Ingeniaritza humanoa

Baltistango Telis herriko etxeetarako komuna eta sukalde-berogailua diseinatu ditu Nahia Belloso ingeniaritza ikasleakBaltistan Fundazioarekin elkarlanean garatu du ikasketa bukaerako proiektua

Eskuinean, Nahia Belloso, proiektua garatzeko lanean, Baltistango Talis herrian. NAHIA BELLOSO.
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Mondragon Unibertsitatearen eta Felix Baltistan Fundazioaren arteko elkarlanak fruituak ematen jarraitzen du. Arrasateko Goi Eskola Politeknikoan egin ditu ingeniaritza ikasketak Nahia Bellosok (Iruñea, 1990). Industria Ingeniaritza diseinuan espezializatu da, eta ikasketa amaierako proiektua Baltistan Fundazioarekin elkarlanean osatu du, Pakistango Hushe bailaran. Talis herriko etxeetarako komuna eta sukalde-berogailu berriak diseinatu ditu, eta ingeniaritza kooperazioaren mesedetan jarri du. «Ingeniaritzaren alde humanoa landu nahi nuen. Makinak diseinatzearekin lotzen dugu ingeniaritza diseinua, baina horretara mugatzea hotza dela iruditzen zait. Baltiarren kultura eta bizitzeko modua ezagututa, zorte ikaragarria izan dut», azaldu du bizitakoa Bellosok.

Hushe bailaran dago Talis herria, Baltistan menditsuan, Pakistanen. 2010 eta 2011 urteetan uholdeak izan zituzten inguru hartan, eta Felix-Baltistan Fundazioa Taliseko 35 etxe berritzeko lanean ari da orain. Etxe horietarako diseinatu ditu Bellosok komuna eta sukalde-berogailua.Hamar hilabetez aritu da lanean Bilbon, Felix-Baltistan Fundazioan, eta hilabeteko egonaldia egin zuen Pakistanen. «Baltiarren higienea hobetzea genuen helburua, eta komunitateko emakumeen eskaerari erantzutea». Izan ere, emakumeek dute nekazaritzaren, umeen eta etxearen zaintzaren ardura: «Lan karga handiena emakumeek dute» .

Higienea eta osasuna bermatzeko diseinatu ditu bi proiektuak. Hushen tenperatura aldaketa handiak izaten dituzte urtarotik urtarora —udan 35 gradu izaten dituzte, eta neguan 20 gradu zeropetik—, eta aldagai hori aintzat hartuta egin du sukaldea: «Rocket berogailuan oinarritu naiz. Janaria prestatzeko eta etxea berotzeko aukera ematen du sukaldeak. Estufa horri esker, baltiek egur gutxiago garraiatu beharko dute inguruko mendietatik etxera; eta egunero arnasten duten sukaldeetako ke beltzak desagertuko dira, umeen eta emakumeen bizi itxaropena areagotuz».

Komun lehorrak gernua eta gorotza bereizten ditu. Garrantzitsua da bereizketa hori baltiarrentzat, gorotza nekazaritzarako erabiltzen duten simaurra egiteko erabiltzen baitute. Pieza bakar batekoa da komuna, eta bi zulo ditu; batetik likidoa doa eta solidoa bestetik.

Finantzaketa arazoak

Bateko eta besteko hautsak harrotzen ari da krisialdi ekonomikoa; hori dela eta, garapen bidean diren herrialdeetara bideratutako kooperazioari diru laguntzak murrizten ari zaizkio; Bellosok adierazi duenez ez du ikasketa bukaerako proiektua garatzeko behar adina finantzabiderik lortu. «Hainbat udaletxeri bidali diegu proiektua, eta Bermeokoak lagunduko du. Prest dagoen edonoren laguntza eskertuko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.