Atzekoz aurrera

«Inori ezin zaio ukatu jatekoa»

Euskal Herri osoan egin du janari bilketa Elikagaien Bankuak. Gipuzkoan bi egun hauetan jasotzen denarekin, urte osoan banatzen den janari guztiaren heren bat biltzen da.

Begoña Garde gurdian janaria sartzen, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Begoña Garde gurdian janaria sartzen, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2024ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Goiza epel dago. Bretxako azokan jendea harat-honat dabil. Begoña Gardek, erosketak egin, eta etxerako poltsaz gain beste bat ere utzi du gurdian. «Lekaleak eta atun eta sardina latak dira. Eta xaboia». Elikagaien Bankuaren bilketan bere aletxoa jarri du: «Inori ezin zaio ukatu jatekoa». Argi dauka zorionekoa izatea dela eman ahal dutenen aldean egotea: «Egoera zaurgarrian daudenengan pentsatzea dagokigu».

Munduko injustiziak ikusirik asaldatu egiten da. Donostian gertatzen ari denarekin ere kezkatuta dago. «400 lagunek egiten dute lo kalean. Izugarria da. Muturreko pobrezian bizi dira asko eta asko». Jarraian bere auzoan gertatzen ari denari egin dio erreferentzia: «Egia auzoan bizi naiz. Kaleko Afari Solidarioak egitasmoa goraipatzekoa iruditzen zait, baina auzotik bota dituzte. Immigrazioa eta pobrezia delinkuentziarekin lotzea oso arriskutsua da. Egian jada ezin dute afaririk banatu, baina arazoak hor jarraitzen du. Beste leku batera joatea ez da konponbidea».

Elkartasun ekintza

Andrea Haoshou kutxetan sailkatzen ari da jendeak gurdietan utzitakoa. Olioa, arroza, pasta, lekaleak, galletak... «Luna nire lagunarekin etorri naiz. Egoera zailean daudenei laguntzera etorri gara. Ongi sentiarazten nau». Ibaetako Elaienea ikastetxeko ikasleak dira biak, eta irakasle eta guraso talde batekin ari dira elkartasun ekintza honetan parte hartzen. Bego Gainza irakasleak azaldu du bi orduko txandak egin dituztela.

ANDREA HAOSHOU SUPERMERKATUAN SARTZEN DIRENEI POLTSAK BANATZEN.
Andrea Haoshou, supermerkatuan sartzen direnei poltsak banatzen. MAIALEN ANDRES / FOKU

Gipuzkoako Elikagai Bankuak 600.000 kilo elikagai bildu zituen iaz, eta aurten kopuru horretara iristea espero dute. Belen Mendez da elkarteko presidentea, eta egitasmo honen beharraz ohartarazi du: «Guretzat urteko ekintza inportanteena da. Bi egun hauetan jasotzen dugunarekin, urte osoan banatzen dugunaren heren bat biltzen dugu». Gipuzkoan 150 bilketa puntu ezarri dituzte, eta horietan guztietan 2.000 boluntario aritu dira ostiralean eta larunbatean. Mendezek azaldu du badaudela laguntzeko beste bide batzuk ere: «Kontu korronte bat daukagu diru ekarpena egin nahi dutenentzat. Oraintxe gerturatu zait emakume bat zenbakia eskatzera, 1.000 euro jarri nahi dituelako». Supermerkatuetan bonuak erostea da beste aukera: «Datorren aste osoan egongo da aukera bonuak erosteko. Horrek aukera emango digu behar diren produktuak erosteko».

Euskal Herri osoan egin du janari bilketa Elikagaien Bankuak. Iparraldean hiru egunez egingo dute bilketa, 90 puntutan, Tarnosetik Hendaiaraino edo Alduderaino —gaur ere arituko dira janaria biltzen—. Hegoaldean, berriz, atzo amaitu zen. Nazioarteko herrialde ugaritan jaso dute janaria jatekorik ez dutenentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.