Idazlea eta arrazismoaren aurkako ekintzailea

Safia el Aaddam: «Inposatutako etiketa bat da migratzaileen seme-alabona»

Migratzaileen alaba izateagatik bizi duten asimilazioa ikusita, haien sustraiak defendatzea garrantzitsua dela uste du El Aaddamek. «Identitate linbo» batean bizi direla ere salatu du.

Safia El Aaddam, asteartean, Donostiako San Telmo museoan. GORKA RUBIO / FOKU
Safia El Aaddam, asteartean, Donostiako San Telmo museoan. GORKA RUBIO / FOKU
ane insausti barandiaran
Donostia
2024ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Katalunian jaio arren, migratzaileen alaba izatearen ondorioz arrazakeriari aurre egin beharko dio Lunjak, Hija de inmigrantes [Migratzaileen alaba] liburuko protagonistak. Lunja du izena, baina Safia el Aaddam izan zitekeen (Tarragona, Herrialde Katalanak, 1995), milaka pertsonak bizi izandakoaren ispilu baita. Euskal Herrian ari da liburua aurkezten; gaur, Mutrikun (Gipuzkoa) izango da, Zabiel kultur etxean.

Lunjaren istorioa da liburukoa, baina beste edozein migratzaileren alabarena izan zitekeen.

Bai, Lunjaren istorioa kontatzen du, eta kontu pertsonaletan oinarritutako istorio bat da, baina baita nire inguruko pertsonena eta urte hauetan guztietan ezagutuz joan naizen testigantzena ere. Errealitate fikzionatu bat da.

Buru osasunean jarri duzu arreta. Zergatik?

Oso gutxi hitz egiten da buru osasunaz, baina migratzaileen edo haien seme-alaben osasun mentalaz are gutxiago. Migratzaileen alabak izateagatik egoera oso konplikatuak bizi ditugu: adibidez, hezkuntza sisteman, osasun sisteman... eta gure osasun mentalean eragina dute.

Liburuaren izen bera darabilzu sare sozialetan. Zer garrantzi dauka zure sustraiak defendatzeak?

Garrantzi handia du niretzat, gogor borrokatu behar izan dugulako sustrai horiei eusteko eta haiek aldarrikatzeko. Gainera, migratzaileen alabaren etiketa hori erabiltzen dugu, inposatutako etiketa bat delako. Arrazismoa heredatuz zoaz, zure gurasoen egoera administratiboa oinordetzan hartzen duzulako. Azkenean, estatuak berak jartzen dizu etiketa hori. Adibidez, Espainian jaio bazara, ez zara automatikoki espainiarra, baldin eta zure gurasoak AIZ [atzerritarraren identifikazio zenbakia] daukaten immigranteak badira. Beraz, nik jaio bezain pronto eskatu behar izan nuen AIZ. Beraz, ni ere atzerritar bihurtu ninduten. Etiketa horrekin topo egin dut bizitza osoan, eta horrekin identifikatu behar izan dut, ez naizelako ez immigrantea eta ez hemengoa. Migratzaileen alaba naiz. 

Eta Katalunian jaio arren, etengabe galdetuko dizute: nongoa zara?

Etengabe esaten dizute atzerritarra zarela. Profil etniko-arrazialagatik, azalaren koloreagatik... Azkenean, hainbeste aldiz errepikatzen dizute, eta hainbeste aldiz topo egiten duzu eskubide murrizketekin administrazioan, asimilatu egiten baituzu. Badago gurasoen jatorrizko herrialdea sekula bisitatu ez duen jendea. Gu ez gara herrialde horretakoak ere sentitzen, ez garelako sekula bertan bizi izan. Identitate linbo batean bizi gara, etengabe.

Osabak Lunjari esaten dio ez dela eskolara joango, eta ez ikasteko amazigera, ez duelako ezertarako balio.

Barneratutako arrazismoa da, esaten dizutena sinetsi egiten baituzu azkenean. Amazigera hizkuntzari balioa kentzen zaio; beraz, osabak uste du ez duela ezertarako balio. Jarrera patriarkala ere bada, eta horri ere ikusgaitasuna eman nahi izan diot nobelan, ulertzen eta berresten dudalako patriarkatua unibertsala dela. Hemen, askotan, beste alde batera begiratzen da, herrialde jakin batzuk seinalatzen dira, bertako matxistak hemengoak baino okerragoak direla esateko, baina ez du zertan horrela izan, unibertsala baita.

