No one left behind: equality, freedom and justice for all: inor atzean gera ez dadin: berdintasuna, askatasuna eta justizia denondako. Lelo hori erabiliko du Idahobit (Internantional Day Against Homofobia, Bifobia, Transfobia) batzordeak aurtengo LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko. Urtero legez, bihar, maiatzaren 17an, sexu-genero disidentzien aurkako indarkeria oro salatzeko protestak eginen dira mundu osoan. Aldarri inoiz baino beharrezkoagoak, oldarraldi bortitza pairatzen baitute egun kolektibo horretakoek. Barracaseko lesbizidioa askoren ahotan izan da egunotan —-eta ez bakarra—: gizon batek hiru emakume lesbiana hil zituen eta bertze bat larri zauritu iragan maiatzaren 6an Buenos Airesen, Argentinan.
NBE Nazio Batuen Erakundeak 2005eko maiatzaren 17an ezarri zuen lehenengoz LGTBIfobia salatzeko egun propioa, baina ez zuen ausaz ezarri: izan ere, OME Osasunaren Mundu Erakundeak 1990eko egun horretan bertan kendu zuen homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik, eta horregatik hautatu zuen egun hori. Ordea, LGTBIfobiaren aurkako borroka ez zen orduan hasi, inolaz ere: ibilbidea luzea da, baita Euskal Herrian ere, eta mugarriak hainbat izan direla azaldu du Nafarroako EHGAMeko kide Kepa Yecorak.
Borroka baten mugarriak
New Yorkeko Stonewall Inn tabernan jazotako istiluak dira, ziurrenik, egungo LGTBI pertsonen eskubideen defentsaren mugarri nagusia, edo iturria, bederen. Sexu eta genero identitatea aldarrikapen politiko bilakatu zen orduan, eta hamaika talde sortu ziren han eta hemen. Euskal Herrian EHGAM eratu zuten, 1977an, Sexu Askapenerako Euskal Herriko Mugimendua. Handik urtebetera, Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko, Euskal Herriko lehen manifestazioa antolatu zuen talde horrek. Errepresioa izugarria izan zela azaldu du militanteak; ia 140 pertsona atxilotu zituzten. «Gure gorputzak aurrean jartzen genituen —-eta ditugu—, eta horrek baditu bere ondorioak», esan du Yecorak. Urte hartan bertan despenalizatu zuen homosexualitatea Espainiak, baina indarkeriak ez zuen etenik izan: «1979an Vicente Vadillo Francis erail zuten Errenterian [Gipuzkoa], eta Jesus Gaztañaga Pauen [Okzitania]».
80ko hamarkadan hasi zen militatzen Yecora: «1983an sexu berrezarpena legeztatu zuten, eta 1988an eskandalu publiko kontzeptua kendu zuten Zigor Kodetik». Halaber, azaldu du sexu askapenerako mugimendua zatikatu egin zela orduan, onerako: «Hasieran dena zen gay mugimendua, baina, gero, identitateen araberako zatiketa etorri zen; emakumeak, esaterako, EHGAMetik atera ziren, bestelako ikusgaitasuna erdietsi nahian». 1988an, Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna egin zuten lehenengoz. «Batzuek hiesa baliatu zuten gure bizimodua epaitzeko». Serofobiak errepresio handia ekarri zuela azaldu du militanteak, eta kolektiboko kideen osasun mentalari kalte «izugarria» egin ziola: «Indarkeriaren ondorioetako bat da geure burua ez maitatzea». Horrek barne homofobiari bide eman diola azaldu du Yecorak.
EHGAMeko bi kidek Iruñeko cruising esparru batean jasandako erasoa izan zen mugarri garrantzitsuenetako bat, Yecoraren aburuz: «Baina salatu egin zutelako izan zen ezaguna, besterik ez; eraso asko izaten ziren gune hartan». 1992an jazo zen, eta oihartzun handia izan zuen garai hartako gizartean; hainbeste, ezen Nafarroako Parlamentura iritsi baitzen auzia: «[Parlamentuak] Deklarazio instituzionala egin zuen ondorioz, eta LGTBIQ+ auziak eztabaidagai zituen lehena izan zen». 1995ean, Arriskutsutasunaren Legea guztiz indargabetu zen, eta, bi urteren ostean, LGTBIQ+fobiaren aurkako Espainiako Estatuko lehen manifestazio bateratua egin zuten.
Trans pertsonen aldarria
Mende hasieran, identitateek ikusgaitasun handiagoa lortu beharra zutela ikusi zuten sexu askapenerako mugimenduetan, eta transen lehen kolektiboak sortu zituzten Euskal Herrian; Kattalingorri kolektiboa ere jaio zen, besteak beste. Halaber, homofobia eta lesbofobia soziala, mediatikoa eta instituzionala salatzeko manifestazio jendetsura deitu zuten hainbat eragilek Iruñean; sexu berekoen ezkontza legeztatzeko aldarriak ere puri-purian ziren orduan: 2005ean legeztatu zituzten. Urte hartan bertan, Mikel Martin ekintzailea jipoitu zuen militar talde batek. 2009an, Nafarroako Parlamentuak lehenengo trans lege integrala jarri zuen martxan, eta 2012an Eusko Legebiltzarrak ere egin zuen berea: iragan otsailean berritu zuten azken hori legebiltzarrean. 2015ean, bifobia —pertsona bisexualen aurkako indarkeria— erantsi zioten maiatzaren 17ko aldarriei.
Halaber, Euskal Herriko sexu askapenerako zenbait kolektibo saretu ziren urte horietan, eta beste hainbat mugarri ezarri zituzten. «2017an, adostasun zabalarekin onartu zuen LGTBI lege propioa Nafarroako Parlamentuak, UPNren abstentzio eta guzti». Handik urtebetera, OMEk buruko gaitzen zerrendatik atera zuen transexualitatea, eta 2015ean, Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkartea sortu zuten. Izan ere, diskurtso transfoboak eta oro har transen aurkako indarkeria areagotu egin ziren urte horietan. Feminismoaren barruko ildo batzuk transak baztertzen hasi ziren, gainera. «2018an, Ekai Lersundi nerabe transak bere buruaz beste egin zuen; LGTBIQ+fobiak hamaika aurpegi hartzen ditu», esan du Yecorak. Bilbon 2021ean izandako erailketak ere latzak izan zirela esan du Yecorak: «Hainbat gizon homosexual eta bisexual erail zituzten Bilbon urte hartan: gaur-gaurkoz, pertsona bat dago atxiloturik».
Icebergaren punta
Berriki, Kattalingorri elkarteak salatu du hiru eraso LGTBfobo izan direla maiatzean Iruñean. Nafarroako hiriburuan, Harrotu behatokiak egiten du urteroko azterketa, baina Nafarroa osoko egoeraren diagnostikoa egiten duen tresnarik ez da, Luna Martikorena Nafarroako Berdintasun Zerbitzuko LGTBI zuzendariordeak azaldu duenez: «Estatuko datuak darabiltzagu soilik». Izan ere, parlamentuak, hainbat eragilerekin batera, Nafarroako LGTBI Behatokia sortzeko eskatu dio berriki gobernuari. «Behatokia sortzea beharrezkotzat dauka Nafarroako Berdintasun Institutuak», erran du Martikorenak. Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin, Les Bascos LGTBI elkartea arduratzen da diagnostikoaz, eta inkesta bat egiten du urtero. Mikaela Clapisson kidearen arabera, hamarretik batek bakarrik jarri zuen iaz salaketa, eta salaketen herenak epaitu zituzten soilik. Ikerketak, ordea, ez du berme ofizialik.
«Ezagutzen ditugun kasuak bortitzenak dira, baina hamar erasotik soilik bi salatzen dira».
KEPA YECORAEHGAM Nafarroako kidea
Ostera, EAEn, badira tokian tokiko diagnosiak, hala nola Gasteizko Ikusgune behatokiak egiten duena: iaz jasotako 28 gertakari LGTBIfobo erregistratu ditu berriki. Ordea, erkidego osoko datuak soilik Ertzaintzak ematen dituela azaldu du Euskal LGTBI Behatokiko kide Oskar Arroyuelok: «Gorroto delituen txostenaren barruan publikatzen dituzte, eta iturri bakarra da hori». Halaber, azaldu du bide judizialetik salatzen diren erasoak ez direla kontuan hartzen: «Ez dago informazio trukaketarik administrazioarekin». Baina delituei buruzko Ertzaintzaren azken txostenak bereziki arduratu du Arroyuelo: «Gorroto delitu gisa identifikaturiko LGTBIQ+fobia kasuen joera goranzkoa da urtetik urtera, baina aurten %31,5 egin dute behera, bat-batean». Behatokiko kideak azaldu duenez, Ertzaintzak guztiz aldatu du lan egiteko era: «Bitxia da, soilik EAEn egin baitute behera datuek; Jaurlaritzaren arabera, diskriminazioaren aurkako Zerolo Legea martxan jartzeak eragin du hori, baina ez dugu sinisten, gainerako erkidegoetan datuek gora egiten jarraitzen baitute». Dena den, Arroyuelok argi utzi du diskriminazio kasu gehienak ez direla delitu izaten. Halaber, EAEk LGTBI lege eta diskriminazioaren aurkako lege propioak behar dituela aldarrikatu du, Espainian oldarraldi erreakzionario bat izango balitz tresna propioak bermatze aldera.
«Nafarroako LGTBI Behatokia sortzea beharrezkotzat dauka Nafarroako Berdintasun Institutuak».
LUNA MARTIKORENANABIko LGTBI zuzendariordea
Era berean, Yecorak azpimarratu du eraso gehienak ez direla salatzen: «Ezagutzen ditugunak bortitzenak dira, baina soilik hamar erasotik bi salatzen dira». Datuak, beraz, ez dira errealitatearen isla. Horren atzean hainbat arrazoi egon daitezkeela gaineratu du: «Izan daiteke Poliziarenganako konfiantza faltagatik edota homofobia barneratuarengatik; askok pentsatzen dute merezia dutela indarkeria». Izan ere, Yecoraren esanetan, presentzia poliziala areagotzeak ez du ezer konponduko. Bertze askok, ordea, ez dute salatzen, beren identitatea ezkutuan izatearren: «Armairua homofobia da, indarkeria mota bat; gure izaera ukatzen duen kartzela erraldoi bat, finean». Orobat, esan du «armairu guztiak» apurtutakoan etorriko dela benetako eraldaketa.
«LGTBI politikak eta politika feministak bermatzeko, inbertsio publikoa behar da, baita pedagogia feminista bat hedatzea ere».
IÑI ETXEZARRETAEihera kooperatibako kidea
Hain zuzen ere, eraldaketa feminista eta LGTBI prozesuak diseinatzen ditu Eihera kolektiboak. Iñi Etxezarreta kidearen arabera, azken urteetan kolektiboak izan duen oldarraldiari eta oro har LGTBIfobiari aurre egiteko, beharrezkoa da baliabide eraginkorrak sustatzea: «LGTBI politikak eta politika feministak bermatzeko, inbertsio publikoa behar da, baita pedagogia feminista bat hedatzea ere». Halaber, azpimarratu du esku hartze konkretuak diseinatu behar direla heteroaraua mugatzeko: «Aniztasuna ondo dago, baina ez da aldarrikapen bat, errealitate propio bat da; hau ez da aniztasun kontua, arauak eragiten duen indarkeriari mugak jartzea baizik». Euskal Herriko hiriburu guztietan eginen dituzte elkarretaratzeak bihar, baita zenbait herritan ere, orotariko talde eta eragileek deiturik. «Transmaribibollook antolatzea beharrezkoa da», esan du Kepa Yecorak.