'InpAkta': gizartearen isla arlo zientifikoan

'InpAkta' aldizkarian arlo askotako ikerlanak bilduko dituzte, gizartean duten eragina kontuan hartuta.

(ID_17023773702005) InpAkta aldizkari zientifikoaren aurkezpenean, Durangoko Azokan
'InpAkta' aldizkari zientifikoaren aurkezpena, abenduaren 10ean, Durangoko Azokan. INPAKTA
itsaso jauregi 2
2023ko abenduaren 21a
05:00
Entzun

Pandemia ondoren egindako hausnarketak ditu jatorri InpAkta zientzia aldizkariak: Inpaktu Sozialerako Ikerlanen Akta aldizkaria sortu dute hainbat eragilek (Journal of Research for Social Impact), orduan azaleratu ziren inpaktu sozial handiko gaiak modu zientifikoan jorratzeko asmoz. Ikerketak egiteko orduan, gizartearen interesa jarri dute erdigunean, inpaktu soziala duten gai zientifikoak landuko dituzte eta. Aldizkariaren 0. zenbakia 58. Durangoko Azokaren azken egunean aurkeztu zuten Ugo Mayor EHUko Ikerbasque taldeko ikertzaileak eta InpAkta aldizkariko erredaktore buruak, Miren Estensoro Deustuko Orkestrako ikertzaile seniorrak, Arantza del Pozo Vicomtech ikerketa aplikatuko zentroko Ahotsaren eta Lengoaia Naturalaren Prozesamendurako Teknologien Zuzendariak eta Iker ikerketa zentroko zuzendari Urtzi Etxeberriak.

Gizartearen eta ikerketaren munduaren arteko zubia eraiki nahi dute InpAkta aldizkariko ikerlariek. «Inpaktu sozialeko ikerketa lanak jasoko ditu aldizkariak, eta horregatik hartu ditugu aintzat Euskal Herriaren erronkak», azaldu du Estensorok. Zerrenda luze bat osatu dute proiektuko ikerlariek, Euskal Herriko erakundeek zehaztutako erronka guztiak apuntatuz, eta horien artean kokatu beharko da gaia aldizkarian argitaratu ahal izateko. Inpaktu soziala baloratzeko tresna batzuk ere sortu dituzte: ikerlariek galdera batzuk erantzun beharko dituzte, beren ikerlanak gizartean eragina izango duen edo ez erabakitzeko. 

Zientziaren eragina

InpAkta-ren jaiotza pandemia garaikoa da. Ikerlarien eta gizartearen artean zubiak eraikitzea beharrezkoa zela ikusi zuen Del Pozok, zegoen jakin-minari erantzun beharrean zeudela: «Han-hemenka ibili ginen antigenoekin eta PCR famatuekin, kutsatzeko arrisku handiena non zegoen ere eman zuten ikerlan batzuek, kutsatzeko arriskuaren eta aireztapen faltaren arteko lotura ere aztertu genuen... Orduan ikusi genuen, ikasi genuen, inpaktu soziala duten ikerketek interes handia sortzen dutela gure gizartean». InpAkta, nolabait, garai hartako esperientzietatik sortu da, ikusita «gizartearen eta ikerlarien arteko hutsune bat» zegoela.

«Ongizate orokorrekoak izan daitezkeen gaiak landu nahi ditugu», esan du Etxeberriak. Sustatzaileen ustez, inpaktu soziala bi unetan gerta liteke: ikerketa prozesuan bertan edo ikerketa prozesuaren ondoren, eta hainbat mailatan sor daiteke inpaktu hori: herritarren artean edota instituzioetan; eta hezkuntza, zaintza, kultura, osasun eta politika publikoak erabakitzen dituzten erabakiguneetan. Ikerketa lanek inpaktu soziala badute, horrek esan nahi du lurraldeko erronkei ekiteko gizarte, kultura, ingurumen edo ekonomia ekarpena egiten dutela edo egiteko potentziala dutela, Del Pozoren hitzetan.

«Zientzia gizarteratzea» da aldizkariaren beste helburuetako bat, zubi bat eratzea ikerlarien eta gizartearen artean. «Zientziak mesede handia egiten dio gizarteari, eta hori gizarteratzea garrantzitsua da; gauzak ulertzeko moduan azaltzea», esan du Etxeberriak. Ez da bakarrik zientzia gaiak gizartean jartzea, baizik eta gizartearentzat eskuragarri jartzea eta ulergarri bihurtzea. Ikerlariek gizartetik edan beharko dute ikerketa lanak egiteko, Del Pozoren ustez: «Ikertzaileak gizarteko eragile bat gara; gizarteagatik gara ikertzaile, eta gizarteari, bueltan, baliagarri zaion ikerketarekin egin nahi diogu ekarpena».

Bost ardatz

Aldizkariak bost ardatz nagusi izango ditu: natur zientziak, osasun zientziak, gizarte eta giza zientziak, lurralde antolaketa, eta teknologia. Arlo nagusi horien barneko arlo espezifikotako ikerlanak jasoko ditu aldizkariak, eta gai bakoitzean adituak diren zuzentzaileek berrikusiko dute lan bakoitza. «Jakintza arloan mapa bat egin dugu, eta gai bakoitzean adituak diren zientzialariak gonbidatu ditugu. Oso aberasgarria izan da», azaldu du Estensorok.

Ikerlari batek bere artikulua bidali, edizioburuak jaso, eta lantaldearen arduradunak zuzendu. Hori izango da hasierako bidea. Gero, idazleak lehendabiziko zuzenketak jasoko ditu, eta bigarren fasea hasiko da hor: gai horretan aditua izan daitekeen bati pasatuko diote testua, eta horrek beste bi ebaluatzaileri. Ebaluatzaileek artikulu hori irakurri eta publikatzeko modukoa den edo ez erabaki beharko dute, interesekoa den edo ez. Horren arabera berriro bidaliko diote egileari, iruzkinekin. Prozesu luze horren bidez, gizartean inpaktua izango duen edukia argitaratzea ziurtatu nahi dute ikerlariek. «Benetan aldizkari zientifikoa eta serioa izan dadin nahi dugu», esan du Etxeberriak.

Aurkeztutako zero zenbakiak hogei artikulu bildu ditu, horietatik hamazazpi ingelesez eta hiru euskaraz.  Sustatzaileen asmoa da, finantzaketa nahikoa lortuz gero, artikulu guztiak ingelesez eta euskaraz argitaratzea zenbaki bakoitzean, euskal ikertzaileei ikerketa euskaraz egiteko aukera eskainiz, ingelesaren irismenik galdu gabe. «Aldizkari hau sortzeko hazia Euskal Herrian erein da. Hemen sortutako aldizkaria da, baina ez da bakarrik hemengo gauzak bilduko dituen aldizkari bat; aldizkari honek oihartzuna izatea nahiko genuke, eta kanpoko artikuluak jasotzea», azaldu du Etxeberriak. Asmoa da ingelesez ere jasotzen diren lanak euskarara itzultzea, bi hizkuntzetan gutxienez eskaintzea.

Oraindik bide luzea du egiteko InpAkta aldizkariak. Lehendabiziko zenbakia 2025ean publikatuko dutela aurreikusi dute ikerlariek, eta 2024ko martxoaren 1ean zabalduko dute horretan parte hartzeko deialdia. Urtean bi zenbaki argitaratzea da helburua, hainbat esparrutako ikerlariek idatzitako lanekin. Azken helburua gizartean eragin handia izan dezaketen ikerlanak biltzea eta ezagutaraztea da, ikerketaren eta gizartearen arteko zubi bat eratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.