Indarrean dirauten ideiak

Santurtziko Dorretxean 'Pasionaria, haren ahotsak bizirik dirau' argazki erakusketa jarri dute. Dolores Ibarruri 'Pasionaria'-ren ideiak gaur-gaurkoak direla azaldu nahi dute.

2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Dolores Ibarruri PasionariaEspainiako Alderdi Komunistako kide historikoaren bizitza eta mugimendu komunistako emakumerik ezagunenetakoaren pentsamendua laburbiltzea ez da lan erraza. Irudien bidez baldin bada ere, eginkizun hori lortu nahi du Santurtziko (Bizkaia) Dorretxe jauregian jarri duten Pasionaria, su voz sigue viva (Pasionaria, haren ahotsak bizirik dirau) argazki erakusketak. Ibarruriren memoria historikoa berreskuratzeaz gain, egungo gizartean haren ideiek eta esanek oraindik garrantzia dutela ohartarazi nahi dute.

Dolores Ibarruriren bizitzaren eta lan politikoaren erakusle diren berrogei argazki ikus daitezke erakusketan. 1988an hil zen Ibarruri, eta ordura arte izan zuen ibilbidearen testigantza dira hainbat argazkilarik hartutako argazkiak: II. Errepublikaren garaikoak, 36ko gerrakoak, erbestealdian ateratakoak edota trantsizio garaikoak. Bidegabekerien aurka etengabe borrokatu zen emakume baten bizitza ageri da erakusketako argazkietan: haren gaztaroko argazkiak; eman zituen lehen mitinetakoak; erbestean Sobietar Batasuneko agintariekin izandako harremanak...

Espainiako II. Errepublikaren urteurrena aitzakiatzat hartuta, Euskadiko Alderdi Komunistak antolatu du erakusketa. Errepublikako pertsonaia garrantzitsuenetako bat ez eze, hura defendatzen eta faxismoaren aurka egindako lana goraipatu nahi dute erakusketaren bitartez. «Dolores Ibarruriren bizitza eta ibilbidea langileen borrokaren sinbolo izan zen; berdintasun sozialaren eta askatasunaren aldeko borroka etengabea», azaldu du Jon Hernandezek, Alderdi Komunistako memoria historikoaren arduradunak.

«Konformaezina»

Alderdi Komunistaren artxibo aberats eta ugaritik egindako aukeraketa dira argazkiak. Toki faltagatik ez dituzte nahi zituzten guztiak jarri, baina jarri direnek asko esaten dute protagonistaz. Kartzela eta deserria pairatu zituen arren, beti eutsi zien hasierako ideiei, eta gaztetatik errotu zitzaizkion ezkerreko balioak defendatu zituen beti. «Ez dugu soilik haren memoria historikoa aldarrikatu nahi. Langileen aurkako kapitalismoaren eraso bortitza izaten ari gara orain, eta haren ahotsak eta mezuek gaur egun ere bizirik dirautela adierazi nahi dugu», azaldu du Hernandezek. Kapitalismoaren aurrean beste alternatibarik ez dagoela diotenei erantzunez, politika egiteko beste modu bat badagoela aldarrikatu nahi da. «Konformaezina zen, eta altenatibarik ez dagoela uste dutenen eredu da», dio Hernandezek. «Bidegabekerien aurka borrokatu zen, eta ezberdinen artean elkar ulertzeko bideak aurkitzen saiatu zen».

Meatzari familia xume batean sortu zen Dolores Ibarruri, 1895. urtean, Gallartan (Bizkaia). «Heziketarako aukerarik gabe, bere patua norbaiten emazte izatea zen orduan. Baina inguruan ikusten zuen beharrak bultzatuta, ekintza politikora egin zuen jauzi», azaldu du Hernandezek. Emakumeen eskubideen alde ere lan handia egin zuen. Egindako hautuak banaketa ekarri zion. Senarra Bilbon utzi eta Madrilera joan zen bizitzera. «Garai hartan emakume batek horrelako erabakiak hartzea pentsaezina zen, baina bera ausartu egin zen».

Maiatzaren 7ra arte dago zabalik erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.