Katalunian jaioa zara, eta bertan, Euskal Herrian bezala, hizkuntza gutxitu batean hitz egiten da. Jatorrizko hizkuntzarekiko lotura hobeto ulertzen da horrelakoetan?

Ikuspuntu horretatik begiratzen bada, ulertu ohi da. Uste dut konexio puntuak aurkitzeko modua dagoela, baina askotan kezkatu egiten nau... Orain, adibidez, Katalunian eskuindarrek erreproduzitu egiten dute gaztelaniarekin erabili duten diskurtso kolonial berbera. Katalana beste hizkuntza gutxitu batzuen gainetik jarri dute: amazigera, dariya, wolofera...  behartu egin nahi gaituzte hizkuntza hori erabiltzera eta ama hizkuntza erabiltzeari uztera.

Esan izan duzu orain gutxi arte deseroso sentitzen zinela zurien aurrean amazigeraz hitz egiten. Zergatik?

Hain zuzen, urte hauetan guztietan balioa kentzeagatik, edo umetatik sufritu ditugun begiradengatik, hitzezko erasoengatik edo eraso fisikoengatik. Azken finean, pixkanaka, hizkuntza horrekin deseroso sentiarazten zaituzte. Ni deseroso sentitzen nintzen, baina badaude kasu okerragoak, hizkuntza galdu dutenak hura baztertzeagatik, familiarekin hitz egin nahi ez izateagatik... Eta dena arrazoi beragatik: lotsa, beldurra, gutxiespenak...

Hainbat kanpaina bultzatu dituzu sare sozialetan. Nolatan?

Beharragatik eta inpotentziagatik sortu ziren, bizitzen ari nintzen egoera salatzeko. Adibidez, #VotarEsUnDerecho [bozkatzea eskubidea da] hauteskunde garaian sortu zen, nik ezin nuelako bozkatu; atzerritarra naiz oraindik jaio nintzen herrialdean. #Tecedounacita [Nire hitzordua utziko dizut] kanpainarekin, berriz, salatu nahi nuen sistemak desberdin tratatzen dituela migranteak, eta ezin dela atzerritarrentzako bulegoetan ordua hartu, AIZ berritzeko edo edozein tramite egiteko. Horrek sekulako ondorioak ditu migranteentzat: bankuko kontua blokeatzen dizute, lana gal dezakezu, egoera irregularrean gera zaitezke... Isatsari hozka egiten dion arraina da. Orain #ElMaterialEscolarNoEsUnPrivilegio [eskolako materiala ez da pribilegio bat] kanpaina daukagu martxan, salatzeko eskola askotan ez dizkietela bermatzen liburuak eta eskola materiala ikasleei, eta horrek desparekotasunak sortzen dituela oso gaztetatik. Gainera, desberdintasun horiengatik, eskolan porrot egiten edo eskolak uzten dituzte askok.

Nobela aurkeztera etorri zara, baina España ¿racista? liburua argitaratu duzu. Zergatik eleberritik saiakerarako jauzi hori?

Denbora askoan ikertzen eta lantzen ari naizen gaiak dira, eta, gainera, testigantza asko iritsi zaizkit. Ikusi dugu azken hilabete eta urteetan, futboleko arrazakeriagatik, arrazakeriaz hitz egiten dela komunikabideetan, baina galdetuz Espainia arrazista den edo ez. Pentsatu nuen abagunea aprobetxatzea Espainiaren historia koloniala errepasatzeko, eta kontatu ez diren gauzak kontatzeko: nola sortu den etsai bat horren ondorioz. Irakurle askok esan didate saiakera izan arren oso liburu erraza dela: erraz irakurri eta ulertzen dela. Arrazakeria definitu nahi nuen, askotan oso ideia okerra dagoelako, eta inork ez duelako uste arrazista denik.

Bizipenez hitz egin duzu, baina instituzioei dagokienez, zer falta da?

Instituzio guztietan, benetako konpromisoa eta borondate politikoa falta da arrazakeriaren aurkako borrokari dagokionez. Egunero, ez bakarrik Giza Eskubideen Munduko Egunean edo Pertsona Migratzaileen Munduko Egunean. Eta ikusgaitasuna ematea falta da beren herrietan, komunitateetan eta herrialdeetan bizi dituzten egoerei. 

LOTSABAKO

Liburu bat?
Tierra de la luz, Lucia Mbomiorena.

Erreferente bat?
Quan Zhou Wu.

Amazigerazko hitz bat?
Tanmirt, eskerrik asko esan nahi du.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.