Inoiz baino euskarazko websail gehiago proiektatuko dituzte aurten Bilboko Seriesland jaialdian. Horien artean, slasher azpigeneroan euskaraz filmatu den aurreneko websaila estreinatuko dute, asteartean: Zure txanda da. Beldurrezko generoaren barne, saileko hiltzaile edo psikopata batek gazteak hiltzen dituzten istorioak slasher azpigeneroan sailkatuta daude, eta A Film to Kill for Bizkaiko ekoiztetxeak egin du euskarazko lehena. Rose of Dolls da Zure txanda da-ren websailaren ekoizlea eta zuzendaria, eta, haren aburuz, beldurrezko zinema klasikoaren errepasoa egingo du fikzioak. Uribarri Ganboako urtegiko Zuhatza uhartean (Arratzua-Ubarrundia, Araba) egin zituzten grabaketak. Aktoreak honako hauek dira: Irati Agirreazkuenaga, Izar Aristondo, Sofia Zallio, Iker Zarate, RastaStone Gyal, Ane Lindane, Eneritz Garcia, Jon Gaubeka, Ander Jimenez eta Saioa Uriarte. Websaila Interneten ikusteko urtarrilera arte itxaron beharko da.
Seriesland jaialdia astelehenetik aurrera egingo dute Bizkaiko hiriburuan. Euskarazko beste estreinaldi bat egingo dute jaialdian: Otsoen lurraldean websailaren bigarren denboraldia. Lan horrek makina bat sari jaso du azkeneko hilabeteetan nazioarteko jaialdietan.
Euskal Herriko ekoizpen onenaren saria lortzeko lehian izango dira, bestalde, Gutuberrak eta Puntu Koma euskarazko lanak—biak ala biak EITBren webgunean estreinatu zituzten—.
Koreako Yeosu hiria
Ohiko sariez gain, Seriesland jaialdiak zenbait sari berri emango ditu: Hego Koreako Yeosu hiriari garaikur berezia emango diote, azkeneko urteetan hiriaren irudia zabaltzeko websailen ekoizpena baliatzen ari delako. Hiriko alkate Kwon Oh-Bongek jasoko du saria, hilaren 25ean. Halaber, hiriko ordezkaritza zabal bat Bilbon izango da datorren astean. Bestalde, jaialdiak showrunner-aren irudia —telesail baten gidoilari nagusia eta ekoizle eragilea— goraipatzeko erabakia hartu du, eta aurten garaikur garrantzitsuena websail baten ekoizle-idazleari emango diote.
Jaialdiaren eskutik, bestalde, gaurtik aurrera argazki erakusketa bat jarriko dute Zazpikaleetako geltokian, metroa eta Euskotren batzen dituen geltokiaren atarian. Zortzi olana handi dira, ehun argazki baino gehiagorekin, jaialdiaren aurreko lau urteetako ospakizunekin eta gonbidatuekin. Argazkiak Jabier Etxebarriarenak eta Laurent Legerrenak dira.
Datorren astearteko galan, euskarazko bi estreinaldiez gain, honako websail hauek ikusi ahalko dira: Fehler 78 (Uruguai), Protagonistas (Argentina), La Mancebía (Espainia), Darren has a breakdown (Erresuma Bartua) eta Number of silence (Alemania).
Doako proiekzioak egingo dituzte asteazkenean eta ostegunean Multi zinema aretoetan. Eta EITBren egoitzan, telesail digitalen azoka bat egingo dute.
Inoiz baino euskarazko websail gehiago aurten Seriesland jaialdian
'Zure txanda da' beldurrezko websaila asteartean estreinatuko dute, lehiaketaz kanpo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu