Bibliaren arabera, Judasek Jesukristo zilarrezko 30 txanponen truke traizionatu zuen. 2000 urte geroago, Alex de la Iglesiak deabruarekin egin du paktua, eta trukean zera eskaini die pantaila txikiko ikusleei: inoiz baino aztoramendu handiagoa.
Pandemia betean, 2020 amaieran estreinatu zen 30 Monedas telesaila. Orain, zuzendari euskal herritarra are munstro, odol eta deabrukeria gehiagorekin itzuli da bigarren denboraldiko zortzi atal berrietan. Istorioak agur esan zuen une berean berreskuratu du abiada, eta sekulako erritmoan, gainera. Metrailetak eskuan, Vatikanoko ordezkariak elkarri tiroka dabiltza, luxuzko autoen babespean. Aita Vergara, berriz, infernuko sufrikarioan harrapatuta dago, demonio ikaragarrien artean.
Eszenaratzea ikusgarria da, akzio pasarteak zorabiagarriak eta argumentua, hasierakoa baino are konplexuagoa. Deabrukeriek eta naturaz gaindiko agerpenek betiko eraldatu dute Pedraza, hustutako Espainia delakoa irudikatzen duen landa guneko Gaztelako herri txikia. Bizilagunak ospitale psikiatriko batean sartu dituzte, eta, bien bitartean, azken aldiko gertakari makabroak argitu nahian dabil Najwa Nimri, influencer edo Interneteko izar gazte baten rolean. Bera bezain inspiratuta, beste aktore gonbidatu bat: Paul Giamatti (The Truman Show, Saving Private Ryan, John Adams, Cinderella Man) Hollywoodeko izar eta komediagile ezaguna, bilau nagusiaren paperean.
Alex de la Iglesiaren proposamena bihurria eta dibertigarria da, horren erakusle Miguel Angel Silvestre protagonista baldarraren eszena komikoak eta gidoi jostaria, Jorge Guerricaechevarria ohiko bazkidearekin batera idatzitakoa. Aldi berean, ordea, telesailak lurralde izugarri ilun bat esploratzen du, mundua menperatu nahi duen eliteko gizarte sekretu baten jokamoldea. Maltzurkeria horren ispilu ezin hobea da Macarena Gomez aktore andaluziarraren interpretazio bikaina.
The Shining (Stanley Kubrick, 1980) klasikoaren sarrerako irudi eta doinuak omenduz, istorioak tritonuaren erritmora egiten du aurrera, eta hori ez da zinemagile bilbotarrak beldurrezko generoari egindako keinu bakarra. Alien, The Exorcist, The Evil Dead... kultuko filmeen erreferentziak nonahi topa litezke.
Telesailari lepora lekioke egitura narratibo jakinak gehiegitan errepikatzea eta pertsonaia protagonista batzuen garapena xahutzea, baina, egiari zor, bigarren denboraldiaren existentzia hutsa ezusteko mirari zoragarri bat da. Erroman, Parisen, Londresen, Nazcan... Alex de la Iglesia aske eta probokatzaile aritu da, ausardia handiz eta aktualitateari itsatsita. Izan ere, Errusiako ministroak, Tik Tok sare soziala, haize errotak eta energia berriztagarria ere, istorioaren parte dira.
Entretenimendu irudimentsu honetan, dena da gehiegizkoa, neurriz kanpokoa, eta horregatik maiteko dute minutu bakoitza mundu zabaleko milaka ikuslek. Sitgeseko Zinemaldian aurrestreinaldiaren lekuko izan zirenek, sutsuki txalotu zuten. Dagoeneko jakina da, 30 Monedas-ek hirugarren denboraldi bat izango du, eta harekin amaituko da. Ordura arte, mandamentua bakarra da: obeditu eta mugarik gabe gozatu.
'30 MONEDAS'
Sortzailea: Alex de la Iglesia.
Aktoreak: Eduard Fernandez, Megan Montaner, Miguel Angel Silvestre, Macarena Gomez, Paul Giamatti, Najwa Nimri.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2023.
Non ikusi: HBO Max.
Atal bakoitzaren iraupena:60 minutu.
Generoa: Thrillerra. Fantasiazkoa.
Infernua, munstroak eta Vatikanoaren plan ilunak
Alex de la Iglesiak bere ibilbideko lanik ausartena osatu du '30 Monedas' telesailaren bigarren denboraldirako. Zortzi atal berrien artean lehena bihar estreinatuko dute HBO Maxen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu