Mieltxo Monfort

Ingurua, ingurukoak, ingurumena

Bilbo Hiria irratiko kazetari ezinbesteko bat hil da. 'Dragoi Bola'-ko pertsonaia batzuen eta euskaldunak gorroto zituen abade baten ahotsa izan zen Monfort, eta, hainbat egunez, sarjentu-edo, uholdeetan.

Edu Lartzanguren.
2016ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Hiriaz, gizarteaz eta naturaz kezkaturiko kazetaria hil zen atzo, Bilbon. Mieltxo Monfort Aiestaran Hernanikoa (Gipuzkoa) zen, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campuseko Komunikazio Zientzien Fakultateko lehen promozioetako kazetaria. Geroztik, lotura estua izan zuen Bizkaiko hiriburuarekin.

Erdalduna zen artean, Laura Mintegi eta Joanes Urkixo idazleekin batera Txu Txu literatura aldizkaria argitaratzeari ekin zionean, 1983. urtetik 1985era. Mintegik eta Urkixok testuak egiten zituzten, eta Monfortek ilustrazioak eta maketazioa. «Eskatu egin genion lan hori egiteko, guk ez genuelako ideiarik ere». Gero ere, Kafe Antzokiaren inguruko egitasmoetan elkartu izan da Mintegi Monfortekin. «Beti alde positiboa ikusten zuen», esan du, «huts egiten ez duten horietako bat zen».

Jabi Zabala kazetaria duela 16 urte hasi zen Bilbo Hiria irratian lanean, eta ordutik ezagutzen zuen Monfort. Izan ere, irratia 1997an sortu zen, eta Monfort hasieratik zebilen han. Goizero Bilbo Hiriak HalaBedi2 irratiarekin egiten duen Hizpidea informazio saioan buru-belarri zebilen Monfort azken boladan. Horrez gain, Bilborako Ibaizabal magazina egiten zuen, eta Arrosa Sareko Zebrabidea magazinean parte hartzen zuen, Bilboko atala eginez.

'Dragoi Bola'

Monfortek ahotsa izan zuen tresna bizitza osoan. Bikoizketa lanean ere aritu zen, K2000 ekoiztetxean, eta, besteak beste, Dragoi Bola marrazki bizidun telesaileko pertsonaiei ahotsa jartzen ibili zen bolada batez, Zabalak kontatu duenez.

Konpromiso handia zuen inguruan zuen ororekin. «Bihotzean auzo elkartean, konpartsetan eta LKIn ere ibili zen», esan du Zabalak. Borroka handia egin zuen Zazpikaleak oinezkoentzat izan zitezen. Garbiketa lanetan buru-belarri ibili zen 1983ko uholdeetan. Antimilitarista sutsua zen, baina, orduan, militar konpainia baten agintea hartu zuen, hainbat egunez, konpartsetako kideek garbiketa lanak koordinatu zituztelako. «Barrez kontatzen zuen, ez baitzen batere militarzalea». Sarjentu, beraz, bolada batez.

Lutxo Egia idazlea Monforten auzoa izan zen hiru urtez. Iturribide kalean parez pare bizi ziren. Gai sozialekin zuen kezka nabarmendu du idazleak. «Oso pertsona interesgarria zen». Halere, Egiak Euskara Jendea dokumentala grabatzeari ekin zionean, orduan hasi zen Monfortekin harremana estutzen. Izan ere, Bilboko Kafe Antzokian grabatu zituzten off-eko ahotsak, eta han denbora askotxo pasatu zuen harekin. Dokumentaleko hirugarren atalerako, Erdi Aroaz arduratzen denerako, XII. mendeko Aymeric Picaud abade turistari ahotsa jartzeko norbait behar zuten. Monfort prest agertu zen, eta haren ahotsa entzun daiteke dokumentalean, XII. mendeko nafarrak adjektibo biziz deskribatzen.

Monfort «oso metodikoa» zela esan du Egiak. «Elkarrizketak zorrotz prestatzen zituen, eta galderak asko zaintzen zituen».

«Oso azkar joan da», esan zuen atzo Iñaki Barcena EHUko irakasle eta ekintzaile ekologistak. LKIko kidea izan zen, eta garai hartatik ezagutzen zuen Monfort. Aspaldiko lagunak astelehenero elkartzen ziren irratian, ekologia gaien inguruan mikrofonoen aurrean hitz egiteko. Tokian tokiko ikuspegitik mundura aritzen ziren, ingurumena aztertzen. Baina, saioa hasi aurretik, pribatuan, beste gai batez aritzen ziren: asteburuan bildutako perretxikoez. Bi lagunek grina bera baitzuten.

Barcenak kontatu duenez, Monforten kezka nagusiak Garoñako zentral nuklearra, Zabalgarbiko errauste planta, abiadura handiko trena, Iberdrola eta energia pobrezia ziren, besteak beste. «Ikuspegi zorrotza eta kritikoa zuen, baina, era berean, beti proposatzen zituen konponbideak», gogoratu du EHUko irakasleak.

Gaur, grabazio batzuk eta Monfort ezagutu zutenen lekukotasunak aireratu eta sareratuko dituzte irratian, eta Monforten inguruko saio berezia egiteko asmoa dute.

«Agur xume bat» prestatzen ari zen atzo Xabier Monasterio idazlea, Monforten beste lagunekin batera. Besteak beste, Zenbat Gara euskaltzale elkartean aritu zen kazetariarekin lanean.«17 urte elkarrekin, eta lehen unetik izan nuen hurbilekoa». Martxoaren 15erako, Monforten omenezko ekitaldi «handiago bat» prestatuko dute, Kafe Antzokian, Monforten «etxean», Monasteriok esan duenez. Monfortek urteen poderioz «lankideak lagun» bihurtu zituela adierazi du. «Oso jende gutxik lortzen du hori, jende onak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.