Jon Plazaola aktoreak (Urretxu, Gipuzkoa, 1982) 10 urte besterik ez zuela ezagutu zuen Negu Gorriak taldearen Lehenbiziko bala abestia. Baserri bateko familia bati gertatutako tragediari buruz hitz egiten du abestiak, eta inoiz idatzi nahiko lukeen istoriotzat dauka abestiaren letra.
Zergatik aukeratu duzu Negu Gorriak-en Lehenbiziko bala abestia?
Txikitatik, asko gustatu izan zait abesti hori: bere krudeltasunagatik. Beti eduki dut buruan letra, inoiz idatzi nahiko nukeen istorio bat kontatzen baitu. Oso istorio kontagarria iruditzen zait. Gainera, beti izan naiz taldearen jarraitzailea, baita Fermin Muguruzarena berarena ere, lan handia egin baitu euskal musikaren zuhaitzari adaxka berriak ateratzen.
Noiz entzun zenuen lehen aldiz?
Negu Gorriak-en bigarren diskoko [Gure jarrera] lehenengo abestia da. 1992an kaleratu zuten diskoa, eta Lehenbiziko bala abestia orduantxe entzun nuen lehendabizikoz, Oiartzungo Kilometroetan.
Identifikatuta sentitzen zara abestiak dioen zerbaitekin?
Bai. Ez hain modu literalean; zorionez, gure familian ez baita horrelako tragediarik gertatu. Baina egia da beste modu batera gertatu zaigula: baserri bat daukagu, amama Juanaren baserria, eta, gure aita hil zenean, gure amama handik bederatzi egunera joan zen. Beraz, alde horretatik, bai, identifikatuta sentitzen naiz abestiarekin.
Hildako asko aipatzen ditu abestiak. Ez al da drama gehiegi komiko batentzat?
Bai, baina zalea naiz. Drama baino gehiago, akzio pelikula bat bezala ikusten dut: familien arteko ezinikusiak islatzen dituena. Oso esanguratsua iruditzen zait abestiak aipatzen duen belearen mokoan behera doan odol tanta hori: horrela irudikatu dut inoiz idatzi ez dudan istorio horren hasiera.
[YouTube]https://youtu.be/43mYb40ZKHk[/YouTube]
«Karabinan sartzen det lehenbiziko bala», dio abestiak bukaeran. Zenbat bala ditu zure karabinak?
Metaforikoki, baina karabinan beti eduki behar da bala bat, bizitzaren aurrean erreakzionatzeko. Hau da, geldi ez geratzeko, nor bere bizitzaren jabe izan eta nork bere erabakiak hartzeko.
Eta norantz jaurtiko zenuke zure karabinako bala hori?
Airera ez behintzat. Finean, bala bat bizitzaren egoera jakin bati aurre egiteko modua baldin bada, airera botatzea alferrik botatzea izango litzateke. Balaren punta zerekin bustitzen dugun, hor dago gakoa. Bala hori maitasunez bustitzen bada, ondo aprobetxatu behar da: ondo apuntatu, eta maite dugun horri bota.
«Baserritik banoa inondik inora», dio abestiak. Urretxutik Sevillarainoko saltoa egin zenuen zuk. Nolako esperientzia izan zen?
Oso aberasgarria. Uste dut bidaiatzeak on egiten digula guztioi, gure errealitatea beste batekin kontrastatzeko eta gauza berriak ezagutzeko. Horrekin lotuta, badago gorroto dudan esaera bat:«Más vale malo conocido que bueno por conocer» [Ezagun txarra hobe, ezagutzen ez den ona baino]. Nik nahiago dut piszinara bota; urik ez badago, kaskarrekoa hartu, eta berriro altxatuko naiz. Eta ura baldin badago, igeri egingo dut. Askotan, ezetz esaten ez jakiteagatik, oso abentura politetan ikusi izan dut neure burua.
Umoreak badu mugarik?
Ez luke hala behar, baina nahi gabe jartzen zaizkio. Ñabarduretan geratzeko joera dugu, eta uste dut ez garela lehendabiziko bala hori norabide zuzenean jaurtitzen ari.
Gaur, Irabazi monologoa estreinatuko duzu. Nolakoak izan dira bakarkako entseguak?
Oso bereziak izaten dira. Kanpoko norbaiten iritziak asko laguntzen dit. Izan ere, entseguetan, hortxe ikusten dut neure burua: bakarrik, eta pixka bat surrealista izaten da.