Albisteak ematen jarraitzen du Tom Broadhurst Euskal Herriko Unibertsitateko eta Donostia International Physics Centerreko irakasleak. Azaroan zabaldu zen zientzialaria partaide duen nazioarteko talde batek unibertso urruneko supernoba baten hiru irudi lortu zituela. Orain, berriz, inoiz hautemandako galaxia nanorik urrunena aurkitu du taldeak;«kasualitatez» aurkitu ere, Science aldizkarian argitaraturiko artikuluan azaldu dutenez.
James Webb Space teleskopioaren bereizmen handia eta grabitazio lente ahaltsu bat erabili dute behaketa egiteko. Espazioan eta, beraz, denboran oso urrun dauden gauzak ikusteko trikimailu bat da grabitazio lentea: askoz hurbilago dagoen galaxia bat erabiltzen da lente gisa. Izan ere, galaxia bezalako masa handiko objektuek deformatu egiten dute espazio-denbora, eta deformazio hori lente gisa erabil daiteke askoz urrunago dauden gauzak handituta ikusteko.
Horri esker, unibertsoa sortu zuen Big Bang-a gertatu eta 500 milioi urtera eraturiko «galaxia txiki eta argitasun oso gutxiko» bat ikusi dute, orain arte atzemandako galaxia nanorik urrunena. Ondorioztatu dutenez, unibertsoaren hasieran galaxiak oso txikiak ziren, eta, gero, galaxia nano horiek elkartuz joan ziren, galaxia handiak osatzeraino, Esne Bidea, esaterako.
Galaxia hori Lur planetatik 13.200 milioi argi urtera dago. «Galaxia hori ez zen gure lehenengo helburua, baina, zorionez James Webb teleskopioarekin lortutako irudietan agertu zenez, erabaki genuen espektroskopia osagarriaren helburuen zerrendan sartzea», adierazi du zientzialariak. Beraz, eskura zutelako ikertu zuten galaxia, eta zer tamaina duen eta zerez osatuta dagoen aztertu zuten.
Ikusi gehiago:Unibertso urruneko supernoba baten hiru irudi lortu ditu EHUko ikertzaile baten taldeak