Pixkanaka bada ere, estreinaldi berrien zerrendara batzen ari dira pandemiaren eraginpean sortu eta burututako proiektuak. Kasu hori ez da, guztiz behintzat, Ilya Naishullerren Nobody filmarena, baina pandemiaren eraginpean amaitutako lan bat da, hala eta guztiz ere. Thriller bizi bat da, eta pandemiaren goraldian amaitu zuten, iragan urtean. Martxoaren amaiera aldera estreinatu zuten AEBetan, eta, zenbait aste pasatu ondoren, Hego Euskal Herriko antzoki zein zinema aretoetan ere estreinatuko dute, ostiralean.
Bob Odenkirk antzezleak izan du protagonista pantailaratzeko ardura: Hutch Mansell deituriko gizon apal bat interpretatzen du. Gau batean, hainbat lapur haren etxera sartuko dira, eta Hutchen pertsonaiak uko egingo dio bera eta familiako gainerako kideak defendatzeari, arazoak saihestu nahian. Jarrera hori ulertu ezin, desengainatuta sentituko dira Blake eta Becca ama-semeak, eta aitarengandik urruntzen hasiko dira. Gertakari horrekin etsita, bere alderik ilunena azaleratzen hasiko da Hutch.
Kontzienteki egindako obra
Hala, indarkeriaz beteriko uneak ikusi ahal izango ditu ikusleak; eta askotan, momentu horiek puztuta daudela ere sumatuko du, zuzendariak indarkeriazko momentu horiek absurdorantz ere bideratu baititu. Hori adierazi dute, behintzat, Nobody filma ikusi eta detaile horien inguruan hausnartzeko aukera izan duten zinemazale zein adituek. Horrela mintzatu da, adibidez, adituetako bat: «Indarkeria zentzugabe eta entretenigarri bat sortzen du, eta erraz ikusten da, filmari darion ironia autokontzienteari esker».
Ez da zuzendariaren jarduna goratu duen zinemazale bakarra izan indarkeriarena aipatu duen hori. Beste hainbat ere mintzatu da proiektuaren nolakotasunen inguruan, eta, besteak beste, «dotoreziaz» eta «asmamenez» egina dagoela nabarmendu dute, eta akzio film «bizkor, sendo eta adimentsu» bat dela ere esan dute. Ezaugarri eta kontzeptu horiek guztiak nabarmentzean, baina, bada aipatu duten beste deitura bat ere: Odenkirk. Bob Odenkirk antzezlearen jarduna txalotu dute, eta une umoretsuetan duen jarrera goratu dute, batez ere.
Finean, ezaugarri asko dituenakzio film bizi bat da Nobody, indarkeriari buruzko ironian ardazten dena eta horri buruzko gogoeta ugari bultzatzen dituena. Horretan saiatu da Naishuller, eta, zinemaren industrian lan asko egin ez dituen arren, produktu gogoangarri bat utzi du aditu eta zinemazaleen artean. Martxoan estreinatu zuten AEBetan, eta orain, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan ere ikusi ahal izango da. Estreinaldia atzeratu behar izan dute, pandemiaren eraginez, baina, filma amaitu eta zenbait hilabete pasatuta, kalean da Nobody.
'NOBODY'
Zuzendaria. Ilya Naishuller.
Aktoreak. Bob Odenkirk, Aleksey Serebryakov, Connie Nielsen,Christopher Lloyd, MichaelIronside, Colin Salmon, RZA, Billy MacLellan, Araya Mengesha, Gage Munroe, Paisley Cadorath.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2021.
Iraupena. 92 minutu.
Generoa. Thrillerra, akzioa.
Datorren ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Datorren asteko estreinaldiak
Indarkeriari buruzko ironia(k)
Bob Odenkirk antzezlea da Ilya Naishullerren 'Nobody' filmeko protagonista. Akzioz beteriko ekoizpen bat da, eta ostiralean estreinatuko dute Hegoaldeko zinema aretoetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu