Jende ugari dabil Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokako pasilloetan; energia berriztagarrien postuak, eraikuntza jasangarrienak, elikagai ekologikoenak... ikusten ari dira. Bioterra azoka egiten ari dira, hamabosgarrenez. Atzo ireki zituen ateak, eta hala izango ditu gaur-biharretan ere.
«Bioeraikuntza eta energia berriztagarriei lotutako gunea da Geobat», azaldu die Silvia Turne Ficobako prentsa arduradunak azokara iritsi berriei. Bioterrako hiru guneetako bat da hori, Naturall eta Bioterrarekin batera. Ecopaja enpresaren postua da, akaso, Geobaten arreta gehien deitzen duena; izan ere, lastozko hormak dituen eraikuntza da postua bera; hormak ukitzen ari dira batzuk, eta etxea egiteko prozesua azaltzen duen bideoari begira-begira daude, berriz, beste batzuk.
Handik hurbil dagoen Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako postuan koloreak dira nagusi: landare ugari daude, loreak eta landatzeko letxugak; haien ondoan dagoen konposta usaintzen ari da emakume bat, nola egiten den galdetzen duen bitartean.
Ikusi, ikasi eta hausnartu
Ohartzerako egin du jendeak Geobatetik Naturall pabiloirako bidea. Sartu orduko bildu dira batzuk Columna Vertebral postura: «Bizkarrezurraren azterketa egiten dugu», azaldu die Zuriñe Etxebestek, bi ohatilak seinalatuz. Lauzpabost urte daramatza Donostiako kiropraktika enpresak azokara joaten. Aurreraxeago, larruzko zapatak egiten ari da Xabier Iturrioz Garmendia, zapatari postuan. Azokan dauden 170 postuetako bat da hori. Baionako bezero batzuk agurtu berri ditu: «Botak eta sandaliak erosita zituzten aurretik; gaur zapatak erosi dituzte». Bezeroak mantentzeko eta berriren bat egiteko asmoz etorri da, Erasotik (Nafarroa).
Oinetakoenak ez ezik, arropen postuak ere badaude handik hurbil; koltxoiak, sukaldeko tresnak, xaboiak, azalerako produktuak eta bitxiak ere ez dira falta. Postu haien artean dabiltza Irune Arrieta eta haren semea; Irungoak dira, eta iritsi berriak dira: «Azoka ikusi, zerbait erosi, eta hitzaldiren batera joango gara; eta, gero, bazkaltzera».
Izan ere, jateko aukera ere bada Ficoban: janari eta edarien postu ugari daude Bioterra gunean: txokolateena, marmeladena, ardoena, ogiena, olioarena, kroketa barazkidunena... Hara joan da Justi Olaizola, nola egiten diren galdetzera. Azpeititik (Gipuzkoa) etorri da, alabarekin, haren senarrarekin eta bilobarekin; elikadura zaintzen dutela azaldu du alabak, eta aurretik ere izanak direla.
Hainbat koloretako eta neurritako gaztak daude Mas Queseros postuan: Gironatik (Herrialde Katalanak) etorri da Jordi, eta gazta mozten ari da, jendeari probatzeko emateko: «Behiaren, ardiaren eta ahuntzaren gazta dugu, baina gure berezitasuna hiru urtez ondutako Parmako gazta da». Bioterra gunean ez ezik, Bioterrazan ere bada jan-edana, bospasei postu baitaude horretarako.
Ikusteko eta produktuak erosteko postuak ez ezik, hamaika tailer eta hitzaldi ere badira Bioterra azokan; esaterako, olio esentziala nola egiten den ikasi du zenbaitek, Biobeauty gunean. Jendea bildu da Zero Waste Sukaldean hitzaldira ere; sukaldean iraunkorragoak nola izan azaldu die Maria Ballesterosek.
Ingurunea zaintzeko asmoz iritsi da Bioterra Irunera, hamabosgarrenez. Postuak ikusteko, produktuak erosteko eta proiektuak ezagutzeko aukera izango dute asteburuan ere hara doazenek.
ATZEKOZ AURRERA
Ingurunea zaintzeko azoka
Bioterra azoka abian da Irungo Ficoban, hamabosgarrenez; inguruneaz arduratutako askotariko postuak eta egitaraua ditu, eta gaur eta bihar bisitatu ahal izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu