EHUko Leioako Fakultatean (Bizkaia) kazetaritza ikasketak egin zituen lehen promoziokoa da Arantxa Irastorza (Zaldibia, Gipuzkoa, 1960). Hark jarri zien ahotsa Euskadi Irratiko lehen emankizunei gaur duela 40 urte, Julian Belokirekin batera. Urtebete barru hartuko du erretiroa.
Gogoratzen al zara gaur duela 40 urte egin zenuten lehen emankizunaz?
Egun horretara iritsi arte egiten genituen zero zenbakiak eta probak ditut gogoan. Esatari batzuk Herri Irratitik zetozen, baina beste batzuk berri-berriak ginen. Dena ikasteko genuen.
Nolakoak izan ziren lehen pauso haiek?
Ilusio handikoak. Dena genuen egiteko, euskaraz ez baitzegoen ezer ia. Batez ere, genuen ilusioa nabarmenduko nuke.
Nolako tresneria zenuten?
Dena ondo bereizita zegoen. Kontrolistak zeuden, eta gu esatari. Garai hartan, teletipoak iristen ziren paperean: ta-ta-ta... Eta guk idazteko makina handi batzuk genituen. Kopiak ateratzeko, tipula papera erabiltzen genuen. Grabatzeko, berriz, zinta bobina handi batzuk erabiltzen ziren.
Lantaldean, jendeak sinesten al zuen irrati bat euskaraz egun osoz egin zitekeenik?
Dena ez zen imajinatu bezala izango, baina dena euskaraz egitea bazen zerbait. Bidea malkartsua izan zen, baina emozioz betea. 30 langile geunden Andia kaleko egoitzan, gauzak egiteko gogo handiarekin.
Programetan aritzen zinen. Nolakoak ziren edukiak?
Nikolas Aldai eta Julian Beloki izan nituen aldamenean. Goiz giroan izeneko programa egiten genuen; goizeko ohiko magazin bat zen, askotariko elkarrizketekin. Telefonoak zabaldu, eta entzuleek parte hartzen zuten. Herriz herri ere ibiltzen ginen. Hortik aurrera, kulturaren munduan ibili naiz urte gehienetan.
Esatari berriak ere iritsi zen gero Euskadi Irratira.
Bai, eta orain zer esanik ez. Gaur egun, atzean geldituta gaude gu, eta gazteak beste era batera ohituta daude, beste erraztasun bat dute aldaketekin.
Egoitza aldaketak bizi izan zenituen: Andia kaletik Larramendi kalera, eta handik Miramonera.
Andia kalean itsasoari begira geunden. Larramendikoa ganbara batera joatea bezala zen, baina urte gutxi egin genituen han. Miramonera joatea pena izan zen hasieran: kulturako prentsaurrekoen berri ematen nuen, eta, bertatik bertara izan beharrean, Miramondik joan behar zen, gora eta behera. Denetara jartzen da bat, ordea.
Zer eman dizu eta zer kendu dizu irratiko lanak 40 urteotan?
Kendu, apartekorik ez; emateko prest nagoena eman dut. Gustura hartu nuen zerbait bizibide izan da, eta horren inguruan ibiltzeko aukera izan dut. Nire bizitzaren zati handi bat hauxe da.
Zerekin gozatu duzu gehien?
Interpretatzea gogoko dut. Antzerki pixka bat edo iragarkiak egitea tokatu denean, gozatu dut. Informazioa bera baino gehiago, komunikatzea gustatu zait. Joxe Alkain teknikariarekin gustura aritu naiz azken boladan.
Nola ikusten dituzu esatari berriak?
Oso ondo. Batzuek komunikatzeko sekulako gaitasuna dute, eta beste batzuk hobeak dira beste gauza batzuetan. Irratiaren sorreran zegoen ilusioa, ordea, ez dut ikusten.
Nola ikusten duzu irratiaren etorkizuna?
Lehengo irratiaren xarma galdu egin da pixka bat. Gazteek ez dute irratia entzuten lehen bezala, baina nahi nuke irratiak aurrera jarraitzea.
Arantxa Irastorza. Euskadi Irratiko esataria
«Informazioa baino gehiago, komunikatzea gustatu zait»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu