Hezkuntza eleaniztuna du ikergai Jasone Zenozek (Iruñea, 1960). EHUko Hezkuntza Zientzien Fakultateko katedraduna da, eta bigarren edo hirugarren hizkuntzen irakaskuntza du aztergai. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eta Ikerbasqueren aitortza jaso berri du, Amanda Sierra eta Marta Olazabal ikertzaileekin batera. Hungarian kongresu batean parte hartzen ari denez gero, telefonoz erantzun die galderei.
Giza eta gizarte zientziei ikusgaitasuna emateko ere balio du Ikerbasqueren aitortzak?
Hori benetan garrantzitsua da, askotan pentsatzen dugulako fisika, kimika, biologia eta halakoak bakarrik direla zientzia, baina hezkuntzan eta hizkuntzekin ere egiten da zientzia. Ni pozik nago aitortzarekin, baita ikerketa taldekoak eta fakultatekoak ere.
Zergatik geratzen dira bigarren planoan zientzia horiek?
Teknologiak eta osasunak garrantzi handia dute munduan, baina hizkuntzak eta kulturak ere oso garrantzitsuak dira. Askotan guztiz beharrezkoak dira; azken finean, gauza guztietarako bitartekari bat da hezkuntza. Metodologiak batzuetan ezberdinak dira, eta ikertzaile batzuek ez dute beren burua beste ikertzaileak bezala ikusten.
Nola egiten duzue lan? Nolakoak dira ikerketa prozesuak?
Metodologia kualitatiboa eta kuantitatiboa erabiltzen ditugu, hori orokorra da zientzian; baina materialak edo gauza fisikoak neurtzean, ez duzu gizakiaren portaera edo gaitasuna neurtzen duzunean bezala egiten. Hipotesiak, estatistikak... erabiltzen ditugu, baina parte kualitatibo handia dago, etnografia aldetik. Hala ere, gauza asko antzekoak dira: beharrezkoa da oso zehatza izatea, adibidez.
Hezkuntza eleaniztuna da zure ikergaia. Zer garrantzi du eleaniztasunak?
Oso garrantzitsua da. Duela 30 urte hasi nintzen hau ikertzen, eta, garai horretan, doktorego tesian Gipuzkoako euskaldunak eta erdaldunak alderatu nituen ingelesa ikasten. Euskaldunak elebidunak ziren; erdaldunak, ez. Emaitzen arabera, elebidunek emaitza hobeak ateratzen zituzten ingelesez. Baina, gaur egun, edozein eskolatan hizkuntza eta kultura asko daude, eta, askotan, hirugarren edo laugarren hizkuntzan ikasten dute. Garai batean, batzuek ez zuten euskaraz egiten etxean, baina gurasoak oso motibatuak zeuden, irakasleak ere bai... Toki batzuetan, orokortu egin da eredua, eta badu alde ona, baina baditu erronka batzuk ere: beste hizkuntza batzuk daude, motibazioa ez da bera... Egoera ezberdina da.
Aldaketa handiak izan dira, baina eredu berei eutsi zaie.
Ereduekin zaila da jakitea zein den irtenbidea. Gaur egun, D ereduan ikasle batzuek ez dute motibaziorik, eta kezka handia dago euskararen kalitateari buruz.
Nola heltzen ahal zaio euskararen kalitatearen gaiari?
Alde batetik, hizkuntza akademikoa beharrezkoa da dena ondo ulertzeko. Hori edozein eskolatan egiten da. Baina, gure kasuan, erabilera bultzatu behar da. Beste testuinguruetan ez da beharrezkoa, baina gurean bai.
Zer gailendu behar da hizkuntza bat ikasteko garaian? Zer da hizkuntza bat ikastea?
Hizkuntza bat ikasteak arlo asko ditu. Alde batetik, komunikatzeko oinarrizko gaitasuna izatea, baina, testuliburu bat ondo ulertzeko, beste zerbait behar da. Erronka handia da gaitasun komunikatiboa izatea maila ezberdinetan.
Lurralde guzietan daude eredu elebidunak, ezberdinak badira ere, baina balio al dute euskaraz moldatzeko?
Testuinguruari erreparatu behar zaio. Gustatuko litzaiguke dena euskaraz izatea, baina gurasoek batzuetan ez dute hori nahi, eta kontuan izan behar dugu. Gaur egun, D eredua orokortuz agian ez duzu gehiago lortuko euskararen alde. Guk ikerketetan ikusi dugu D ereduan badaudela euskara gorroto duten ikasleak. Hori Katalunian ere gertatzen da. Erronka hori lehen ez genuen, D ereduan zeudenek garbi zutelako euskaraz ikasi nahi zutela.
Zer egin daiteke egoera horretan?
Testuinguru bakoitzean ikusi beharko da. Baina uste dut guztientzat D eredua derrigorrezkoa izatea euskararen kontra doala. Jende asko kezkatuta dago euskararen kalitatearekin: ikasle batzuek euskaraz hitz egin nahi ez badute, jarrerak okertu daitezke eta arriskua dago euskaldunen motibazioa eta errendimendua okertzeko. Agian ereduak beste modu batera planteatu behar dira.
Nafarroan aurkako gisa aurkezten dituzte euskara eta ingelesa, nahiz eta eredu guztietan ikasten den ingelesa.
Planteatu da euskara edo ingelesa aukeratu behar dela, eta hori oso kaltegarria izan da. Gaur egun, ingelesa nazioarteko gauza askotarako erabiltzen da, eta ikusten dugu zenbat gurasok nahi duten beren seme-alabek ingelesez jakitea. Ezin dira kontrajarri.
Nola sartu beharko litzateke ingelesa hezkuntzan?
Ingelesari bere lekua eman behar zaio, baina ez da gure hizkuntza. Txiki-txikitatik hastea erabaki da, eta emaitzak ez dira oso onak izan. Egin daitezke ingelesez eskola batzuk, baina garrantzitsuena da zehaztea zer helburu dauden hizkuntza bakoitzean eta nora iritsi nahi den. Gaur egun, ez dira aprobetxatzen ingelesa ikasteko aukera asko: ikus-entzunezkoak, esaterako. Bestalde, kezka dago diskriminazioarekin ere: ingeles maila asko hobetu da gazteen artean, baina oso lotuta dago maila sozioekonomikoarekin. Eskola partikularrak edo egonaldiak egin dituztenek lortu dute ingelesa ikastea. Hori kezkagarria da. Aukera hori guztientzat izan behar da.
Modu berean ikasi behar dira ingelesa eta tokiko hizkuntza?
Baliabide batzuk erabil daitezke hizkuntzen artean. Askotan azaltzen da zer egitura eta elementu behar dituen idazlan batek, eta hori euskaraz modu batera egiten da, baina gaztelaniaz erabiltzen diren elementuak —agian beste irakasle batekin— ez dira guztiz berdinak, ezta ingelesez ere. Hori nahasgarria da, eta baliabideak ez dira ondo erabiltzen. Guk proposatuko genuke hizkuntza guztietan elementu berak erabiltzea, dena koordinatzea. Zientzian, hitz asko sustrai berekoak dira lantzen diren hizkuntzetan, eta azpimarratu daitezke. Eleaniztasunari zukua atera behar zaio.
PAI programa ezbaian jartzen dute askok. Zer iritzi duzu?
Askotan gertatu da kanpainak egin direla aurrera egiteko eta azkar jartzeko ingelesarekin, eta emaitzak ez dira izan beti hoberenak. Askotan arazoak egon dira irakasleen formakuntzarekin. Askotan pentsatzen da irakasleen hizkuntza maila ez dela garrantzitsua ikasle txikiekin, koloreak eta zenbakiak ikasteko, baina ez da egia. Ikasle gazteentzat, irakaslea eredu oso indartsua da. Lehen hezkuntzan eta haur hezkuntzan oso garrantzitsua da irakaslearen hizkuntza maila.
Euskaraldiak bi hizkuntzako solasaldiak sustatu zituen. Eredu hori ibil liteke hezkuntzan?
Bai, belarriprestak heztea. Batzuek ez dute euskara ikasi nahi, edo ez dute interesik; lortuko bagenu horiek euskara ulertzea, entzumena eta irakurmena, eta euskara gazte guztiekin erabiltzeko aukera bagenu, lorpen handia litzateke. A ereduan gutxi gorabehera ulertuko dute zerbait, baina motibazio txikia dute. Askori zaila egiten zaie euskaraz egitea, antsietatea sortzen die; beraz, gaztelaniaz erantzuten badute, baina euskaraz ulertzen badute, hori lorpen handia litzateke. Gainera, horrek aukera eman dezake gerora haiek mintzapraktikari heltzeko.
Ikasgeletan curriculumetik kanpoko hizkuntzak ere badaude. Zer egin daiteke horiekin?
Curriculumean sartzea zaila da. Zenbait herrialdetan batzuk sartu dituzte, baina, askotan, hizkuntza ezberdinak ditugu gela berean, eta jada hizkuntza asko ditugu curriculumean. Garrantzitsua da aitortza, eta irakasleek jakitea zein diren hizkuntza horiek. Ez dituzte ulertu behar, baina, esaterako, taulekin hiztegiak egiten ditugunean, beste zutabe bat jartzen dugu: eta zure hizkuntzan?. Biografia linguistikoak ere egin ditugu, eta irakasleak ohartzen dira zer konplexuak diren batzuetan bide horiek. Hala ere, ikerketetan denetarik ikusi dugu: batzuetan, ikasle horiek ez dute nahi, besteek bezala agertu nahi dutelako besteen aurrean. Ondo aztertu behar da, egoera eta adina ikusi...
Zein dira hezkuntza eleaniztunaren erronka nagusiak orain?
Euskararen erabilera erronka handi bat da. Baina, oro har, irakurketarekin erronka handia dugu. Gauzak azkar eta gainetik irakurtzen dira, sakelakotik... Arazoak daude ulertzeko zer eskatzen den. Matematikan ikusi dugu, batez ere bigarren hizkuntzan aritzen direnekin. Problema batek testu asko badu, arazo gehiago daude marrazkiak dituenarekin eta argiago dagoenarekin alderatuta. Hizkuntza ulertzen ez baduzu ezin duzu erantzun. Irakurketa eta hizkuntza akademikoa oso garrantzitsuak dira.
Zientzia. Jasone Zenoz. Hezkuntza Zientzietako katedraduna
«Ingelesak lekua behar du, baina ez da gure hizkuntza»
Hezkuntza eleaniztunari «zukua atera» behar zaiola uste du Zenozek, eleaniztasuna «oso garrantzitsutzat» baitu. Hizkuntzak ikastearen alde mintzatu da, eta hori modu koordinatuan eta baliabide egokiekin egiteko beharraz. Ikerbasquek aitortza egin dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu