Aurrez hutsik zeuden kaleak bete egin dira txupinazoa entzuteko eta inauteriek dakarten jai giroan murgiltzeko gogoz dagoen jendez. Kolore biziz jantzi dute herriko plaza, Tolosara bildu direnek, eta hala egingo dute datozen egunetan ere. Bost egunez inauterien hiriburu izango da Gipuzkoako udalerria.
Jaia ostegun gizenarekin hasi arren, igandea eta astelehena dira inauterietako egun nagusiak Tolosan. Bi egun horietan, Zaldunitan eta Astelenitan, ateratzen dituzte kalera hainbat astean aurrez prestatutako karrozak.
Baina Tolosan ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere gogoz ospatzen dituzte inauteriak. Laudion (Araba), esaterako, Leziagako sorgina bihurtzen da jaietako protagonista. Aurten, baina, aurreko urteetan erre beharrean haren omenezko dantza egingo dute. Igandean ere hainbat tokitan ospatuko dituzte inauteriak, besteak beste, Mundakan (Bizkaia), Zalduondon (Araba) eta Lesakan (Nafarroa).
Baina Euskal Herriko mugak zeharkatzen dituen ohitura da inauteena. Adibidez, joaldunak aurki daitezke Europako luze-zabalean: Mamuthones deitzen dira Sardinian, Zamarraco Espainian, Survakar Bulgarian, Ta Grdi eta Kurent Eslovenian...