Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, eta komunikabide ugarik emankizun bereziak eskainiko dituzte. Aldi berean, EITBk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako ekitaldian, 500 neska-mutikok baino gehiagok Denok zu kantua abestu zuten atzo Donostian. Indarkeria matxista salatzeko eta biktimei babesa adierazteko abestu eta dantza egin zuten kanta, festa giroan, Go!azen telesaileko aktore protagonistekin batera. Aldundiaren eskutik sortu dute Denok zu kanta, eta horrekin gaztetxoen kontzientzia piztu nahi dute musikaren eta sare sozialen bidez. Iker Lauroba musikariak konposatu du abestia.
Kanpainak haurren eta nerabeen heziketan eragiten duela adierazi du Miren Elgarresta Gipuzkoako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoko zuzendariak: «Hezkidetza da indarkeria matxista bukatzeko balio estrategikoa, eta berdintasunaren bidean ezinbesteko zaigun osagaia». Ekitaldian parte hartu zuten ikasleek foru aldundiaren bi opari jaso zituzten: kanpainaren eskumuturreko lila eta Go!azen-en diskoa.
ETB2 kateak, bestalde, Excluidas del paraíso dokumentala emango du gaur, 09:30ean. Patriarkatuaren eredua errepikatzeko eta iraunarazteko dauden mekanismoak identifikatu eta azaltzen ditu lan horrek. Horretarako, hainbat pentsalari feministaren hitzak tartekatzen dituzte: Ana de Miguel, Ochy Curiel, Pablo Llamas, Remedios Zafra, Rosa Cobo, Soledad Murillo eta Yayo Herrero.
Bilbo Hiria irratia zuzenean
Euskal Herriko irratiek ere landuko dute indarkeria matxistaren gaia. Bilbo Hiria irratiak, esate baterako, Azaroak 25 plazatik zuzeneko saio berezi bat egingo du gaur, 12:00etatik 14:00etara. Beldur Barik programaz mintzatuko dira, batetik. Irantzu Fernandez Rodriguezek nerabeen maitasun bizipenen inguruko doktore tesia egin du, eta gai horren inguruan hitz egingo du saioan. Steilas sindikatuko Ana Perezek hezkuntzan indarkeria matxista nola lantzen den azalduko du. Bilboko Udaleko Berdintasun zinegotzi Itziar Urtasun, EHUko irakasle Maria Gonzalez Gorosarri eta Euskal Herriko mugimendu feministako bi kide ere gonbidatuko dituzte. Internet bidez ere entzun ahalko da saioa.
La2 kateko La noche temática saioan, Arenas de silencio eta Rotas dokumentalak emango dituzte gaur, 23:55ean. Aurrenekoan, Asiako eta Amerikako sexu esplotazio eta emakume trafikoaren mundua jaso du Chelo Alvarez-Stehle zinemagileak. Bigarrenean, Luis Lorentek bi emakumeren adiskidetasun, min eta itxaropen istorio bat kontatzen du. Kate berean Voces contra el silencio dokumentala izango da ikusgai asteartean Documentos TV saioan.
Indarkeria matxistaren aurka, aho batez kantuan
500 haurrek baino gehiagok 'Denok zu' kantua abestu dute. ETB2k 'Excluidas del paraíso' dokumentala emango du gaur goizean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu