan nahiko lotuak egoten dira gauzak».

«Erantzun batek beste galdera bat dakar, eta kontua ez da horretarako askatasuna daukagula: hori egin behar dugu»

MAIDER SEGUROLA Euskadi Irratiko kazetaria

Kazetari batek baino gehiagok elkarrizketa bat egiten badute —oso ohikoa da Faktoria-n—, elkarren artean ondo koordinatzeko balio du gidoiak, Segurolaren esanetan: «Zu inprobisatzen hasten bazara, gehiegi aldentzeko arriskua dago, adar batetik edo bestetik joatekoa. Orduan, normalean, elkarrizketan bloke batzuk zehazten ditugu. Gidoian galderak badaude, eta horiek baino garrantzitsuagoak dira gidoi baten azpigaiak: hitz egin nahi dugu honi buruz, besteari buruz eta gero horri buruz. Azpigai horietan, galderak egon badaude, baina ni atera naiteke gidoitik, betiere azpigai horretan ari banaiz».

Hori bai, solasaldiak berak azpigaia aldatzea eskatzen badu, aldatzen da. Solasaldiak baino gehiago, elkarrizketatuak: «Irratian gidoi bat daukagu, ildo bat, eta badakigu nondik jo nahi dugun, baina parean daukagunak gidatzen gaitu. Azkenean, erantzun batek beste galdera bat dakar, eta kontua ez da horretarako askatasuna daukagula: hori egin behar dugu».

Mikrofonoaren aurrean esaten dutena hitzez inprobisatu ez ezik, saioaren beraren egitura ere inprobisatu behar izaten dute esatariek maiz. Adibide bat eman du Segurolak: «Lehengo astean, gonbidatu bat berandu etorri zen, hogei minutu geroago. Harekin lotura zeukan abesti bat jarri genuen, bost minutukoa. Pasatu ziren bost minutu, baina ez zen iritsi, eta gero grabazio bat sartu genuen, ikusi genuelako ez zigula denbora ematen. Bera iritsi zen Bilbora, eta esan zigun behin Bilbon egonik egin nahi zuela elkarrizketa hori. Grabazioa antenan zegoen bitartean, ni beste kontrol batera joan, beste lankidearekin grabatzen hasi, ospa zuzenekora... Inprobisazioak!».

Sorkuntza

Maialen Akizuren ustez, sorkuntzak eta irudimenak asko dute inprobisaziotik: «Ez dakit posible ote den ez inprobisatzea». Bertsotan sarritan egin behar izan du, eta uste du lehenagotik bete duen biltokitik tira eginda inprobisatzen dela askotan. Nola betetzen da, ordea, biltokia? «Ez dakit inprobisazioa edo bizimodu bat den, baina antena moduko bat daukat: adi egoten naiz, begiratzen eta entzuten. Niretzat, hori plazer bat da: munduari adi egotea, harritzea tortilla handi bat ikustean...».

Horrek balio dio, bai bertsotarako, bai iritzi artikuluetarako. Hala ere, noiz inprobisatzen den, hori ere gakoa da: «Bat-batekoetan eta bakarkako ariketetan gertatzen da. Gai oso motz bat ematen dizute, eta, nola harrapatzen zaituen, alde batera edo bestera joaten zara. Daukazun horretatik sortzen den zerbait da, eta eragin handia dauka gorputzaldiak: nekatuta zauden, hilerokoa daukazun, haserretuta jaiki zaren egun horretan... Taberna batera edo bestera joateko aukera egiten duzun bezala, edo zer jantzi. Nola erabakitzen duzu zer jantzi?».

Hori bai, argi du zaila dela nork bere buruan segurtasuna izatea inprobisatu ahal izateko, eta hor patriarkatua ere gurutzatzen da: «Elkarte batean esaten dutenean ‘Bota bertsoa!’, normalean gizonak hasiko dira kantuan».

«Daukazun horretatik sortzen den zerbait da [inprobisazioa], eta eragin handia dauka gorputzaldiak: nekatuta zauden, haserretuta jaiki zaren...»

MAIALEN AKIZU Bertsolaria eta iritzigilea

«Bertsogintza ulertu izan da inprobisazio ariketen summum gisa, baina hainbeste ere ez da agian», ohartarazi du. Inpresioa du gehiago inprobisatu duela iritzi zutabeak idaztean —astelehenik ostiralera, BERRIAn—, bertsotan aritu denean baino. «Bertsotan, konturatu gabe zoaz neurriaren arabera, eta espero denaren arabera. Badakizu AHTaren kontra egin behar duzula... BERRIAn ere bai, e!», erantsi du barrez.

Inprobisazioa, beraz, bada joera bati segitzea ere. Hori hautsi daitekeela uste du Akizuk: «Ni ez naiz aditua nazioarteko politikan, baina konturatzen naiz askotan kulturetak jartzen gaituztela literaturaz, fikzioaz eta feminismoaz hitz egiteko. Harrikadak dira agian, baina, nire ustez, guk horretan ere ardura bat daukagu».

Maialen Akizu, bertsotan, artxiboko irudi batean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Maialen Akizu, bertsotan, artxiboko irudi batean. GOTZON ARANBURU / FOKU

Bertsotan eta iritziak ematen ez ezik, Etika klaseak ematen ere aritzen da Akizu; DBHko 1. eta 4. mailako ikasleen irakaslea da. Inprobisatzeko gaitasuna gutxitzen ari dela atzeman du: «Ikasle askok, idazten hasi eta bi esalditara, galdetzen dute ea ondo doazen. ‘Ezin duzu eredu bat jarri? Horrela jakingo dugu nola egin’».

Inprobisazioarentzako mehatxu handi bat adimen artifiziala da, haren ustez: «Aurreko batean, marrazki bati izenburu bat jarri behar zioten, eta, ez zekitelako uste horretan, ChatGPTri azaltzen aritu ziren marrazkia nolakoa zen. Sinisten dugu bera gu baino hobea dela inprobisatzen eta gauzak sortzen, eta ez. Hiru gehi hiru zuk baino azkarrago esango dizu, baina benetan esaten dizut baso baten ipuina benetan zuk egingo duzula hobeto. Benetan, sinistu».

Protokoloa

Asko dira Donostiako alkateak eta zinegotziek egiten dituzten agerraldiak; ekitaldi ugaritan parte hartzen dute, eta denetariko argazkietan azaltzen dira. Gune horietan egotea ez da inprobisazioaren ondorio bat, inondik inora ere. Itzaletan ibiltzen da Elene Eizmendi, dena xehe-xehe neurtzen. Den-dena: ekitaldi bateko loreen kolorea ere bai. «Inprobisazioa badago, baina oso neurtuta. Nahiko kontrolpean daukagu dena, eta kontrolatuta egon behar du beti».

Eizmendik 39 urte daramatza Donostiako Udaleko protokoloko langilea izaten. Udaletxea goitik behera ezagutzen du: alkateak eta zinegotziak joan eta etorri egiten dira, eta berak hor segitzen du. Itzalean, hori bai. «Protokoloa, etimologikoki, grezieratik dator, eta bakoitzaren lekua esan nahi du. Bakoitzak leku bat dauka, daukan karguarengatik edo den pertsonagatik. Protokoloak leku hori ordenatzen du: bakoitzari bere lekua ematen dio, eta nor zaren, zer zaren edo nondik zatozen, horren arabera zure tokia daukazu».

Hainbat agintari, Donostiako udaletxeko ekitaldi batean. Ziurrenik Elene Eizmendik esango zien non eseri. GORKA RUBIO / FOKU
Hainbat agintari, Donostiako udaletxeko ekitaldi batean. Ziurrenik Elene Eizmendik esango zien non eseri. GORKA RUBIO / FOKU

Adibidez, Donostiako alkateak Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta beste agintari batzuekin argazki bat atera behar badu, ezin da erdian egon —nahiz eta Eneko Goia askotan argazkietako altuena izan, eta irudiaren konposizioak hori eskatu—, lehendakariak lehentasuna izan behar duelako. Espainiako erregina egongo balitz, bera egongo litzateke lehendakariaren aurretik. «Bakoitzak bere lekua dauka, eta ordena berezi bat. Gerta daiteke azken orduan pertsona bat ez etortzea, eta, orduan, argazkikoak momentuan kokatu behar dituzu, korrika batean. Beste bi pertsonari esan diezaiekete argazkira batzeko. ‘Jarriko naiz hemen, izkinan’. Ez. Izkinan jartzen baldin bada, lerroaren distribuzio osoa pikutara joan zaizu».

Eizmendik dena kontrolatuta edukitzen du, baina ezin du dena aurreikusi: «Jendeak uste du gure lanean ez dakizunean zer egin inprobisatu egiten duzula, eta zoragarri. Inondik inora. Protokoloan lege oso itxi batzuk daude, arau oso itxiak. Ezin duzu ekitaldi bat edonola antolatu. Orduan, inprobisazio handia dago. Saiatu zaitezke dena kontrolatzen, baina ezinezkoa da. Beti dago azken orduko aldaketa bat, pertsona bat ez datorrela, baten ordez bi datozela... Halakoetan, erantzun azkarra eman behar duzu».

«Beti dago azken orduko aldaketa bat. Halakoetan, erantzun azkarra eman behar duzu»

ELENE EIZMENDI Donostiako Udaleko protokoloko langilea

Horregatik, inprobisazioa bere egunerokoaren parte da: «Segundo batean dena alda daiteke». Ez du ahaztuko behin Zinemaldian pasatu zitzaiona: «Behin bilera bat izan zuten, eta pertsona bat txakur batekin etorri zen. Orduan, debekatuta zegoen txakurrak instituzioetan sartzea —orain hori asko aldatu da—, eta txakurrarekin lan handia izan genuen. Norbaitek egon behar zuen beti txakurra paseatzen udaletxe inguruan, eta txandaka ibili ginen».

Nabarmendu du udal agintariek eskertzen dutela bere lana: «Haientzat ere lasaigarria da. Eskertzen dute jakitea non dauden». Hala ere, egon behar izan du inoiz bere lekua gustuko izan ez duenen batekin: «Bakoitzak bere lekua dauka, baina norbaitek esaten badizu: ‘Ez arduratu, jarri nazazu edozein lekutan’. Kontuz, kontuz! Horiek dira okerrenak. ‘Lasai, lasai, izkina batean nahikoa daukat'... Ez. Badakizu nork emango dizkizun arazoak. Profilak oso finkoak dira».

Estres une asko dituen arren, pozik dago bere lanarekin: «Beti hasten zara hutsetik: beti duzu zerbait berria esku artean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.