Etxeetan oso ohikoa zen. Botika kutxa gehienetan, merkrominaren ondoan, kutxa berde eta zuria egoten zen. Barruan, pastilla borobil zuri-zuriak. Buruko mina zenuela? Aspirina. Sukarra? Aspirina. Giharretako mina? Aspirina. Duela 125 urte asmatu zuten azido azetilsalizilikoa, aspirina izenez ezagunagoa dena, eta duela hamarkada gutxi arte oinarrizko botika izan da etxeetan. Gaur egun, beste botika batzuek hartu dute haren tokia: ibuprofenoak eta parazetamolak, esaterako. Hala ere, oso baliagarri da oraindik ere beste alor batzuetan; nagusiki, gaitz kardiobaskularrak tarteko direnean.
«XX. mendeko asmakizunen artean, aspirina sekulako botika izan da, eta hala da oraindik ere», esan du Pello Iturria botikariak. Felix Hoffham kimikari eta botikari alemaniarrari egozten zaio aspirina asmatu izana, eta data ere zehazturik dago: 1887. urtea. Hala ere, botika horren asmakuntza lehenagotik dator. «XVIII. mendean, zumearen azalaren estraktuekin paziente batzuk tratatu zituzten, eta ikusi zuten sukarra jaisten zela», azaldu du botikariak. Hurrengo mendearen bukaeran lortu zuten substantzia sintetizatzea: salizina —zume zuriaren izen zientifikoa Salix alba da—.
XIX. mendean ikerketa horretan aritu ziren beste batzuk: Charles Frederic Gerhardt eta Herman Kolbe. 1897an, Hoffhamek lortu zuen azido azetilsalizilikoa sintetizatzea. «Hoffhamek ikusi zuen azido azetilsalizilikoak albo ondorio gutxiago zituela salizinak baino. Hasieran ez zioten asko sinesten, baina, azkenean, ohartu ziren baietz», kontatu du Iturriak. Bayerrek patentatu zuen botika, 1899an, eta mundu osora zabaldu zen.
Maite Aiarra medikua da, eta botika horren erabileraren aldaketak gertutik ikusi ditu. «Mina, kalentura eta hantura nahiko maiz agertzen diren sintomak dira —batez ere, mina—. Horretarako, aspirina erabiltzen genuen». Baina 125 urte asko dira, eta XX. mendearen bigarren erdialdean beste botika batzuk agertu ziren, azkenean aspirinaren lekua hartu dutenak: parazetamola eta antiinflamatorio ez-esteroideoak ibuprofenoa, kasurako. «Botika horiek albo ondorio gutxiago dituzte. Gainera, aspirinarekin albo ondorio nahiko larriak agertu ziren». Hala ere, ohartarazpena egin du: «Parazetamolak eta ibuprofenoak ere badituzte albo ondorioak; beraz, aholkatzen dugu dosi ahalik eta txikiena erabiltzea eta epe ahalik eta motzenean».
Ohiko aspirina, bazter
Haurren aspirina horregatik ez da ekoizten dagoeneko: «Preskripzioak egiten genituen umeen kalenturarako, baina orain debekatua dugu. Ikerketen arabera oso hilgarria den sindrome bat, Reyerena, lotuta zegoen prozesu birala izan bitartean aspirina hartzearekin. Fenomeno oso arraroa da, baina ondorioak oso larriak; horregatik utzi zitzaion gazteenei emateari». Beste albo kalte batzuk gaixotasun gastrointestinalak eta hemorragia dira.
Hala ere, oraindik «oso baliagarria» da aspirina. Beste gaixotasunentzat erabiltzen da. «Plaketen antiagregazioa da aspirinaren efektuetako bat. Prebentzio arloan tronbosietarako-eta erabiltzen da, baina alde txarra hemorragia arriskua da», esan du Aiarrak. Dosia eta adina zenbat eta handiagoa, kontu handiagoa izan behar da. «Hasieran, 500 miligramoko pilulak erabiltzen ziren minetarako eta kalenturarako; orain, prebentzio moduan, 100-150 miligramo erabiltzen dira, eta tratamendu bezala, infartuen kasuan, 250 miligramo».
Gaur egun, tratamendu eta prebentzio gisa erabiltzen da batzuetan. «Infartuetan, aspirina erdia ahalik eta goizen emanda, ikusi da jarraipenaren larritasuna eta hilkortasuna apaldu egiten dela, eta horretaz badago A graduko ebidentzia zientifikoa». Hemorragikoak ez diren iktusetan ere baliagarria da, eta arteria periferikoen gutxiegitasuna badago ere erabiltzen da. «Haren rol garrantzitsuena, orain, arazo kardiobaskularrei lotuta dago». Bigarren mailako prebentzio gisa, bihotzekoa edo iktusa izan ondoren aspirina hartuta apaldu egiten dira konplikazioak, hilkortasuna eta berriz gertatzeko arriskua.
Aipatutakoez gainera, bestelako erabilerak ere izan ditzake etorkizunean. Ikerketa batzuen arabera, kolon minbiziaren prebentziorako baliagarria izan daiteke aspirina, baina oraindik gehiago garatu behar dira ikerketa horiek. Alzheimerraren prebentziorako baliagarria denetz ere ikertzen ari dira.
Gutxiago bada ere, oraindik botiketan «asko» saltzen dute aspirina, Iturriak esan duenez. Gainera, aspirina mota asko daude. «Joera gehiago dugu ibuprofenoak eta halakoak saltzeko, baina egunero saltzen dugu aspirina». Errezetarik gabe saltzen denez gero, ohartarazpena egin du botikariak: «Poliki hartu behar da. Izan ere, prospektua ikaratzeko modukoa da». Dena den, ibuprofenoak ere albo ondorio asko dituela gogoratu du; haren aburuz, «antzeko ondorioak».
Aspirina berehala zabaldu zen mundu osora. «Difusio kanpaina sekulakoa izan zen», esan du Iturriak. «Oso erakargarriak ziren iragarkiak». Aspirinaren zabalpenaren gakoetako bat hori izan zen: publizitatea. Izan ere, iragarkiak ere oso garrantzitsuak dira farmaziaren munduan; hala azaldu du Erika Fernandezek: «Publizitatea kapitalismoaren elixirra bada, farmazia industria gaur egun ezagutzen dugun publizitatea sortzeko elixirra izan zen». Fernandez EHUko Publizitate Departamentuko irakaslea da.
Hasiera-hasieratik publizitate kanpaina onak egin zituen Bayer etxeak: «XX. mendearen hasieran iragarritako sendagai, edabe eta hobekuntza guztien artean nabarmendu zen». Ez hori bakarrik: «Aspirinari esker, unique sellingproposition delakoa asmatu zen, edozein sortzailerentzat giltzarri dena». Saltzeko estrategia bakarra izatea eta zer saldu behar den argi izatea, alegia. Gainera, AEBetako publizitate agentziak handitu egin ziren. «Publizitate alorrean, aspirinak buruko min asko saihestu ditu». Eragin handia izan zuen: «Publizitate kreatiboa egitetik publizitate zientifikoa egitera pasatu zen».
Publizitate kanpaina
Hasieran, atez ate aritu ziren botikaren berri ematen. Gero, ideia berritzaile bat izan zuen Bayerrek: autoak erabili zituen aspirina iragartzeko. Atzeko gurpilak aspirinaren itxura zuen. «Orain, etxetik ateratzean, pentsatzen dugu ez ditugula sakelakoa edo giltzak ahaztu behar. Ideia horrekin egin zuten kanpaina: ez ahaztu aspirina. Haien gomendioa zen aldatzeko gurpila bezala eraman behar zenuela aspirina».
Mezu motzak ere erabili zituzten, eta garai horretan ez zen batere ohikoa. Bukatu sufrimendua eta horrelako mezu zuzenek funtzionatu egin zuten. «Hori eslogan indartsua da», zehaztu du adituak. «Lehenengo claim-ak horiek izan ziren: Kodak, aspirina...». Bayer etxeak denetarik erabili zuen: kartelak, 72 metroko lehen neon argiko kartela, lehenengo telebista iragarkiak...
Logotipo aldaketak ere mesede egin zion enpresari. Bayer taldearen logotipoa munduko markarik ezagunenetako bat da. Hori ez da kasualitatea: «Logotipoaren ospean mugarri bat eta marketinaren ideia adimentsu bat izan zen logotipo berria piluletan estanpatzeko erabakia, bereziki aspirinan. 1910etik aurrera, horrek faltsutzeetatik babestu zituen enpresaren farmazia produktuak», esan du Fernandezek. Mezu askok horretan paratzen zuten azpimarra: «Hau da ona, ez hartu besterik».
Botika on bat eta publizitate kanpaina on bat. Bi osagai horiek lortu zuten aspirina bere gorenera eramatea. Dagoeneko 125 urte bete ditu, eta, erabilera aldatu bada ere, oraindik ere oso baliagarria da. Hori ez da ohikoa, Aierrak esan duenez: «Oso-oso arraroa da botika batek hainbeste urte irautea, beti agertzen baitira berriak». Nonahi ez badago ere, aspirina ez da falta medikuntzaren alorrean.
Inon ez zen falta
Duela 125 urte asmatu zen aspirina, urte luzez mina, sukarra eta hantura baretzeko erabilitako botika nagusia. Gaur egun, gaitz kardiobaskularretarako baliatzen da batez ere, eta zenbait ikerketa abian dira erabilera zabalduko delakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu