«Kazetariak obligazio profesionala eta herritarra du ustelkeria salatzeko. Edonon. Ahal duen tokian». Pepe Reiren espetxeratzeari buruzko zutabe batean idatzi zituen hitzok Javier Ortizek (Donostia, 1948-2009). Hori eta beste hamaika artikulu irakur daitezke Javier Ortiz, talento y oficio de un periodista liburuan (Foca argitaletxea). Antologia Mikel Iturriak prestatu du; hark eta Donostia Kulturak omenaldi berezi bat antolatu dute aste honetarako, Ortizen lagun eta senideekin batera, haren heriotzaren hamargarren urteurrenean. Liburua bihar aurkeztuko dute Donostian, Egiako kultur etxean, 19:00etan. Iturriarekin batera, David Fernandezek eta Garbiñe Biurrunek parte hartuko dute. «Ortizen zutabeek bere garaiko funtzio kritiko eta askea erakusten dute, baina haren balioa hedatuz», esan du Fernandezek.
Omenaldiak larunbatean jarraituko du, toki berean: 18:30ean, torturari buruz arituko dira Paco Etxeberria, Laura Pego eta Jorge del Cura, eta, 20:00etan, Jose K, torturado antzezlana ikusi ahal izango da —Ortizek 1996an Madrilen torturaren kontra eman zuen hitzaldi bat du oinarri gidoiak; kazetariak berak moldatu zuen testua—. Ortizek ezin izan zuen antzezlana inoiz taula gainean ikusi. 2012an, Pedro Casablanc aktoreak interpretatu zuen Jose K hiltzaile torturatua. Gipuzkoako hiriburuan, berriz, Ivan Hermesek eramango du oholtzara.
«Kazetaritza konpromiso etiko batekin bizi zuen profesional bati egin nahi diogu omenaldia», azaldu du Iturriak. Fernandezek eta Isaac Rosak izen bat oroitzen dute beren testuetan: Vazquez Montalban. Eta harekin parekatzen dute Ortiz. Iturriak faltan sumatzen du kazetari donostiarraren ekarria: «Oso ondo etorriko litzaiguke Ortiz gaur egungo errealitatea ulertzeko, baina, tamalez, egun ez dugu haren luma zorrotza».
«Ez du gaurkotasuna galdu»
Frankismo garaian, klandestinitatean ibili zen Ortiz. MC Mugimendu Komunistan militatu zuen, eta Frantziara erbestera joan zen. Franco hil zenean, Hego Euskal Herrira itzuli zen. «Ez nintzen frankismoaren aurka borrokatu demokrazia egon zedin, baizik eta askatasuna existi zedin». Hala idatzi zuen Ortizek 1998an. Antologiaren lehen orrialdeetan irakur daiteke aipu hori.
Liberación egunkariaren sorreran parte hartu zuen Ortizek, baina proiektuak gutxi iraun zuen. El Mundo-ren Iritzi saileko burua eta zuzendariordea izan zen, eta EAEko edizioko erredaktore burua; zutabegile gisa jarraitu zuen gero. Radio Euskadin, ETBn eta Público-n ere egin zituen kolaborazioak.
Iturriaren iritziz, Ortizen lanetan «Espainia ofizialaren B aldearen erretratua azaltzen da». Gaineratu du donostiarraren zutabeek ez dutela indarrik galdu: «Testuek ez dute gaurkotasuna galdu, eta bizi-bizi mantentzen dira; gaur bertan idatzita egongo balira bezala».
Era berean, antologiaren egileak nabarmendu du Ortizen inguruan sortu zen irakurle komunitatea: La Patera posta zerrenda 2000ko irailetik 2004ko apirilera egon zen martxan. Blogak iritsi ziren gero. «Blog komunitate txiki bat muntatu genuen Ortizen webgunean, CodeSyntax enpresaren laguntzarekin», aipatu du Iturriak. Kazetariaren ehunka testu javierortiz.net webgunean topa daitezke; horietako asko klasikoak direla iruditzen zaio Iturriari: «Oso baliagarriak dira frankismoaren azkeneko urteak, trantsizioa, felipismoa eta aznaratoa ulertzeko». Garbiñe Biurrunek ere testu haien gaurkotasuna goraipatu du: «Askotan, Ortizek duela hogei urte idatzitako zutabe batek ondo baino hobeto esplikatzen dizu gaurko kontu bat».
2005ean, Ortizek Xabier Arzalluz EAJko buruzagi historikoaren biografia idatzi zuen. Arzalluzen eta kazetariaren artean izandako solasaldi luzeen ondorio izan zen liburua. «Ortizek ez zuen inoiz kontratu bat sinatu. Jeltzalearen ahozko konpromisoa zuen; Madrilgo beste kazetari bat iritsi zen diru eta ikusgarritasun gehiago eskainiz, baina Arzalluzek Ortizi erantzun zion emandako hitza beteko zuela», oroitu du Iturriak. Hala izan zen.
Inoiz isildu ez zen kazetaria
Javier Ortizen heriotzaren hamargarren urteurrenean, haren testuen antologia bat argitaratu dute. Kazetariari omenaldi berezia egingo diote bihar eta etzi Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu