Hiriburuetatik haratago, badaude ospatzeko eta dantzatzeko arrazoiak abuztuan Euskal Herri osoan. Laudion (Araba), ostegun honetan —abuztuaren 15a— hasiko dituzte jaiak. Egitaraua zabala eta askotarikoa da, eta mota guztietako ikuskizunak gozatzeko aukera izango dute herritarrek eta kanpotik joango direnek. Akaso, El Drogas eta Zetak taldeen kontzertuak izango dira Laudio jaietako ikuskizun garrantzitsuenak.
Jaiak iragartzeko pregoia abuztuaren 14an irakurriko dute Laudioko gaiteroek; asteazkenean, hain zuzen. Arloteak arduratuko dira musikarekin girotzeaz. Txupinazoa, hala ere, ostegunean izango da. 12:00etan, udaletxeko balkoitik, Itzelak kuadrillak emango die hasiera jaiei. Suziria bota eta segituan, kalejira hasiko da Arloteak, Ekin Joleak, San Roke Musika Elkartea eta Laudioko Gaiteroak taldeekin.
Abuztuaren 16a, ostirala, San Roke eguna da. Egun horretan bertan mota guztietako ekitaldiak izango dituzte herritarrek: besteak beste, crossfit-a, kalejira, familientzako gunea, herri bazkaria, erraldoi eta buruhandien ibilaldia, dantza txapelketak, antzezlanak eta kontzertuak.
El Drogas abeslariak eskainiko du kontzertu bat abuztuaren 16an, Zumalakarregi etorbidean, 23:00etan. Iruindarrak El Drogas izen bera duen taldearekin jotzen du gaur egun. Barricada punk-rock taldeko abeslaria izan zenak 30 urtetik gorako ibilbidea du musikan, eta euskal rockaren erreferentziarik handienetako bat da. Barricada 2013an desagertu zen, eta haren omenezko bira bat egin zuen 2023an, gaur egun El Drogas daukan talde berriarekin.
Abuztuaren 17an, San Rokezar egunean, Go!azen ikuskizuna egongo da gazteentzat, 18:30ean. Umeentzako parkea antolatuko dute Lamezar parkean, 16:00etatik 18:30era. Yogurinha Borovak egingo du ikuskizun bat txosnetan, 13:00etan.
Kuadrillen eguna abuztuaren 22an izango da. Kuadrillen bazkaria egingo dute Aldai plazan, Suziri jai batzordeak antolatuta. Tremenda Jauria talde madrildarrak kontzertu bat emango du 23:00etan, herriko plazan.
Zetak taldeak ere joko du Laudion. Abuztuaren 23an, ostiralean, 23:00etatik aurrera ariko dira Pello Reparaz eta bere taldekideak, Zumalakarregi etorbidean. Euskal Herriko gaur egungo talderik ospetsuenetako bat da Zetak. Azken albuma, Aaztiyen, 2023an kaleratu zuten. Gau berean, 23:30ean, Eire taldearen kontzertua izango da txosnetan.
Pirulo txou
Arreta berezia eskaintzen diote laudioarrek Pirulo Txou bertako taldeari. Abuztuaren 21ean —Berakatz eguna—, 22:00etan hasiko da herritarrek herritarrentzat egindako ekitaldi hori. Herriko plazan, laudioarrak bilduko dira komedia ikuskizuna ikusteko eta barre egiteko.
Abuztuaren 25a, Kofradiaren Eguna, Laudioko jaietako azken eguna izango da. Igande horretan, 14:00etan, Erroke Deuna kofradiaren bazkaria egingo dute institutuan. Gauerdian jaurtiko dute amaierako suziria.