Ingurumenarekin elkarlanean

Alaia Gaztelumendi ilustratzaileak eta Libe Sagarzazu diseinatzaileak 'Aia' bilduma sortu dute, Aiako Harrian inspiratuta. Jantziak Euskal Herrian bertan ekoiztu dituzte.

Alaia Gaztelumendi ilustratzailea eta Libe Sagarzazu diseinatzailea, Hondarribiko Kulluxka Studio Storen, Aia bilduma aurkezten. RAUL ELVIS MIHAI.
Ane Markina Auzmendi.
2021eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Belarrak, harriek, inguru hartan bizi diren animaliek eta zuhaitzek osatzen dute Aiako Harria. Horretan inspiratu dira Libe Sagarzazu diseinatzailea eta Alaia Gaztelumendi ilustratzailea Aia proiektua aurrera eramateko orduan.

Gaztelumendik ilustrazioa mihise handi batean marraztu eta digitalizatu ondoren, Bilboko estanpazio enpresa batera bidali zuten. Han ilustrazioa liho organikoaren gainean estanpatzeko prozesuari ekin, eta, azkenik, Sagarzazuk dituen hiru lantegietan Donostian, Hondarribian eta Irunen, diseinuen patroiei jarraituz, oihala moztu eta jantziak sortu dituzte.

Duela urte bat abiatu zuten Aia bilduma, 2020an, konfinamendua amaitu eta hilabetera. Uztailean aurkeztu zuten proiektua, Hondarribian (Gipuzkoa). Hasieran, ez zuten argi zer egin nahi zuten: arropa pieza bat edo bilduma oso bat. Azkenean, lau piezak osatzen duten arropa bilduma bat sortu dute, oihal organikoz egina. 3x5eko diseinuak dira, eta, oihalaren mozketa eskuz egin dutenez, pieza bakoitza ezberdina da. Diseinuen argitalpena mugatua da. Gaztelumendik dioenez, argitalpen mugatua eta eskuzko mozketa eginez, «berezitasuna eta aberastasuna» eman nahi izan diete piezei.

Proiektua Aiako Harrian inspiratuta dago. Ilustrazioan emakume bat agertzen da, naturaz inguratuta, eta bere soslaia Aiako Harriaren soslaia da. Sagarzazu Hondarribikoa da, eta Gaztelumendi Oiartzungoa, eta Aiako Harria bi herrien arteko mugan dagoelako hartu dute bildumaren abiapuntu moduan, haien jaioterriei erreferentzia egiteko.

Gainera, biek naturarekin lotura eta konpromiso «handia» dute, eta horrek ere lagundu die izena aukeratzen eta inspirazioa pizten dien lekuarekin konektatzen: «Inspiratzeko, asko jotzen dut naturako elementuetara, eta, aldi berean, Libek egiten duen materialen zaintza horrekin, naturarekin bat egiten dugu, nolabait», adierazi du Gaztelumendik.

Sagarzazuren eta Gaztelumendiren helburu nagusia da Euskal Herrian ekoiztutako produktu bat sortzea. Horretarako, produkzioaren etapa guztiak zaindu, kontrolatu, eta bilduma ahalik eta jasangarriena egiten saiatu dira. Horretarako, material naturalak eta ingurumenerako «onak» direnak erabili dituzte.

Gaztelumendik adierazi duenez, «oso pozik» daude lortutako emaitzarekin, eta abiapuntutzat hartu zituzten helburuak bete dituzte: «Helburu nagusia Asiatik ekarritako materialik ez erabiltzea zen, eta gure bilduma Euskal Herrian sortzea, eskulangileen erara».

Prozesu luzea izan da Aia bildumarena. Orotara, urte bat igaro da proiektua abiatu zutenetik. Ekoizteko prozesuan zenbait arazo ere izan dituzte, Gaztelumendik dioenez. Euskal Herrian ekoiztu nahi izatea erronka izan da, eta «oso zaila» egin zaie. Hauxe gaineratu du: «Asko babestu dugu elkar, eta erronkari aurre egin diogu. Oso polita izan da Liberekin proiektua aurrera eramatea».

Sagarzazuk Euskal Herrian dituen lantegi txikien artean, Irungoa da «bereziena». Hartan, emakumeen enplegua sustatzen laguntzen dute, gizartean baztertzeko arriskuan dauden emakumeei lana eskainiz.

Bestalde, beste sortzaile batek ere lagundu die proiektuan: Raul Mihai argazkilari eta bideogileak. Gaztelumendi eta Sagarzazu «oso eskertuak» daude hark egin duen lanarengatik. Aia bildumaren ekoizpena behatu eta islatu du, bideo eta argazkien bitartez. Gaztelumendik kolaborazioen garrantzia azpimarratu du: «Modu polita da gauza berriak egiteko, eta beste sortzaileekin batera eginiko lanek aberastasuna ematen dizute».

Sagarzazuk, lantegi txikiak edukitzeaz gain, estudio bat dauka Hondarribian, bere diseinuak saltzeko: Kulluxka Sturdio Store. Han, Aia bildumako piezak aurki daitezke. Bestela, Internet bidez erosteko aukera ere badago, www.kapen.eu webgunean. Gaztelumendik dioenez, pentsatua daukate aurrerago azokaren batean parte hartzea, jendeari Aia bilduma erosteko aukera emateko. Sagarzazuk dioenez, jendearen erantzuna «oso ona» izaten ari da: «Asko baloratzen dute diseinua, eta proiektu osoa, oro har. Oso pozik gaude jasotako erantzunarekin».

Bi mundu desberdin

Aia proiektuan ez ezik, Gaztelumendi eta Sagarzazu banakako bidea jorratzen ere aritzen dira egunerokoan. Bata ilustrazio irakasle eta margolari lanetan dabil, eta bestea diseinuak sortzen eta ekoizten.

Sagarzazuk Kapen marka abiatu zuen duela urte bat. Ez zaio askorik gustatzen moda arloa, produktuak sortzeko erabiltzen diren materialen eta giza baliabideen tratamenduagatik: «Asia aldean bidaiatzen ibili nintzen, eta orduan ikusi nuen nola funtzionatzen zuen moda arloak hemen dugun bizimodua eduki ahal izateko». Horrexegatik bururatu zitzaion bere marka sortzea, ingurumena errespetatzen duten lehengaiak erabiliz eta eskuz lan eginez.

Gaztelumendik Alaiart proiektuari ekin zion duela hiru urte. Unibertso piktoriko bat lantzen du, lerroz eta kolorez betea. Horri jarraituz, ilustratzaile moduan zenbait lan mota egiten ditu: eskulturak, mihiseak, arroparako kaligrafia lanak eta abar. Gainera, eskaera pertsonalak egin daitezke haren webgunearen bidez: www.alaiart.com.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.