Loreak filmeko ekoizle eragilea da Aitor Arregi (Oñati, Gipuzkoa, 1977). Bi asteko epean jakingo du pelikulak aurrera egiten duen Oscar sarietarako bidean. Bitartean, Altzoko erraldoiari buruzko filmaren efektu bereziak egiteko moduek ez diote lasai lo egiten uzten. «Iratzartzen naiz».
Irakasle lanean atseden bat hartu behar izan duzu. Ikasleen faltarik sumatzen al duzu?
Azkeneko eskola duela hilabete eman nuen, eta azkar da sentsazio hori izateko. Gainera, burua beste zerbaitetan dudanez...
Ez omen dituzu oso nota handiak jartzen.
Lan praktikoak egin behar izaten dituzte nire ikasleek: 9 lan aparta da, 8 lan oso-oso ona da, 7 lan ona da eta 6 lan txukuna. Ez ditut kriston notatzarrak jarri nahi, jartzearren.
Ikasle batek gehiago ikas al dezake film on bat ikusten liburu txar bat irakurtzen baino?
Ikasle batek ikasiko du literatura ona eta txarra irakurtzen, eta zinema ona eta txarra ikusten. Ikasteko erarik ziurrena da ahal den guztia irakurtzea eta ikustea, eta almazenean dena izatea. Liburu txarretatik ere atera izan ditut gauza onak.
Egun gutxi barru jakingo duzue Loreak filmak aurrera egiten duen Oscar sarietako bidean. Oscarra jasoko bazenute, zenbate luzatuko litzateke loreen bizia zimeldu gabe?
Loreak-ek, berez, bere mailako filmek baino ibilbide luzeagoa egitea lortu du. Oscarrak mundu zabalean zarata ekarriko luke. Baina eroso sentitzen naiz pentsatuz ez garela egoera horretan izango.
Oscarren galarako non erosiko zenuke trajea? Zarautzen erosi zuen zure filmeko neskak bezala, Zarautzen?
Duda barik, Zarautzen; bai, denda oso onak daude. Horretaz gainera, koherentea izan behar dut egin genuen film laburrarekin.
Beste aukera bat andre jantzita joatea da, Nagore Aranbururen dendan soinekoa erosita.
Halako albisterik ez dudanez inoiz jaso, nork daki. James Bonden film bat bada, Never Say Never Again (Ez esan inoiz berriz).
Oscarrak sosak ekarriko lituzke. Altzoko erraldoiaren filma hiru dimentsiotan egiteko adina?
Hiru dimentsioak ez zaizkit batere gustatzen. Etorriko balitz, norbait esanez hiru dimentsiotan eginda, aurrekontua igo, bermatu eta istorioa egingo dela, ba auskalo. Aitortzen dugu Loreak filmaren oihartzunak Altzoko handiaren filmeko produkzioaren oinarriari sendotasuna ematen diola.
Noiz hasiko zarete Altzoko erraldoiaren filma grabatzen?
Dena ondo bidean, martxoaren erdialdean. Baina aldaketak izan daitezke. Udaberrian, behintzat, grabatzen izango gara.
Martxoan ere Altzoko Handia txotxongilo opera estreinatuko dute.
Irakurri dut Koldo Izagirreren liburuxka, eta polita da. Badugu gogoa obra horretako egileekin biltzeko. Eta badut gogoa obra ikusteko.
Gertutik ikusi zenituen Indiana Jonesen laugarren zatiko grabazio saioak. Nola izan zen hura?
AEBetan nintzela, jakin nuen 300 kilometrotara grabatu behar zutela. Han joan nintzen, abentura baten bila. Estren artean sartu nintzen, grabaketara gerturatzeko. Altzoko Handian ere saiatuko gara ikusleari sentiarazten bidaia batean sartzen dela, niri Indiana Jonesek sentiarazten didan bezala. Jonesi esker nago mundu honetan, txikitan sartu zidan zinemarekiko sukarragatik.
HBOko telesailez, zer diozu?
The Sopranos Biblia da; The Wire,Korana. The Sopranos-ek duen autokontzientzia kritikoa nahiko nuke ikusi hemengo telesailetan.
ETBn film gutxi ematen dituzte euskaraz. Jatorrizkoan, euskarazko azpidatziekin nahiago?
Bai, nahiago nuke horrela. Interesgarria litzateke, ikusita ETB1ek audientzia datuetan ez duela askorik galtzeko. Atzerriko hizkuntzara belarria egiten ere laguntzen du.
Badira zineman euskarazko filmak ikusteko uzkur direnak.
Aldatu da hori. Euskarazko zinema bide interesgarria egiten ari da azken urteetan. Euskarazko azken filmekin ziklo bat egin daiteke edozein jaialditan, lotsa gutxirekin.
ATZEKOZ AURRERA. Aitor Arregi Galdos. Zinemagilea
«Indiana Jonesi esker nago zinemaren munduan»
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza zientzien fakultatean atseden hartu du epe batez Arregik, Altzoko erraldoiari buruzko filma zuzentzeko. Eta 'Loreak'... zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu