Euskal literaturak eta musikagintzak erakuts lezaketen joritasunaren plaza izan da, larunbat honetan, Ziburuko (Lapurdi) 5. Euskal Liburu eta Disko Azoka. Berrogei bat argitaletxe eta diskoetxeren uztak lerrokatuz, indartuz eta arrakastaz beti eta gorako doan azoka dela begi bistakoa izan da. Eguerdiko, aitzineko urteko 500 bisitari andanaren heina gainditua zuen. Goizeko euri uharrek ez dituzte euskal kulturazaleak lotsatu.
«Eguzki denean zein eder den azoka» kantatuz abiatu du agurreko bertsoa Maddi Ane Txoperenak Zirriborroka marrazkilari eta bertsolari arteko saioan. Maddi Sarasua bertsokidearekin, Iñaki Martiarena Mattin eta Amane Apalategi marrazkilariekin jardun du. Adur Larrea irudigileak jarri ditu lanean, gai jartzaile gisa. Lehen ariketan, Ziburuko azoka 50 urteren buruan irudikatzea galdegin die bertsolari eta marrazkilariei. Eta badu irauteko mentura. Adin guzietako ehunka jende baitziren goiz erdirako Ziburuko plazan. Lapurditik, Baztandik, Gipuzkoatik, Bizkaitik, jende gaztea, adinduagoa eta haurrak elkartu dira. Pelax taldearen kontzertu laburrak plaza rock doinuz harrotu du, zaleen gozamenerako, goizetik.
Irekitze ekitaldiko karpa bete da 10:00etarako. Baltsan eta Argia antolatzaileak zendu berri diren bi sortzaileri eskaini die azoka, lehenik: Maite Idirin kantari zenari, eta Jorge Gimenez idazle, itzultzaile eta Alberdania argitaletxeko arduradun izandakoari. «Agur bero bat bidali» diete Ziburuko plazatik, bakoitzak bere arloan «egindako lan baliotsu eta apartarengatik».
Maialen Tapia antolatzaileak azokak Ziburuko plazan euskarari egiten dion tokia premiatsua dela azpimarratu du irekitzeko ekitaldian. Halakoei esker, euskararen herria bizirik dela erran du: «Herria biziko da gure mintzairaren sugarra bizi deno». Bidenabar, azokak aurtengo hautatu leloa oroitarazi du: Euskara ala ez gara.
Landart omendua
Tapiak Daniel Landarti, 5. aldiko idazleari ohore egin dio, ondotik, taula gainera gomitaturik.
78 urteko idazlearen lanak zerrendatu ditu Tapiak: kazeta desberdinetan agertu artikuluak, irratietan egin lanak, 30 kanturen hitzak, argitaratu 11 liburu, 15 antzerki idatziak eta 16 antzerki taula gainerako zuzenduak. «Zer bizi aberatsa, zenbat lan hirurogei urte horietan», goraipatu du Tapiak. «Eskerrak eman nahi dizkizugu, Daniel, euskal literaturari eman diozun uzta emankor, aberats eta baliotsuagatik».
Antolatzaileak harro agertu dira Landart bezalako «gizon umila, langilea, luma ederra eta militantea» omendurik. Jean-Pierre Sanchez ziburutarrak egin zizelkatze bat eta Pott serigrafia eskaini dizkiote opari gisa.
Landartek hitza hartu du ondotik. Omendua izateak «bozkariatzen» duela erran du. Aitortza bat ere egin du: «Dena zor diet euskara eta Euskal Herria bere osotasunean maitarazi didatenei». Frankotan kontatu duen bezala, amatxik boz goraz irakurtzen zizkion «euskarazko liburu sainduak eta Oxobiren alegiak» gogoratu ditu. Horri esker «euskara landuaren munduak beretu» zuela gehituz.
Gazte denboran ezagutu zituen euskaltzale eta abertzale «suhar» batzuk izan ditu gogoan: Jean Hiriart-Urruti «euskaraz idazten irakatsi zidana», Marzel Etxehandi «euskal liburuak aholkatu zizkidana», Xabier Elosegi iheslaria «euskal historiaz argitu ninduena», eta Jean-Louis Davant «nire maisurik garrantzitsuena». Piarres Larzabal eta Telesforo Monzon azpimarratu ditu, bestalde, baita Piarres Narbaitz, Gexan Alfaro Lantziri, Beñat Oihartzabal, Piarres Xarriton, Andolin Eguzkitza, Jon Casenave eta Ladix Arrozagarai ere.
Laudatu nahi izan ditu, halaber, idatzi dituen antzerkiak eman dituzten antzerkilariak, eta haren hitzak musikatu eta kantatu dituzten musikari eta kantariak. Euskal Kultur Erakundean iragan urteetan ezagutu bi zuzendariek utzi «oroitzapen ezinago hobea» aipatu du, azkenik.
Segitzeko, Argia astekariko kazetari Gorka Peñagarikanok galderak egin dizkie Landarti eta Arantxa Hirigoien Axut konpainiako antzerkilariari. Antzerkiak literaturan duen lekuaz, Hego eta Ipar Euskal Herriko antzerkilarien arteko zubiez, amateur eta profesionalen artekoez eta antzerkiak gizartean duen funtzioaz aritu dira, besteak beste.